Eli Txapartegi (Getty Images)

Helmuga gorriak

Zubiak, trenak, itsasoak, ilunabarrak, tenpluak, basamortuak, plazak, hondartzak, itsasargiak... Munduko mapan gorriz agertzen diren hamaika txoko daude. Horrexegatik dira deigarriak, erakargarriak, tentagarriak.. gorriak direlako; ez beste kolore batekoak. Erreportaje honek ere helburu gorria du; gonbidapen xelebre bat da planetako zenbait puntu gorrixkatan eskala eginez ibilbide are xelebreagoa irudikatzeko.

Mapa, txoko gorriz jositakoa. (Yevhenii Kazykin | Getty Images)
Mapa, txoko gorriz jositakoa. (Yevhenii Kazykin | Getty Images)

Aldizkari denda bihurtu den Londresko telefono kabina zahar gorri batean kuxkuxean ibili gara, Golden Gate zeharkatu dugu, Suitzako Alpeak gertutik ikusi ditugu Bernina Expres-ean eserita, koral artean igeri egin dugu Itsaso Gorrian, eta Islandiako Stykkisholmur itsasargiraino ere iritsi gara. Horrez gain, ilunsentiaren magiaz gozatu dugu Masai Maran, eta baita Fiji aurrean ere, udazkeneko usain eta koloreez inguratuta. Antilope Arroila, Wady Rum eta Australiako Simpson basamortuan ere geldialdiak egin ditugu.

Panjin hondartza gorrian pasieran ibili gara eta Habana kaleak zeharkatu ditugu Chevrolet klasiko batean, Hsinbyume pagodako terrazak eta Moskuko Plaza Gorria bisitatu ondoren. Eta ibilbidearen amaieran txoko sekretu batean atseden hartu dugu itsasora begira, aulki bakarti batean eserita. Hau ere, gorria, jakina.

Itsaso Gorria

(Getty Images)

Horrela deitzen zaio, baina ez da gorria, eta, gainera, itsasoaren izenaren inguruko teoriak askotarikoak dira. Batzuen ustez, ek ur azaletik hurbil urtero izaten duten loraldiek eragiten dute gorrixka kolorea, baina beste batzuek, aldiz, gertu dauden «errubi mendiak» aipatzen dituzte, mineral gorrietan aberatsak direlako. Badira, halaber, izena kokapen geografikoarekin lotzen duen teoria defendatzen dutenak: kasu honetan «gorriak» «hegoaldea» adieraziko luke eta Itsaso Beltzak, berriz, «iparraldea». Teoria honen oinarria da hizkuntza asiar batzuek koloreak erabiltzen dituztela iparrorratzen orientazioei erreferentzia egiteko.

Frogatuta dago, ordea, Israelen eta Egiptoren arteko mugan itsasoa mendebaldeko goialdetik begiratzen denean, eguzkia ezkutatzen ari denean, itsasoa gorri ikusten dela. Eta egia da, halaber, urpean igeri egiten duenak koloretako paradisu bat aurkituko duela, non tonalitate gorriko koralak nagusitzen diren.

Hsinbyume edo Myatheindan pagoda

(Getty Images)

Ez da gorria; are gehiago, Mandalaiko Mingonen pagoda deigarria da bere kolore zuriarengatik. Gertatzen dena da berezko kolorea are nabarmenagoa dela monjeak, beti gorriz jantzita, harmailen artean paseatzen ari direnean.

1816an eraikia eta 1879an berreraikia 1836ko lurrikararen ondoren, pagoda inguratzen duten zazpi terraza izurtuek Meru mendia inguratzen duten zazpi mendikateak irudikatzen dituzte. Hori bai, korridore horietan oinutsik bakarrik pasea daiteke.

Bernina Express

(Getty Images)

Gorria da. Horregatik kontrastatzen du nabarmen sigi-saga zeharkatzen duen paisaia zuriarekin. Bernina Express-ek Suitzako Alpeak zeharkatzen ditu eta, 55 tunel eta 196 zubi igaro ondoren, “Munduko Gailurreraino” iristen da: St Moritz.

Guztira, 122 kilometro egiten ditu lau ordutan; akaso horregatik da munduko tren-ibilbide liluragarrienetako bat. Gainera, bidaia are erakargarriago bihurtzen da, zenbait bagoiren diseinu bereziak bidaiariaren ikuspena errazten duelako, neurrigabetasun zuri baten ikuspen ikusgarria.

Roubuer, Norvegiako txabola

(Uwe Moser | Getty Images)

Norvegiako Lofoten uharteen ertzak koloretako etxola txikiz zipriztinduta daude. Rorbuerrak dira, gehienetan gorriz edo laranjaz margotuak.

