Ane IPARRAGIRRE (Getty Images)

Pompidou, bost urtez itxita, eraberrituta berpizteko

Pompidou Zentroak, Parisko arte garaikidearen tenpluak, irailean itxiko ditu ateak, baina ez behin betiko. Bost urtez luzatuko den behin-behineko atsedenaldia izango da, zaharberritze prozesu luze baten ondoren aurpegi berrituaz bisitariak berriro hartzen hasteko. Zehazki, amiantoa kentzeko eta eraikuntza eraberritzeko prozesu sakon bat egingo da, 262 milioi euroko kostua izango duena. Aurreikuspenak betetzen badira, 2030ean irekiko ditu berriz ere ateak.

Renzo Pianok eta Richard Rogersek 1977an diseinatutako eraikin ikonikoak bost urte barru zabalduko ditu berriz ateak zaharberritze lanak bukatu ondoren. (Richard BORD | Getty Images)
Renzo Pianok eta Richard Rogersek 1977an diseinatutako eraikin ikonikoak bost urte barru zabalduko ditu berriz ateak zaharberritze lanak bukatu ondoren. (Richard BORD | Getty Images)

Zaharberritze lanak hasi aurretik, Renzo Pianok eta Richard Rogersek 1977an diseinatutako eraikin ikonikoak kultur jardueraz beteriko programa batekin ospatu du bere bilduma iraunkorraren behin-behineko itxiera, 12.000 metro karratutan banatutako 2.000 lanek osatua. Zentroan, guztira, 150.000 pieza daude; beraz, munduko funtsik handienetakoa da, New Yorkeko MoMAren parekoa.

Bilduma iraunkorra publikoari ixtea izan zen zentroaren pixkanakako itxieraren lehen fasea. Diseinatutako plana zen museoko maisulanak kamioietan kargatzea, hiriburuko kanpoaldeko hainbat biltegitan aldi baterako gordetzeko. Eraikinetik ateratzeko, horietako batzuk, hala nola Anselm Kiefer-en instalazio handia, fatxadako kanpoko beira batzuk altxatu egin behar izan dituzte.

Bilduma iraunkorra publikoari ixtea izan zen zentroaren pixkanakako itxieraren lehen fasea. (Richard BORD | Getty Images)

Dena dela, zentroko zuzendaritzak ziurtatu du bertako harribitxiek artea maite dutenentzat eskuragarri izaten jarraituko dutela datozen urteetan; izan ere, horietako asko Metz, Malaga, Shanghai eta Bruselan Pompidouk dituen zentroetara eramango dituzte. Gainera, mailegu akordioak sinatu dituzte museoko arduradunek Estatu Batuetako, Australiako, Japoniako eta Europako hainbat herrialdetako beste erakunde batzuekin.

LOUVREN, IKUSGAI

Bestalde, Parisen ere geratuko dira zenbait pieza. Adibidez, iazko Parisko Joko Olinpikoetarako erabat berritu zen Grand Palaisen ikusi ahal izango dira. Louvrek ere ikusgai izango ditu 2026ko urrian zabalduko duen ‘Objektuak edo objektuen istorioak’ erakusketan.

Louvrek ere ikusgai izango ditu 2026ko urrian zabalduko duen ‘Objektuak edo objektuen istorioak’ erakusketan

Horiez gain, Monetaren Etxeak eta Parisko Filarmonikoak ere aukera eskainiko dute Pompidouko artelanak ikusteko aldi baterako zenbait erakusketaren bidez. Gainera, Frantziako beste hiri batzuetako museoekin ere akordioak lortu dituzte, hala nola Lyon, Lille, Tulon eta Auxerrekoekin.

Pompidou zentroa oso ondo komunikatuta dago hirian. (Richard BORD | Getty Images)

Zentroko piezak, 150.000 –munduko funtsik handienetakoa da, New Yorkeko MoMAren parekoa– hainbat museotan sakabanatu dituzte, zaharberritze lanak egin bitartean. (Richard BORD | Getty Images)

1977an inauguratu bezain laster, museo eta liburutegi ez ezik, Pariseko kultura topagune ere bihurtu zen Pompidou zentroa. (Richard BORD | Getty Images)

Bilduma iraunkorra itxi zen Informazio Liburutegi Publikoaren atzetik, astebetera. Liburutegiak dokumentuen funts handia eskaintzen du 10.400 metro karratutan. Datozen urteetan ezingo dira artxiboak kontsultatu Pompidoun, baina bai, ordea, Laumière eraikinean, abuztuaren 25etik aurrera.

Georges Pompidou presidentearen enkargu pertsonala izan zen zentroa. Berak, hala ere, ez zuen aukerarik izan eraikina bukatuta ikusteko. 1977an inauguratu bezain laster, museo eta liburutegi ez ezik, Parisko kultura topagune ere bihurtu zen. Zentroaren arrakastaren datu adierazgarria: pandemiaren aurretik lau milioi bisitari inguru zituen, batez beste.