Eli Txapartegi

Leake Street Arches, “Londresko grafitien tunela”

Waterlooko metro geltokiaren azpian, Londresen, hiriko arte-galeria berezi bat dago. Leake Street Arches da, “Londresko grafitien tunela” izenez ezaguna. ‘Banksy Tunnel’ ere deitzen diote batzuek, gaur egun artistaren lanik ez dagoen arren.

Une batean, Londresko kultura alternatiboaren topagune bihurtu zen askorentzat. (Athanasios Gioumpasis  | Getty Images)
Une batean, Londresko kultura alternatiboaren topagune bihurtu zen askorentzat. (Athanasios Gioumpasis | Getty Images)

Ggrafitien tunel honetako obrak iragankorrak dira, etengabe aldatzen doazelako. Jabe ezagunik gabeko mihise handi bat bezalakoa da, bere artea islatu nahi duenarentzat beti eskuragarri dagoena. 2008an du abiapuntua ekimen koloretsuak, Banksyk aspaldi kotxetegi gisa erabilitako tunel ilun eta hezea aukeratu zuenean Cans jaialdiko agertoki gisa. Helburua zen 300 metro luzeko tunel abandonatua «biziaraztea».

Waterlooko metro-geltokiaren azpian dago Leake Street Arches arte-galeria berezia. (Matt Cardy | Getty Images)

Bertako paretetako artea iheskorra da, bisitariak gaur ikusten duena agian ez duelako bihar aurkituko. (Matt Cardy | Getty Images)

Horretarako, mundu osoko 39 artista gonbidatu zituen tunelaren paretetan beren arrastoa uztera grafiti, horma irudi eta mota guztietako adierazpen artistikoen bidez. Baldintza bakarra zen: beste artisten lanak ez estaltzea.

Etengabe aldatzen ari den lur azpiko galeria da. (Athanasios Gioumpasis | Getty Images)

Leake Street Archeko parapetan, obra berri batek beste bat desagerrarazten du. (Matt Cardy | Getty Images)

Deialdiari erantzunez, asko izan ziren Waterloo geltokiaren lur azpiko mundura jaitsi ziren gonbidatuak. Harrezkero, arte galeria erakargarri bihurtu zen mundu osoko kaleko artistentzat.

Leake Street Archeko paretetako artea iheskorra izateak badu eraginik bisitarien artean, gaur ikusten duena agian ez duelako bihar aurkituko. Hau da, obra berri batek beste bat desagerrarazten du, eta, beraz, bisita bakoitza aurrekoaren desberdina izaten da beti.

Urteak aurrera egin ahala, ekimenaren filosofia ere, margolanak bezala, aldatuz joan da. (Christopher Wilson | Getty Images)

Nolanahi ere, tunel luzea ez da kaleko arte galeria hutsa, ekitaldi ugaritako agertoki bilakatu baita: erakusketak, kontzertuak, jaialdiak, errezitalak, antzerkia... Horregatik, askorentzat Londresko kultura alternatiboaren topagune bihurtu da. Eta, horren ondorioz, bisitarien kopurua aprobetxatuz, inguruan ugaritu egin dira aisialdirako guneak.

Dena dela, hasieratik ezagutzen dutenen arabera, tunela jadanik ez da hastapenetakoa, urteak aurrera egin ahala, ekimenaren filosofia ere, margolanak bezala, aldatzen joan delako.