Hasiera batean arrantzaleei alokatzen zizkieten enpresariak ziren txabolen jabeak, baina, gaur egun bakar batzuek jatorrizko erabilgarritasunari eusten dioten arren, turistentzako ostatu erakargarri bihurtu dira.

Golden Gate

(Getty Images)

Bereziki deigarriak dira kable lodiak eta 227 metroko altuera duten bi dorreak. 1933-1937 artean eraikia, zubi eseki hau ingeniaritzaren historian mugarritzat hartu zen zabaldu zenean. 2,7 kilometroko luzerarekin, San Frantzisko badia zeharkatzen du, New Yorken.

Bitxia bada ere, nahiz eta zenbaitek kontrakoa pentsatu, gorriz margotzearen erabakia ez zen apeta hutsa izan, oxidoaren aurka babesteko erabili baitzen. Behin baino gehiagotan munduko zubirik fotografiatuenen zerrendan agertu da.

Stykkisholmur

(Sharon Housley-DejaVu Designs | Getty Images)

Gorria eta potoloa da. Ez da itsasargi garaienekin lehiatzen, ezta estilizatuenekin ere, baina, hala ere, xarma berezia du eta munduko bitxienen artean dago.

Islandiako Snæfellsjökull Parke Nazionalaren muturrean kokatuta, izen bereko sumendiaren laba itsasargiaren oinetaraino iristen da.

Wady Rum

(Svetlana Krayushkina | Getty Images)

Jordaniako hego-mendebaldean dago, «basamortu gorria» ere esaten diote, hareak tonu gorrixkak islatzen dituelako. ‘Lawrence de Arabia’ filmaren eszenatokia izateagatik ere ezaguna da mundu mailan.

Haren egitura harritsu apetatsuen artean –horien artean ‘Jakinduriaren zazpi zutabeak’ deiturikoa– 12.000 urte baino gehiagoz zenbait kultura bizi izan dira, besteak beste, nabateoak.

Panjin hondartza gorria

(Riverwill | Getty Images)

Leku bitxia da. Liao ibaiaren deltako paduretan dago, Panjinen, Txinan. Erreserba naturala ezinbesteko habitata da Asia eta Australia arteko ibilbidea egiten duten milaka hegazti migratzailerentzat.

‘Hondartza gorri’ horretan babesa bilatzen duten 236 hegazti-espezie zenbatu dira, horietatik 30 babestuak. Zergatik da gorria? Nonbait, suaeda izeneko tokiko itsas algari zor dio kolore gorrixka.

Antilope Arroila

(Getty Images)

Arizona estatuko iparraldean dago, indigena navajoen erreserba batean, eta islatzen duen tonu gorrixka ikusgarriek munduko kanoirik erakargarrienetako bat bihurtu dute. Formazio geologiko liluragarria da, milaka urtetan ur korronteak igarotzearen ondorioz higadura jasan duena. Zenbait tokitan 40 metroko altuerara iristen dira hormak.

Bisitariek kontuan izan behar dute kanoia minutu gutxiren buruan urpean gera daitekeela euri jasen ondorioz; honenbestez, gidari adituekin besterik ezin da bisitatu.

Mitxoleten loraldia

(Getty Images)

Bewdleyko Blackstone Fields erreserba naturala mitxoletez betetako alfonbra gorri ikusgarri bihurtzen da urtero, naturan kamuflatutako tamaina handiko mihise margotua dirudien paisaia sortuz.

Udan milaka bisitari jasotzen ditu Ingalaterrako erreserbak; batzuk une magikoaz gozatzeko hurbiltzen dira, eta beste batzuk, berriz, tartean argazkilari profesional asko, beste inon aurkitu ezin daitezkeen irudiak lortzeko. Lehen mitxoletak ekainaren erdialdean agertzen badira ere, uztailean lehertzen da benetako loraldia.

Fuji udazkenean

(Getty Images)

Udazkena iristen denean, Fuji mendiaren irudia kolore gorriz tindatzen da, batez ere bere silueta Kawaguchiko aintziratik begiratzen bada. Hain zuzen ere, mendira hurbiltzeko abiapunturik aproposenetakoa da.

Nolanahi ere, batzuek uko egiten diote aukera horri, eta lakuaren zein Fijiren ikuspegi zirraragarriaz gozatu nahi izaten dute Kachi Kachi funikularretik. Edozein kasutan ere, gomendagarria da bisita ‘momiji’ garaian egitea, alegia, zuhaitzen hostoak gorritze prozesuan daudenean.

Moskuko Plaza Gorria

(Yuliya Baturina | Getty Images)

Plaza Gorriaren izenaren arrazoia ez da inguratzen duten adreiluen kolorea, ezta komunismoaren sinbolismoa ere, baizik eta Krasnaya errusiar hitzaren itzulpena, antzinako errusieraz bi esanahi zituenarena: gorria eta ederra.

