Urtzi Urrutikoetxea (U.U. Getty Images eta Visit Finland)

Inari, gaurik gabeko sami lurraldeetan

«Pentsatu iparraldean. Orain segi iparralderantz. Are iparralderago». Horrela hasten da Kanadako inuitei buruzko telesail bat. Antzera pentsa liteke Finlandian: iparra Santa Claus-en Rovaniemiko etxearekin irudikatu ohi da. Samiak are iparrerago daude. Baso eta aintziren eremu zabal batean daramatzate milaka urte, historikoki artzaintzan (edo elurren-oreinen zaintzan).

Sápmi samien lurraldean basoak eta aintzirak dira nagusi. (Visit Finland)
Sápmi samien lurraldean basoak eta aintzirak dira nagusi. (Visit Finland)

Ekaina, uda hasiera edo udaberri amaiera, garai batean Laponia eta, bertakoen hizkeran, Sápmi deitu ohi zaion herrialdera joateko sasoi onenetakoa da: negua joan da, baina eltxoak oraindik ez dira etorri. Eta zirkulu polar artikoaren marra Rovaniemin dagoenez (lurrez etorriz gero, Santa Clausen parafernaliarekin batera marraren alde batera eta beste argazkia egiten duena badaki ez dela bakarra izango), 322 kilometro iparrera dago artikoko eskualdean.

Mapan begiratzea aski da ikusteko eskualdea oso handia dela. Ez hori bakarrik. Tarteka puntu batzuk ere ageriko dira, herriak balira bezala, baina herrigune gutxi dago Sápmin, oso sakabanatutako lekua baita. Inari bera (Aanaar Inariko samieraz, Aanar skolt samieraz, eta Anár iparraldeko samieraz), Finlandiako samien hiriburua 7.000 biztanleko udalerria da, baina 500 pasatxo bizi dira herrian bertan. Gainerakoen udalerriak dituen 17.000 kilometro karratuetan daude (tira, horietako bi mila aintzirei dagozkie). Hego Euskal Herriaren hedadura dauka Inarik, eta Lekeitiok beste biztanle.

Lakuez gozatzeko txoko atseginak daude. (Miriam Gimbel | Getty Images)

Pielpajärvi eliza luterano zaharra. (Getty Images)

Inari berezi egiten duena ez da “hiriburu” estatus hori bakarrik. Sami herriaren eta kulturaren gune garrantzitsuena izateaz gain, sami herrien eta hizkuntzen topagune ere bada. Eta Artikoko herri indigena hau, bere kultura, elur-oreinak eta paisaia sinestezinez gozatzeko abiapuntu paregabea da.

HIRU HIZKUNTZA SAMI

Sami hizkuntzak egiten dituzten gehienek iparraldeko samieraz egiten dute, bai Norvegian, bai Finlandian, bai Suedian. Baina Inari beste sami hizkuntza bi ere egiten dira. Horietako bat Inariko samiera da. 500 hiztun baino ez ditu, baina munduko hizkuntza indigena askorentzat eredua izan da azken 25 urteotan egindako bidea. XX. mende amaieran 350 baino ez ziren hiztunak, izan ere.

Milaka aintzira dituen Finlandian hirugarren handiena da Inarikoa, hain zuzen ere. 3.318 uharte daude aintziran

Inari samieradun samiak, izenak berak dioen bezala, Inari aintziraren inguruan bizi dira. Orain, aintzira aipatzean, benetan laku erraldoia irudikatu behar da. Milaka aintzira dituen Finlandian hirugarren handiena da Inarikoa, hain zuzen ere. 3.318 uharte daude aintziran. Herrian bertan ikus daiteke lakuaren sorrera, Juutua ibaia bertan isurtzen baita. Gero kilometro luzeetan hedatzen da begirada galdu arte.

Siida Museoa, Inarin bisitatu beharreko leku garrantzitsuenetakoa, eskualdeko historia, natura eta sami herria hobeto ezagutzeko. (Alex Farnsworth | Getty Images)

Eguzkiaren isla uretan. Ekainean eta uztailean eguzkiak behera egiten du, baina ez da gordetzen, eta berriz ere gorantz doa, egun osoko argia bermatuz. (Urtzi URRUTIKOETXEA)

Zortzi kilometroko ibilbide bat egin liteke oinez edo bizikletaz herritik, baina Inariko aintziraren inguruan asteetan egin litezke arrantza eta bestelako ekintzak, beti txoko berrietan. Inari samiek, historikoki, elur-oreinen zaintza egin izan dute aintzira ertzean, lakuko beste jarduera batzuekin batera. Berezitasun bat: gainerako samiek bezala, jantzi dotoreak darabiltzate, baina gainerako samiek ez bezala berdeak garrantzi berezia hartzen du. Haien eskularruek ere kolore berdea izaten dute askotan.

Siida museoak antzinako komunitatearen historia, folklore eta kulturaren ikuspegi paregabea eskaintzen ditu

Hau guztia eta askoz gehiago ezagutzeko txokoa Inari erdian dago, eta Siida du izena: Sami Museo eta Natura Zentrua da. Iaz Europako museo izendatu zuten. Museoak antzinako komunitatearen historia, folklore eta kulturaren ikuspegi paregabea eskaintzen ditu. Erakusketa iraunkorrak eta aldi baterakoak ditu, eta artisautza denda liluragarri bat ere badu. Kanpoan egurrezko eraikin zoragarriak daude, sami lurraldeetatik honaino ekarriak.

