Ane Iparragirre

Zugaztieta, meatzaritza industrialaren hastapenetara bidaia

Trapagaranen, itsas mailatik 398 metrora, Triano eta Galdames mendien hegaletan, hortxe dago Zugaztieta, meatzaritza industrialaren sorlekua, gaur egun aisialdirako espazio lasai eta atsegina bihurtu dena.

Bisitan zehar goialdetik ikus daitekeen paisaia. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)
Bisitan zehar goialdetik ikus daitekeen paisaia. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Leku berezia da Zugaztieta hainbat arrazoirengatik, baina, batez ere, bertaratzen den bisitaria meatzeen iragan interesgarria arakatzera gonbidatzen duelako eta, bide batez, Sestaoko Labe Garaiak lehengaiz hornitzen zituzten ustiategi zaharren artean aire zabalean paseatzera. Halaber, Larreineta eta antzinako meatze gunea komunikatzen jarraitzen duen funikularraren xarmaz gozatzeko eta bailara ikuspegi pribilegiatutik ikusteko aukera izango du.

Zugaztietaraino igotzeko hainbat aukera daude, baina, zalantzarik gabe, funikularra da erakargarriena eta, lehen aldiz hurbiltzen direnen artean, erabiliena.

Sestaoko Labe Garaiak lehengaiz hornitzen zituzten ustiategi zaharren artean aire zabalean paseatzera gonbidatzen du Zugaztietak. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)
FUNIKULARRAREN MENDEURRENA

Aldapa handiak gainditzeko diseinatutako trenbidea da. 1926ko irailaren 25ean inauguratu zen, meatzaritzako salgaiak -kamioiak eta autobusak barne- Trapagarango goialdeen eta haranaren artean garraiatzeko. Kilometro bat dago Larreineta eta Zugaztieta artean. Gaur egun, zenbait jolastoki, kirol instalazio, behatoki natural ikusgarri bat eta Peñas Negras Ingurumenaren Interpretazio Zentroa daude. Bisita abiatu aurretik komeni da zentroan geldialdia egitea eta ibilbideen aukera zabalaz informazio zehatza jasotzea, ingurune naturalaz ahalik gehien gozatzeko zein iraganeko meatze ustiapenaren aztarnak bertatik bertara ezagutu ahal izateko.

Zehazki, Peñas Negras guneak ikusgai ditu meategien ustiapenaren ondorioz Zugaztieta auzoko paisaiak izan zuen eraldaketa grafikoki erakusten duten argazkiak. Meatzaldearen erraiak zeharkatzen dituzten dozenaka ibilbide daude egoki seinaleztatuta, bisitariak gehien interesatzen zaiona aukera dezan.

Nestor Bazterretxearen artelana. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Bestalde, kale estu eta txikiz osatutako auzoan, meatze garaiko zurezko etxe batzuk kontserbatzen dira oraindik, latorrizko lehen barrakoien ondoren altxatutako etxeak. Hasierakoak «kuartelak» ziren, meatzeen jabe eta ustiatzaile dirudunek eraikiak. Bertan meatzariak baldintza penagarrietan pilatzen ziren, lanegun amaigabe gogorren ondoren, soldata hutsaren truke.

Zutik dirauten kolore deigarriko eraikinek Zugaztietaren jatorria gogorarazten dute gaur egun. Auzoa 1877an sortu zen, meategietan lan egiteko jaioterriak utzi zituzten milaka pertsona hartzeko. Une batean 5.000 biztanle izatera iritsi zen auzoa.

Zugaztegietako panoramika. (Getty Images)

Kaleen artean, harrizulatzaileak omentzen ditu eskultura batek, eta ondoko etxeak gogora ekartzen ditu meatzeetako langileek lan baldintzak hobetzeko egindako grebak, horien artean, 1890eko Greba Handia. Euskal historiako lehen greba orokorra izan zen. Eta, zenbaitzuen ustez, baita Euskal Herrian langile mugimenduaren hasiera ere.

Lareineta funikularra 1926an inaguruatu zen meatzaritzako salgaiak –kamioiak eta autobusak barne– Trapagarango goialdeen eta haranaren artean garraiatzeko. (Getty Images)
MEATZALDEA GOIKOA

Baina, meatze aztarnak, aintzira artifizialak eta berdeguneak ez ezik, artea ere badago Zugaztietan. Izan ere, Meatzaldea Goikoa izenez ezagutzen den aire zabaleko eskultura multzo batek zenbait euskal eskultorek burdinaz eta harriz egindako artelanak biltzen ditu. Beraz, esan liteke auzoak baduela aire zabaleko museo propioa ere.

Zugaztietak, horrenbestez, badu zer ikusi eta zertaz gozatu, baina, hala ere, paseoa luzatzeko denbora duenak Burdinaren Ibilbideak eskainitako beste bi geldiune gehi diezazkioke hasierako planari: Gallartako Meatzaritza Museoa eta Muskizko El Pobal Burdinola.

Langileen koloretako etxe bat. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)
MEATZARITZA MUSEOA ETA EL POBAL

Meatzaritzaren Museoan, hiltegi zahar batean kokatua, meatzeetan erabilitako tresnak eta erremintak, barrenak, bagonetak, pisuak eta urtetik urtera handitzen doan bilduma interesgarria osatzen duten beste hamaika elementu daude. Minerala garraiatzen zuen aireko tranbiaren hondarrak ere ikus daitezke. Horrez gain, meatzaritza ardatz duen margolan, agiri, argazki eta dokumentazio bilduma interesgarria ere jasota dago Gallartako museoan.

Zugaztegietan ikus daiteleen eskulturetako bat. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Eta El Pobalera hurbiltzen denak, berriz, Bizkaiko burdinolarik kontserbatuenarekin liluratzeko parada izango du; Fabrika hidraulikoa da, zeinean burdina minerala lantzen zen metal bihurtzeko eta, ondoren, era guztietako erremintak (golde hesiak, mailuak, aitzurrak, usakumeak...) zein etxean erabiltzeko tresnak egiteko.

Burdinolak (ikaztegiak, tailerra eta sutegia), presak eta piloiak eta mailuak mugiarazten zituzten ubideak osatzen dute egun multzo hidraulikoa.

Hori bai, Zugaztieta benetan ezagutzeko edozein ibilbideren amaieran ezin da inolaz ere falta babarrun plater bat. Tradizio bihurtu da Bizkaiko mendebaldeko muturrean, pikotx eta pala kolpez zizelkatutako eskualdean.