Dirudienez, hasierako izena Plaza Ederra zen, baina bigarren esanahiak –gorria– nahasmendua eragin du. Hori bai, 23.100 metro karratuko azalera duen plaza Unescoren Gizateriaren Ondarearen zerrendan agertzen da 1990. urteaz geroztik.

Simpson basamortua

(TonyFeder | Getty Images)

176.500 kilometro koadro. Horixe da Australia erdialdeko Simpson basamortuaren hedadura. Kolore gorrixka du, baina beste berezitasun bitxi bat gehitu behar zaio: hareazko duna paraleloak –iparretik hegoaldera orientatuak eta landarediari esker estatikoak– munduko luzeenak dira.

Horien artean Nappanerica duna nabarmentzen da, Big Red (Gorri Handia) izenez ezaguna dena. 40 metroko altuerara iris daiteke zenbait puntutan.

«Hirugarren begia»

(Getty Images)

Orban gorri bat da. Emakume hindu batzuek daramate bekainen artean. Erabilitako pintura hainbat materialekin egiten dute, besteak beste, ikatzarekin edo sandaloarekin... modu askotan deitzen diote, baina beti «hirugarren begia» sinbolizatzen du, barrualdea behatzen duen hori. Horrez gain, egoera zibilari buruzko informazioa eskaintzen du.

Gorria daramatenak ezkonduta daude; ezkongabe baleude, beltza eramango lukete. Horia negozio gizonen ohiko kolorea da, oparotasuna sinbolizatzen duelako; zuria eta urdina, berriz, espirituaren garbiketa eta jakituriaren ikurrak dira, hurrenez hurren.

Auto klasikoak Habanan

(Rafal Cichawa | Getty Images)

Chevrolet, Ford, Pontiac, Cadillac, Buick, Dodge, Plymouths, Studebaker. Kolore guztietakoak daude, baina gorriek xarma berezia dute. Kubako kaleetan paseatzea joan den mendeko berrogeiko eta berrogeita hamarreko hamarkadetako «gurdi» amerikarren artean –beste inon ikusten ez direnak– altxorrez eta erlikiaz betetako benetako ikuskizun bihurtzen da.

Batzuk, ordezko piezen faltagatik, errepidetik baztertzeko egoera larrian daude, baina beste batzuk, aldiz, ikusgarri eta erabilgarri daude, motorreko jeinuak direla aise frogatu duten mekanikari kubatarren irudimenari esker.

Londresko kabina gorriak

(Getty Images)

Hor jarraitzen dute eta gorriak izaten segitzen dute, baina jada ez dute jatorrizko funtzioa betetzen. Orain, egun batean izan zirenaren oroitzapena baino ez dira, nahiz eta, zalantzarik gabe, ikono izaten jarraitzen duten nazioarte mailan.

Giles Gilbert Scottek 1924an diseinatutako Londresko telefono kabina mitiko haiek «birziklatu» eta gizarte berrira egokitu dira, liburu, kafe, souvenir edo entsaladen negozio txiki bihurtu arte.

Baina zergatik dira gorriak Scottek zilarreztatuta eta barruan tonu urdinxkarekin diseinatu bazituen? Posta konpainiak erabaki zuelako kolore ikusgarri bat erabiltzea, kokatuta zeuden tokian identifikatzeko modukoa.

Ilunabarra Masai Maran

(HP-SCHWERIN | Getty Images)

Afrikan, oro har, eta Kenyan bereziki, hipnotikoak dira zeruak hartzen dituen tonu gorrixkak.

Eta egunaren bukaeraz Masai Mara erreserba naturalean gozatzeko aukera duenak, ziurrenik, ez du inoiz ahaztuko. Ilunabar garbia ikusteko munduko lekurik onenetakoa omen da.

Itsasoari begira

(Lisa Marie | Getty Images)

Arrantzaleen etxetxoak, zubiak, trenak, koralak, ilunabarrak, tenpluak, basamortuak, lakuak, plazak, autoak, hondartzak, itsasargiak... Gorriak edo beste edozein koloretakoak. Mapan kokapen zehatza duten hamaika une eta leku daude gomendagarriak, askotariko arrazoiengatik.

Alabaina, badira txoko batzuk –gorriak edo beste edozein koloretakoak– gozatzera, paseatzera, ihes egitera, deskubritzera... bereziki gonbidatzen dutenak, gida turistikoetan aipatzen ez direnak.

Normalean, noraezean dabilenak aurkitzen ditu bat-batean, kasualitatez. Eta horien artean badira espezialki liluragarriak. Beti dago leku bat nonbait ezkutuan eta isilean zain.