Nuria Lopez Torres

Coimbra, harri zaharrak, arima gaztea

Portugalen bihotzean, Mondego ibaiak graziaz sigi-saga egiten duen lekuan dago Coimbra, jakinduria eta tradizio bereziko istorioak kontatzen dituen hiria. Lisboako eta Portoko kale zalapartatsuek eklipsatuta, ezkutuko altxor bat da Coimbra, beti bidaiarien zain dagoena.

Coimbrako katedral berria. (Nuria TORRES)
Coimbrako katedral berria. (Nuria TORRES)

Besarkada batean iragana eta oraina elkartzen dira Coimbran, eta entzutea merezi duen istorio bat azaltzen du txoko bakoitzak. Coimbrako Unibertsitatea, 1290ean sortua, Europako zaharrenetakoa, hiriaren arima da. Historia eta ezagutzaren labirintoa da campus bikaina. Unibertsitate agurgarri honetako ateak zeharkatzean, ezin duzu saihestu sentitzea denboraren atalasea gainditu duzula.

Antzinako eraikinek, beren arkitektura manuelinoarekin eta esploratzaile eta jakintsuen istorioak kontatzen dituzten azulejuekin, badirudi entzuten gelditzen direnei sekretuak xuxurlatzen dizkietela. Jakintzaren sorleku honetako altxorrik handienetako bat Joanina liburutegia da, rokoko estilokoa, Europako liburutegi garrantzitsuenetako bat.

Antzinako eraikinek, beren arkitektura manuelinoarekin eta esploratzaile eta jakintsuen istorioak kontatzen dituzten azulejuekin, badirudi entzuten gelditzen direnei sekretuak xuxurlatzen dizkietela

Liburuki zaharrez betetako apalategiak babeslekuak dira literaturazaleentzat, baina baita XVIII. mendetik hona bertan bizi diren saguzarren bi kolonientzat ere. Saguzarrak liburu baliotsuen zaindari eta babesle bihurtu dira, intsektu guztiak janez. Saguzarren gorotzetatik babestearren, gauero liburuak, apalategiak eta altzariak larruzko mantez estaltzen dituzte, eta mende askotan funtzionatzen ari den sistema da.

Gune historikoko patioaren eta Mondego ibaiaren bista, Unibertsitateko Errege Jauregitik. (Nuria TORRES)

San Migel kaperako organoa Unibertsitateko esparru historikoan. (Nuria TORRES)

Jendea Santa Isabel erreginaren prozesioa noiz iritsiko zain. (Nuria TORRES)

Barruan sartzean, paper zahartuaren eta egur leunduaren usainak biltzen du bisitaria, ikasleek argimutil urreztatuen argipean filosofiaz eta poesiaz eztabaidatzen zuten garaietara eramanez.

Historia liburu baten orrialdeetan ibiltzea bezalakoa da Unibertsitateko lorategietan paseatzea. Txoko bakoitzak irudi ospetsuak gogora ekartzen ditu, Antero de Quental poetarengandik hasi eta Jose Rodrigues Migueis filosofoarenganaino. Idazle hauen itzalak zuhaitzen artean dantzan ari direla dirudi, liburuak eskuan, jakintzaren unibertso zabalean beren bidea bilatzen ari diren egungo ikasleak inspiratzen.

QUEIMA DAS FITAS JAIA

“Praxe” tradizioak, ikasle berriek bete behar dituzten erritualak, kolore eta alaitasun ukitua eransten dio unibertsitateko bizitzari. Kapa beltzez jantzita, ikasleak barrea eta adiskidetasuna nahasten dituen esperientzia batean murgiltzen dira, ikaskuntza ere une gogoangarriz betetako bidaia dela gogoratuz.

San Migel kapera. (Nuria TORRES)

Hiriko lorategi botanikoaren ekialdeko kapera. (Nuria TORRES)

Ilunabarrean eguzkia muinoen atzean ezkutatzen da, eta Coimbra hiria urrezko distiraz argitzen. Kafeek eta tabernek bizia hartzen dute, eta gitarra portugaldarren soinua aditzen da. Barreen eta doinuen artean, ikasgeletatik harago irauten duten lagunak sortzen dira, unibertsitatea ikasteko lekua izateaz gain, esperientzien eta emozioen arragoa ere badelako.

Coimbra ez da zentro akademiko bat bakarrik, belaunaldiz belaunaldi transmititu diren tradizioen arragoa ere bada

Coimbra ez da, ordea, zentro akademiko bat bakarrik, belaunaldiz belaunaldi transmititu diren tradizioen arragoa ere bada. Ikurretako bat da, adibidez, Queima das Fitas, urte akademikoaren amaiera markatzen duen ospakizuna. Jai honetan ikasleak kapa beltzez jantzi eta kaleetara abiatzen dira musika, dantza eta alaitasun eztanda batean. Kale harriztatuak irriz eta kantuz betetzen dira, banderen kolore dardartiak lau haizeetara dabiltzan bitartean. Adiskidetasun eta harrotasun garaia da, unibertsitatearen historia sutsuki ospatzekoa.

