Ordaindu beharreko albiste batean sartu zara eta zure kontu pertsonaleko klik bat kontsumitu duzu.
Urtzi Urrutikoetxea
Guernesey, Mantxako kanaleko irla denei begira
Ingalaterra, Normandia eta Bretainiaren artean kokatuta, hiruretatik zertxobait baina erabat britainiar subiranotasunaren menpe, uharte berezi bezain interesgarriak daude. Guernesey (Guernési bertako hizkuntzan) da horietako gehienak biltzen dituen eskualdeko garrantzitsuena, eta besteak ezagutzeko ataria.
Castle Breakwater itsasargia, St Peter Port-en, Herm eta Jethou irlak atzean dituela. (Delphine Poggianti | Getty Images)
Duela 55 urte naziek uhartea okupatu zutenean baino askoz gutxiago entzuten da egun guerneseyera, uharteko berezko normandieraren aldaera, frantsesetik gertukoa
Sarritan gertatzen den bezala, Mantxako kanaleko uharteek bi izen dituzte, izendatzen dituenaren arabera: ingelesez Channel Islands edo Kanaleko uharteak diren artean, Frantziatik begiratuta Irla Anglo-normandiarrak dira (Euskaltzaindiak bata zein bestea onartzen du). Azken horrek lekuaren tradizio bikoitza adierazten du, eta lur hartu eta berehala ageri da hori: britainiarren modura bolantea eskuinean daukate, eta etxalde eta cottage batzuek ingeles dotoreziaren adierazle dira, baina lekuko izen guztiek egungo frantsesarekiko hurbiltasuna ageri dute toponimia normandiarrean.
Guernesey bailiazgo izeneko lurralde baten irla nagusia da (Bailwick ingelesez, bailiage frantsesez), Jersey ez beste irla guztiak biltzen ditu administrazio autonomoak. Uharteok ez dira Erresuma Batuaren parte, baina era berean Koroa britainiarraren dependentzia dira. Bailiazgoko zati dira Herm, Sark eta Alderney uharte txikiagoak ere. Guerneseyk bere dirua inprimatzen du eta bere gobernua dauka, betiere oso lotuta Erresuma Batuarekin (libera esterlinak ere erabil daitezke, noski).
Herm irlako hondartza eta moila. (Urtzi URRUTIKOETXEA)
Uhartean dauden cottage etxalde dotoreetako bat. Asko nekazaritza-turismora egokituta daude. (Urtzi URRUTIKOETXEA)
Saint Peter Port dauka izena Guernseyko hiriburu ikusgarriak. Aireportutik bertara goazela, Aleman Okupazioaren Museoak arreta eman digu: uharte hauek II. Mundu Gerran nazien menpe jausi ziren britainiar lurralde bakarrak izan zirela gogorarazteko, ‘The Guernsey Literary and Potato Peel Pie Society’ filmak (Guernseyko Literatura eta atata azalezko pasterlaren elkartea, Netflixen ikusgai) okupazioaren sasoi hori istorio eder batean jaso zuen 2018an.
Nazi okupazioa zer izan zen hobeto jakin nahi duenak badu bisitatu beharreko beste leku bat ere: German Military Underground Hospital. Lurpean eraiki zuten ospitalea okupatzaileek. Tunel luze bat eraiki zuten horretarako, eta egun hura egin zuten esklabo-langileei omen egiten die.
Little Chapel. (Getty Images)
Hemendik oso hurbil irlara bisitari mordoa erakartzen dituen beste txoko bitxi bat dago: Little Chapel, 1914an eraikia Les Vauxbelets inguruan Lourdesko elizaren erreplika txiki bezala, distira berezia ematen dion zeramikaz, hartxintxar eta itsas maskorrez. Inguruan etxalde eder ugari daude, horietako batzuk nekazaritza turismora egokituta.
GUERNESEIERA
Hala, hiriko goialdeko aldirietaraino iritsi gara. Victoria Tower erraldoi altxatzen da, Candie hilerriaren atzean, eta goraino igo daiteke ikuspegi hobea izateko. Beherantz eginda, Old Government House behinolako gobernu eraikina, egun hotel dotore bihurtua, St Peter Port gainean dago.
Kostaldea tarte batez utzita, L’Islet kanpoaldean Oatlands Village dago. Garai bateko Guernesey irudikatzen duen etxeak eta lanabesak daude. Leku oso atsegina da paseatzeko, saltoki eta arte galeria bihurtutako txokoetan
Duela 55 urte naziek uhartea okupatu zutenean baino askoz gutxiago entzuten da egun guerneseyera, uharteko berezko normandieraren aldaera, frantsesetik gertukoa. Hura dakitenen eta ikasten ari direnentzat ikastaroak eta topaketak antolatu ohi dira. Gainerakoan, Dix-Neuf jatetxeak kontinentetik datorren kutsu frantsesari eusten dio. Hiriko txokorik ederrenetakoan dago, Market Street eta High Street galtzadarrizko oinezko kaleak lotzen dituen kalexka baten amaieran (Commercial Arcade). Lehenak 1822ko saltoki dotorea dauka mutur batean, eta Town Church eliza protestantean bat egiten du High Street-ekin. The Pollet bihurtuta jarraitzen du, etxepeetatik portura iristen da.
