Eli Txapartegi

Abbadia, xarma eta historia uztartzen dituen gaztelua

Geografo, astronomo, kartografo, numismatiko, esploratzaile, abenturazale, antropologo, zientzialari, euskararen eta euskal kulturaren defendatzaile sutsua... Anton Abbadiak Hendaiako itsaslabar malkartsuak aukeratu zituen munduan zehar egindako bidaia luzeen ondoren babesleku berezia eraikitzeko. Eta Eugene Viollet-Le-Duc-ek bete-betean asmatu zuen, Erdi Aroko gotorlekuetan inspiratutako gaztelu-behatoki ikusgarria diseinatuz. XIX. mendea zen. Gaur, 150 geroago, Hendaiako txokorik erakargarrienetakoa da.

Jauregiaren panoramika ikusgarria. (Hendaiako Turismo Bulegoa)
Jauregiaren panoramika ikusgarria. (Hendaiako Turismo Bulegoa)

Kantauri itsasoaren oinetan estrategikoki kokatuta, Abbadia gazteluak denboran zehar bidaiatzera gonbidatzen du bisitaria eta, bide batez, euskal kostaldeko paisaiarik ikusgarrienetakoaz gozatzera. Guztira, 65 hektarea natural eskaintzen ditu Abbadia parke naturalak. Gazteluaren bisita eraikinetik kanpo hasten da. Krokodiloak, zakurrak, elefanteak, sugeak, tximinoak, barraskiloak, hartzak, panterak, lehoinabarrak, igelak... eta gaelikoz idatzitako inskripzio bat ate gainean: «Cead Mile Failtce (Ehun mila ongietorri)». Pirinioetako Larrun tontor enblematikoa ere agertzen da, baita zulotxo eta mezu bat ere eskuineko horman.

Fatxadaren dekorazio bitxiak atea zeharkatu aurretik ohartarazten du barrualdean, seguruenik, sorpresak daudela gordean. Eskaileretan, albo banatan, baranden gainean, altxor zaintzaile modura, letagin zorrotzeko bi krokodilo handi daude, jatorrizko jabeak Niloren iturriekiko zuen interesa gogorarazten dutenak.

Barruko eskailera kiribilak. (Eli TXAPARTEGI)
Liburutegia, gazteluaren bihotzean kokatuta. (Eli TXAPARTEGI)

Barrualdean, tarteka fantasiazkoa dirudien mundu batean barneratuko da bisitaria, arabiar eta afrikar (bereziki, etiopiarrak) motiboen nahasketa exotikoz zipriztindutako unibertsoan

Barrualdean, tarteka fantasiazkoa dirudien mundu batean barneratuko da bisitaria, arabiar eta afrikar (bereziki, etiopiarrak) motiboen nahasketa exotikoz zipriztindutako unibertsoan. Anton Abbadiaren nortasun ikurra da, urte askoan munduan barrena izpiritu bitxi eta behatzailearekin bidaiatzen aritu zenaren izaeraren eta bizimoduaren arrasto berezia. Hain zuzen ere, berak egin zuen Etiopiako lehen kartografia, herrialde hartan hamaika urtez ibili ondoren.

Ohorezko gela. (Eli TXAPARTEGI)
Kapera. (Eli TXAPARTEGI)
ESALDIAK ANIMALIA EXOTIKOEN ARTEAN

Agian horrexegatik, esploratzeko, deskubritzeko eta harritzeko zuen etengabeko premiarengatik, gazteluko gelek jatorrizko jabearen pasioen eta bere bizitzako etapen aztarnak gordetzen dituzte. Esaten dute gela bakoitza bere nortasunaren konplexutasunaren isla dela. Gainera, eguzki argia eta panoramika ikusgarriak ahalik gehien aprobetxatzeko diseinatutako areto banaketa jabearen beharren arabera antolatuta zegoen: ipar-mendebaldeko hegala ikasketetarako erabiltzen zuen; ekialdekoa, berriz, deboziorako; eta hegoaldekoa, azkenik, bisitetarako.

Gazteluaren atondoan bisitariak koloretako beiratez apaindutako ohorezko eskailera bat aurrez aurre izango du. Hala ere, lehen pausoak giro ilunean egiten dira, argi gutxirekin. Landareen irudien eta familiaren armarrien artean, Abbadiaren bizitza gidatu omen zuten bi esaldi irakur daitezke: «Izana eta ez izena» eta «Nere fedea eta eskubidea». Hori guztia, dekorazio misteriotsu eta exotikoz inguratuta. Elementu fantastikoak, ezkutuak eta animalien adakerak ikus daitezke, Etiopiako eguneroko bizitzako eszenak irudikatzen dituzten horma irudien ondoan.

Atea zeharkatu aurretik harrizko krokodiloz ‘babestutako’ eskailerak igo behar dira. (Eli TXAPARTEGI)
LIBURUTEGIA ETA BEHATOKIA

Eskailerek liburutegira daramate, gazteluaren bihotzera. Abenturazalearen izpiritu geldikorraren sinbolo bilakatuta, lan eta gogoetarako lekua zuen. Apalategi bitxiz beteta, Art Nouveau iragartzen zuen giroa sumatzen da gelan. Bere bilduma, lan zientifiko eta literarioez osatua, gaur egun goialdean dago. Haraino igotzen ziren gaztainondozko pasabideen bidez. 1896an gaztelua Zientzien Akademiari utzi zionean, liburutegiak 10.000 liburu baino gehiago zituen; tartean, 960 euskal lan eta 234 eskuizkribu bibliko eta literario ghez hizkuntzan (liturgia hizkuntza etiopiarra).