Hiriko alde zaharra, Oslo hoteletik ikusita. (Nuria TORRES)
Komertzio Plazako eskailerak. (Nuria TORRES)
“La Tricana”, Mondego ibaira ur bila zihoazen emakumeen omenezko eskultura. (Nuria TORRES)
ARROSEN MIRARIA

Uztailean hiria apaindu egiten da, Santa Isabel erregina maitea omentzeko. Balkoiak zutoihalez janzten dituzte, dendetako erakusleihoetan hiriko zaindariaren irudia duten aldareak ipintzen dituzte, eta kale nagusiak distira egiten dute argiez, sainduaren irudia eta miraria aipatuz.

Santa Isabelen irudia, bere ontasun eta errukiagatik ezaguna, jai honen erdigune bihurtzen da. XIII. mendean jaioa, Portugalgo Isabel erregina izan zen, eta pobreei laguntzen eta bakea sustatzen igaro zuen bizi osoa. Haren legatuak coimbratarren oroimen kolektiboan irauten du, urtero elkartzen baitira haren bizitza eta irakaspenak gogoratzeko.

Elezahar batek dioenez, neguko goiz hotz batean, Isabel erregina gaztelutik irten zen, magalean opilak zeramatzala pobreen artean banatzeko. Dinis erregeak zer zeraman galdetu zionean, arrosak zirela erantzun zion. Dinis erregeak, harrituta: «Arrosak, urtarrilean?». Zeramatzan ogitxoak arrosa bihurturik erakutsi zizkion. Isabel 1625ean beatifikatu eta kanonizatu zuten.

Mondego ibaiaren panoramika. (Nuria TORRES)

Bi ikasle Unibertsitatetik ateratzen. (Nuria TORRES)

Santa Isabel erreginaz jantzitako neskato batzuk Coimbrako zaindariaren prozesioan. (Nuria TORRES)

Coimbra osoa kaleetara irteten da gau magiko batean. Une historiko bat antzezten dute, hiri zaharreko kale harritsuetan sigi-saga dabilen prozesio baten bidez. Urrats bakoitzean debozioa antzematen da. Hiriko zerua argitzen duen suziri koloretsuen bilduma bikain batez izaten da ospakizunaren amaiera, milaka emakumeren, gizonen, gazteen eta haurren begiradapean.

Jaietako asteburuan plazak musikaz eta dantza folklorikoz betetzen dira, denak parte hartzera gonbidatzen dituela. Gastronomiaren usainak, arroza oilaskoarekin edo gozoki tipikoak, airearekin nahasten dira. Bazkaria bilkuraren sinbolo bihurtzen da, non lagunak eta senideak biltzen diren barreak eta oroitzapenak partekatzeko.

Rua do Arco kalea, hiriko alde zaharrean. (Nuria TORRES)
Katedral zaharraren elizpe erromanikoa. (Nuria TORRES)
COIMBRA EZKUTUA

Coimbra oso ezaguna ez den helmuga da, turista pilaketarik gabea. Bidaiariek benetako esperientziaz goza dezakete, jendetzatik urrun. Hiriaren erritmo motelarekin bat egin. Kale labirintikoetan galdu. Bero handitik babestu ahal izateko, ia hamalau hektareako lorategi botaniko sinestezinean ibili, mundu osoko milioi bat espezieren artean. Hiri kultu honek eskaintzen dituen museo bakarti batzuk bisitatu, bisitari bakarra izateak eskaintzen duen lasaitasunez.

Geruza ugari dituen hiri batean, bidaiaria noizbait Sizilia, Marseilla edo Salamanca batera eramana senti daiteke

Kafetegi tradizionaletan kafe usaina esne-gainezko pastelekin nahasten da, eta hantxe esertzera gonbidatzen dute, igaroan doan bizitzari begiratzera. Geruza ugari dituen hiri batean, bidaiaria noizbait Sizilia, Marseilla edo Salamanca batera eramana senti daiteke.

Ilunabarrean muinoen atzean ezkutatzen da eguzkia eta urre eta arrosa kolorez tindatzen da zerua. Une ezin hobea da Santa Klarako begiratokira igotzeko, ibaiaren eta argiztatutako hiriaren ikuspegia liluragarriaz gozatzera. Historiarekiko lotura senti daiteke orduan, kale hauetatik igaro diren ikasleekin, beren edertasunean inspirazioa aurkitu duten poetekin. Antzinako hiria, bere horma, izkina eta galtzada harri guztiak betetzen dituen gazteriaz.