Roge Blasco (Argazkiak: Angel Aguirrek utzitakoak)
Elkarrizketa
Angel Aguirre

«Ez duzu urrun joan beharrik abentura zirraragarri bat bizitzeko»

Angel, Botniako golkoa gurutzatzen, Suediatik Finlandiara. (Angel Agirrek utzitakoa)
Angel, Botniako golkoa gurutzatzen, Suediatik Finlandiara. (Angel Agirrek utzitakoa)

Angel Aguirre (Igualada, Bartzelona, 1966) globo-pilotu profesionala da. Planetako lekurik sinesgaitzen gainean hegan egin du; besteak beste, zenbait mendi –Kilimanjaro, Aconcagua, Mendi Harritsuak eta Dolomitak mendikatea– eta Perito Moreno glaziarra, Uyuniko gatzaga eta Laponia bezalako leku bereziak. Bere ontzitxotik Amazonaseko oihana ikusi du, baita batzuetan zuhaitzen adaburuetan zintzilik geratu ere.

Eguzki-eklipse osoaren fenomenoa behatzeko, globoz igo zen Svalbard uharte gainera, Norvegiako artikoan, eta beste behin Cordoban (Argentina).

Gordon Bennet globo aerostatikoen lasterketan. (Angel Agirrek utzitakoa)

Bost aldiz izan da Espainiako txapeldun aerostazioan, Anulfo Gonzalezekin batera irabazi zuen 2014ko America’s Challengea, Estatu Batuetako gas globoen lehiaketarik garrantzitsuena. Distantzia luzeko gas-globoen munduko txapelketaren bederatzi ediziotan parte hartu du, Europa erdia zeharkatuz 80 orduz baino gehiagoz hegan eginez. Bere aireko azken abentura Ifach haitzetik aireratzea izan zen, Alacanteko kostaldean, 100 kilometro eginda Eivissan lurreratuz.

Gordon Bennet globo aerostatikoen lasterketan. (Angel Agirrek utzitakoa)
Nola iritsi zinen globo aerostatikoko pilotu izatera?

Gorputz Hezkuntza ikasten ari nintzen Lleidako unibertsitatean. 1987an beste hiru lagunekin paperik gabeko Land Rover zahar bat erosi eta Malira joan ginen Fatimaren Eskua eskalatzera. Burkina Fason saldu genuen autoa.

Bidaiatzeko, eskalatzeko eta bibak egiteko grina genuen. Handik itzulitakoan, argi genuen abenturatik bizi nahi genuela. Miquel Mesenguek eta biok Kon-Tiki kirol eta abentura enpresa sortu genuen 1988an. Hainbat hegaldi mota probatu genituen; delta hegala eta parapentea, besteak beste. Poster-egutegi bat genuen puxika baten irudiarekin eta geure buruari galdetu genion: Zergatik ez dugu globoan hegan egiten?

«Lehen hegaldia egin genuen eta une horretan bertan ‘engantxatu’ ginen»

Josep Maria Lladoren Ultramagic globo-fabrika bisitatu genuen Igualadan. Lehen hegaldia egin genuen eta une horretan bertan ‘engantxatu’ ginen. Bidaia globoan espezializatu ginen, gure ustez benetako abentura dena.

Gas-globoan aireratzen. (Angel Agirrek utzitakoa)
Nola ausartu zineten paisaia konplexu eta ikusgarrietan airetik esplorazioak egitera?

Ezohiko hegaldiak egiten hasi ginen, Pirinioetan eta Marokon. Gehiago nahi genuen, globoan hegan egiteko modu guztiak arakatu, erronka berriak bilatu inoiz hegan egin ez zen lekuetan.

Imajinatu genuen zein harrigarria izan beharko lukeen Amazonia gainean hegan egiteak. Esaten ziguten ezinezkoa zela oihan lodian lur hartzea, baina gu prest geunden erronka horretarako.

Hiru globo txikirekin joan ginen Manaosera. Ibai Beltzean gora nabigatu genuen. Hilabete eta erdiz egun bakoitza abentura bihurtu zen. Batzuetan, ibaiaren emarian lurreratzen ginen eta bertako txalupak etortzen zitzaizkigun erreskatatzera. Oihaneko zuhaitzetako adaburuetan ere bukatu genuen. Ontzitxoa 20 metroko altueran sartuta geratzen zen eta jaisteko eskalada teknika erabili behar zen.