Behealdean argitalpen astronomikoak eta meteorologikoak gordetzen dira, baita bere gazteluan ezarri zituen astronomia eta meteorologia laborategiko tresna batzuk ere. Izan ere, bere pasio handienetako bat izarrak behatzea eta zelatatzea zen, behatokiak argi uzten duenez.

Jauregia atzetik ikusita. (Eli TXAPARTEGI)

Hainbesteko zaletasuna zuen, ezen Haitiraino joan zen Venus eguzkiaren aurretik nola igarotzen zen ikustera, eta Aljeria eta Norvegiaraino, eguzki eklipseak ikustera.

Behatoki astrologikoan teleskopio meridiano bat ikusgai dago, 1979ra arte martxan egon zena. Sabaian zegoen tranpola irekitzen zuen Abadiak gauetan eta, etzanda, izarrak behatu eta haien kokapena aztertzen zuen arretaz denbora luzez.

Gazteluaren sarrera nagusia. (Eli TXAPARTEGI)
OHOREZKO EGONGELA ETA LOGELA

Gazteluko beste gela interesgarria Ohorezko egongela da. Hegoaldeko dorrean kokatutako areto urdin biribil handi bat da, paretak kaligrafia gotikozko A eta V hizkiez beteta dituena. Deigarria da Edmond Duthoitek diseinatu eta Angoulemen harriarekin eraikitako tximinia. Ikusgarria izateaz gain, gogoeta egitera gonbidatzen duen esaldi bat irakur daiteke zizelkaturik latinez: «Bizitza kea bezala doakigu».

«Harririk ez bota ura ateratzen diozun putzura»

Gazteluaren ibilbidearen hurrengo geldialdia Ohorezko logela da. Arabiar motiboz margotutako oihalez estalitako pareta handiak ditu. Gela honetako tximiniak ere introspekziora gonbidatzen du bisitaria esaera zahar batekin, oraingo honetan arabiar grafiarekin idatzitakoa: «Harririk ez bota ura ateratzen diozun putzura». Aitzitik, ohe gainean agertzen diren hitzek atseden hartzera gonbidatzen dute: «Lo gozoa, urrezko ametsak, bertan pausatzen denari esnatze alaia eta goiz emankorra».

Ondoren, zenbait gela bisitatu eta gero –Etiopiakoa, Jerusalemgoa, Enperadorearena, Dorrekoa (Napoleon III.aren gela) eta Virginia Vincent Abadiaren emaztearena, besteak beste–, kapera izan daiteke gazteluaren ibilbidearen azken geldiunea.

Behatoki astrologikoan dagoen teleskopio meridianoa. (Eli TXAPARTEGI)
KAPERA BAT ITSASORA BEGIRA

Gazteluak kapera bat ere badu, hasieratik inguruko nekazarientzat pentsatua zena. Dekorazioak agerian uzten du, berriz ere, Abbadiak ekialdeko artearekiko sentitzen zuen erakarpena. Gela angeluzuzen handi bat da, horma gorridunak eta egurrezko sabai margotu batean elkartzen diren arkuak dituena.

Aldarean, ekialdera begira, hiru beiratek bahetutako argi epela eta atsegina islatzen da. Erdian Jesus iraindua azaltzen da eta, alboetan, San Tomas Akinokoa eta San Augustin. Hain zuzen ere, Abbadia eta bere emaztea, Virginia Vincent de Saint-Bonnet, aldarearen azpiko kripta batean daude. Anton 1897an hil zen 87 urtetan, eta Virginia, berriz, 1901ean, 73 urte zituela.

Aldarearen azpian eta itsasoaren ondoan, berak nahi zuen bezala, olatuek bustitako leku pribilegiatu batean eta izarren babesean. Egia esan, leku paregabea da paseatzeko eta kostaldeko bidexka artean apropos galtzeko.

Gaztelutik irten aurretik komeni da bisitan zehar zenbait unetan azaldutako misterioa argitzen saiatzea: zergatik ikusten dira hormetan zenbait zulotxo lerrokatuta?

Baina, hori bai, gaztelutik irten aurretik komeni da bisitan zehar zenbait unetan azaldutako misterioa argitzen saiatzea: zergatik ikusten dira hormetan zenbait zulotxo lerrokatuta? Abbadiak egindako esperimentu baten aztarnak omen dira. Nonbait, argiaren errefrakzio atmosferikoa ikertu nahi zuen zulo horien bidez. Eta sarreran ikusitako Larrungo tontorrak zerikusirik bazuen saiakuntzarekin. Baita sarrerako ate ondoko horman bisita hasieran ikusitako zulotxoak ere. «Ez ikusi. Ez ikasi» mezua zizelkatuta dago, baina bisita bukatu arte ez da jakiten esaldiaren esanahia: nonbait Abbadiaren ikerlanak porrot egin zuen, baina, akatsa ezkutatu eta zuloak estali ordez, mantendu egin zituen, mezu hori gehituz.