Koldobika Jauregi, hil ondorengo lehen erakusketa

MaiatzaK 6-Ekainak 13
Koldobika Jauregi hil zenetik urtebete igaro denean, Juan Manuel Lumbreras arte galeriak Alkizako artistaren zenbait obra bildu ditu. Hil ondorengo lehen erakusketa denez, berezia da; izan ere, haren alargunak, Elena Cajaraville artistak, egin du hautaketa, Jauregiren sormen unibertsoan zehar bidaia berezia osatuz.
Lanak ikusgai ez ezik, salgai ere badaude –bi izan ezik, galeriarenak direlako–, eta Lumbrerasen egongo dira ekainaren 13ra arte, heriotzaren lehen urteurrenaren bezpera arte.
Eskultoreak 2004 eta 2023 artean egindako 34 lan biltzen ditu erakusketak. Galeriako azken zatian kokatutakoak artistaren lanik berrienak dira.
Lumbreras arteguneak zazpi bakarkako erakusketa eskaini zizkion Koldobikari ibilbide artistikoan zehar, eta, gainera, 2023an bere obra FIG azokara eraman zuen bakarka.
Galeriaren jabeek oraindik gogoan dute Jauregi hil zenean elkarri zer galdetu zioten: «Zer egin diezaiokegu gogoratzeko? Erakusketa bat? Zerbait maitagarria eskaini nahi genion, asko maite genuelako». Horrexegatik erabaki zuten haren bikotekidea izatea aparteko erakusketa honetako gidaria.