Hegaztien behatokia. Toivoniemi-n dago, Inaritik irten eta iparraldera, bi aintziraren artean. (Raimo Bergroth | Getty Images)
Eskualdeko animaliarik ezagunena, elur-oreina. (Visit Finlandi)
Museoaren barrualdea. (Visit Finland)

Museoaren garrantziaz irakurrita, baliteke herriko sarreran ageri den eraikin handia hori dela pentsatzea. Baina ez, hain herri txikiak bi eraikin oso garrantzitsu ditu. Lehena, egurrezko hiru aldetako eraikin dotorea, Sájos sami kulturgunea da. Merezi du bertan ere geratzeak, erakusketa txikiagoak izan arren. Sámi irratia eta Finlandiako sámi parlamentua ere eraikin moderno honetan daude.

Lehen unean irudikatuko ez genituen erakusketa interesgarriak aurkitu genituen, bai Sájosen, bai Siidan: elur-oreinei belarrian labanekin egiten dieten markak zelan aldatzen diren, esaterako. Mutilazio txiki bat da aberearen belarrian, baina mendetako kode bat ere badarama. Era berean, ladjogahpir edo adar-txanoari buruz ikasi genuen Siidan. Eliza luteranoaren presiopean, XIX. mendean erabiltzeari utzi eta XX. hasieran erabat desagertu zen emakumeek zerabilten txano hori, “adarrean” deabrua gordetzen zelakoan. Egun, aldarrikapen gisa itzuli da txanoa.

Barku bat, laku ertzean. (Alexander Farnsworth | Getty Images)

Inariko aintziraren dimentsioa ezagutzeko Tuulispaa mendia (muino bat da, egia esan) egokia da, basoen atzean ageri diren ehunka uharteren ikuspegiaz gozatzeko. Horietako bat da Ukonsaari (Äijih samieraz) uhartea. Ukko ekaintzen jainkoaren omenez hartu zuen izena, eta bertan eskaintza eta sakrifizioak egin ohi ziren, aldeko haizea eskatzeko. Udan, uhartetik txangoak egiten dituzten txalupekin joan daiteke bertaraino.

Gainerakoan, Inarik Lemmenjoki parke nazionala dauka hego-mendebaldean, Kevo iparraldean, Utsjoki herrira iritsi aurretik eta, ipar-ekialderantz Kaldoaivi gune natural erraldoia. Egun bateko txangoekin hasi eta asteetako ibilbideak egiteko aukera zabala dago.

Inariko aintzira ugarien artetik doan errepidea. (Getty Images)
EKIALDEAREN LOTURA

Eliza luterano protestanteak eta ekialdeko ortodoxiak bat egiten duten txokoa da hau, samiek beren oinarri animistari sendo eutsi badiote ere. Naturako elementuek (animaliek, landareek, harkaitzek) arima dute, sami sinesmen tradizionalean, eta espiritu ugari barne hartzen dituzte. Eskualderik eskualde, aldatu egiten dira jainko horien izenak. Era berean, xamana figura garrantzitsua izan dute duela ez aspaldi arte, eta sendatzeko erritu xamaniko batzuk gaur egun ere mantentzen dira, eliza luteranoak kongregazio garrantzitsuak izan arren.

Inaritik ordubete pasatxora, aldatu egiten da tradizio hori. Sevettijiärvi (Čeʹvetjäuʹrr, skolt samieraz, Čevetjävri Inariko samieraz eta Čeavetjávri iparraldeko samieraz) basa-bizitzarako atari bezala ikus liteke, Inari utzi eta basoan kilometroak eta kilometroak egin ostean asfaltozko marra bakarraren gainean. Egiaz, Finlandia bera ere hemendik gertu amaitzen da. Gero, Norvegia eta Ozeano Artikoa letozke. Baina akatsa litzateke herri ezin interesgarriago honetan ez geratzea. Inariko hiru hizkuntza samietatik berezienetakoaren erdiguna da Sevettijärvi.

Sami jantzi koloretsuen detailea. (Helena Eriksson | Getty Images)
Siida Museoan dauden etxeak. (Visit Finland)
Siida Museoaren inguruan. (Urtzi URRUTIKOETXEA)

Skolt samiak ez dira berez bertakoak, ekialderagokoak baizik, herriko eliza adierazten duen legez. Izan ere, jatorriz Errusiaren mende dauden lurretan zeuden. 1920an Finlandiaren mende geratu zen haien lurraldea, baina 1939ko neguko gerraren ostean Sobietar Batasunak bereganatu zuen alderdi hura. Orduan, skolt gehienek lekualdatzea hobetsi zuten, eta Finlandian bizi dira gaur egun gehienak. Sevettijiärvin Skolt Sámi Ondare Etxea dago.

Oinezko ibilbide ugari egiteko leku ugari ere badira. Besteak beste, Sevetti-Pulmanki bidea, eta izokin arrantzarako ezaguna den Näätämöjoki ibaia dira herriko txoko ezagunenak. Gero, mugaz gaindi Norvegiako sami-lurretan kostaldea hurbil dago. Aukeran, Sevetin tabernan elur-orein haragiz egindako gisatua goxoa patatekin ondo jan ostean, mendi txango baten ostean.