St Peter Port. (Getty Images)
Dix-neuf taberna, non frantses giroa eta bertako sukaldaritza uztartzen diren. (Urtzi URRUTIKOETXEA)
Uharteko itzulia egiteko ipar-ekialderantz abiatuta, 600 urte dituen Vale gaztelua altxatzen da itsaso gainean. Aurrerago, geroxeago bisitatuko dugun Herm irla ageri da, baita, urrunago, Jethou eta Sark uharteak ere (egun aski izanez gero, Sark-era egun pasa edo, are hobeto, gau bat bertan ematea eta bizikletaz bertako txokoak ezagutzea zoragarria da). Aurrerago, trikuharri bat baino gehiago dago inguruko zelaietan, Pembroke edo L’Ancresse badiaren inguruan; Les Fouaillages edo haren aldameneko La plate mare esaterako.
HAREATZAK ETA GOTORLEKUAK
The Bridge-tik ekialdera begira, egunsentirako leku paregabea da. Gainerakoan, kostaldea Martello Towers izeneko gotorleku militarrez josita dago, XVIII. mende amaieran Frantziaren balizko inbasio bati aurre egiteko. Ikusgarriena ziurrenik Rousse Tower da, ez dorreagatik berez, Chouet eta Ladies Bay igarota eta L’Islet-en sartuta bidearen amaieraraino jarraitutako bistarengatik baizik. Grand Havre badian txalupen amarralekuak eta itsaskien kaia dago.
Fort Grey, Guerneseyko mendebaldean, non naufragioaren museoa dagoen. (Urtzi URRUTIKOETXEA)
Kostaldea tarte batez utzita, L’Islet kanpoaldean Oatlands Village dago. Garai bateko Guernesey irudikatzen duen etxeak eta lanabesak daude. Leku oso atsegina da paseatzeko, saltoki eta arte galeria bihurtutako txokoetan.
Beste kala eder batzuk daude mendebaldera begira. Harea doratuzko hondartza bikainak daude ipar-mendebalderantz egin ahala. Cobo da ziurrenik Guerneseyko hondartzarik ikusgarrienetakoa. Vazon Bay-n, berriz, Fort Houmet berrituta dago, eta, badiako ikuspegi txundigarriaz gain, bunker eraberritua bisitatu daiteke. Bista zoragarriak hartu ahal izango dituzu.
Kostaldetik hiribururantz hurbilduta, merezi du La Vallette-en geratzea. Mareekin sortutako igerilekua hiriburuaren kanpoaldean dago Fort Georgeren magalean
Guerneseyren ingerada osatzeko, hegoalderantz oso hareatza luzea dago. Mantxako kanaleko lurralde gehienen antzera, oso biziak dira bazterrotako mareak. Itsasgoran irla bihurtzen den dorreak naufragioari buruzko museoa hartzen du. Itsasbeheran, berriz, haitzak ageri ditu. Batera zein bestera, oinezko pasabidea dauka bertara iristeko. Kostaldetik hiribururantz hurbilduta, merezi du La Vallette-en geratzea. Mareekin sortutako igerilekua hiriburuaren kanpoaldean dago Fort Georgeren magalean.
High Street, hiriburuko erdigunea. (Urtzi URRUTIKOETXEA)
Guernesey uharte nagusiaren inguruan dauden irla txikietako bat. Herm edo Sark oinez edo bizikletaz bisitatu behar dira. (Uwe Moser | Getty Images)
HERM-EN XARMA
St. Peter Port-era heltzen garenerako, portuak bestelako itxura bat dauka itsasbeherarekin. Ontziak hondarretan ageri dira itsasbeheran itsasoa erretiratzen denean, pareko Normandian eta Bretainian gertatu ohi den gisan.
Herm-era doan ferrya hartzeko unea da. Hiriburuko gotorleku handiaren beste ikuspegi bat ematen du badiatik urruntzen garenean. Itsasaldi laburra da irla txikira iristeko. Bertan, dozena erdi auto egongo dira gehienez ere. Hala, oinez egin dugu irlako itzulia, iparretik Mouisonniere hondartzara iritsita eta Pierre aux Rats dorrean ekialdeko kostara doan bidea hartuta.
Guerneseyko hiriburua, St Peter Port, portutik ikusita. (Uwe Moser | Getty Images)
Itzulerako ontzia ez galtzeko mugikorrera begiratu dugu, zein ordu den jakiteko. Bostak eta erdiak dakar, ontzia abiatzen den ordua, eta oraindik 20 bat minutuko bidea daukagu. Estututa azkartu dugu pausoa, non berandutu zaigun asmatu ezinik. Shell Beach hondartza ederrean izozkia hartzeko geratu garenean? Aldapan gora goaz, cottage dotoreak daude erabateko patxada nahi duten turistentzat, eta St. Tugual Chapel, baita Seagull kanpalekua ere. Akatsa ez dela gurea ohartu gara: kontinentetik hain hurbil egonik, Frantziako ordua ageri du telefonoak, artxipelagoan britainiar ordutegia darabilten arren. Zorionez, ordubete daukagu oraindik Hermen ibiltzeko, Guerneseyra itzuli aurretik. Arratsean, bizi-bizi dago St Peter Port, eta ez da bertan afaltzeko txokorik falta.