«Gehien hunkitu gintuena izan zen mila metrora igotzea eta begi aurrean duzun guztia berdea dela ikustea, zibilizaziorik, herririk, errepiderik eta linea elektrikorik gabe»

Gehien hunkitu gintuena izan zen mila metrora igotzea eta begi aurrean duzun guztia berdea dela ikustea, zibilizaziorik, herririk, errepiderik eta linea elektrikorik gabe. Hegaldiak ordu bat edo bi iraun zezakeen, baina guk bost egun inguru behar izaten genituen.

Aireontziek ez zuten kalte handirik jasan; gainera, herriko emakumeek globoaren oihalak josten zizkiguten. Eskerrak emateko, «hegaldi gatibu» bat egitera gonbidatu genituen, lurrean sokekin ainguratuta.

Negro ibaiaren ibaiadar baten gainean hegan, Manaos iparraldean, Brasilen. (Angel Agirrek utzitakoa)
Horrela hasi zen ‘Lurraren koloreak’ proiektua?

Amazoniako berdeak beste kolore batzuk bilatzera animatu gintuen. Horia Saharako basamortuan aurkitu genuen. Kamioi eta ‘pick-up’ batean jaitsi ginen Kataluniatik Mauritaniara.

Zuria 2007an izan zen. Groenlandian ibili ginen, inuit ehiztariek gidatutako lera-txakurrekin. Oinarrizko kanpamentua Qaanaaqen zuen espedizioak, iparraldeko muturreko herrian. Bost hegaldi luze egin genituen, bakoitza ia astebetekoa.

Qaanaaq-en, Groenlandian. (Angel Agirrek utzitakoa)
Angel, lurreratzen Kilimanjaro zeharkatu ondoren, Tanzanian. (Angel Agirrek utzitakoa)
Globus Kon-Tikik 25. urteurrena bete zuenean, Ozeano Barean zehar Thor Heyerdhal-en ibilbidea eginez ospatu zenuten. Horretarako, Bora Bora belaontzia erabili zenuten, zeinarekin Quim Carreras mundua zirkumnabigatzen ari zen garai hartan. Nolatan animatu zineten ozeanorik handienaren erdian hegan egitera?

Kolore urdina itsasoarena da. Globo txiki bat kargatu genuen Bora Boran. Hegan egin nahi genuen, baina itsasoak txiki sentiarazi gintuen eta atzera egin genuen. Haize handia zebilen beti, eta une oro inpresioa genuen erreskatea oso arriskutsua izango zela.

Angel globo batetik agurtzen. (Angel Agirrek utzitakoa)
Qaanaaq-en, Groenlandian. (Angel Agirrek utzitakoa)
Azken abentura etxetik gertu izan da. Alacanteko Ifach haitzetik aireratu eta Eivissa uhartean lurreratu zarete, Mediterraneo gainean 100 kilometro hegan egin eta gero. Zein izan da zailtasunik handiena?

Inoiz egin gabea zen horrelako zeharkaldia. Norabideak zehatza izan behar du, bestela itsasora erortzen zara. Miquel eta biok izan ginen. 4 ordu iraun zuen. Mezua da ez dagoela oso urrun joan beharrik abentura zirraragarri bat bizi ahal izateko. Are gehiago, esango dizut bezeroekin egindako hegaldia ere, ustez errutinazkoa, motibagarria dela beti.

Saharako basamortuan, Mauritanian, furgonetan. (Angel Agirrek utzitakoa)
Saharako basamortuan, Mauritanian, globoan. (Angel Agirrek utzitakoa)
Aire beroko hegaldi horietan ez ezik, distantzia luzeko munduko txapelketan ere parte hartu duzu gas-globoetan, Anulfo Gonzalezekin batera. Zer moduz moldatu zineten iazko edizioan?

Horrelako globoek autonomia handia dute; haiekin lau egunez jarraian hegan egin izan dugu. 2024ko edizioan Alemaniako iparraldetik abiatu eta Portugaleko hegoalderaino iritsi ginen. Nahi gabe eremu militar batean sartu ginen eta lurreratzera behartu gintuzten.

50 orduko hegaldia izan zen. Biarritzetik igaro ginen eta, Donostia eta Bilbo artean, egunsentian... Sekulako esperientzia bizi izan genuen, etxera iristea bezala zelako. Lagun ditugun euskal pilotuekin harremanetan jarri ginen eta haiek lehorretik ikusi gintuzten.