Eli Txapartegi

Nakasendo Bidea, antzinako Japoniaren bihotzean

Shinchaya Inn etxe historikoa, Magome-n. (David Madison | Getty Images)
Shinchaya Inn etxe historikoa, Magome-n. (David Madison | Getty Images)

Bidezidor sigi-sagatsuak, herrixka historikoak, te-etxeak, soro zabalak, santutegiak, paisaia menditsu eta askotarikoak, samuraien, merkatarien, monje ibiltarien eta iraganeko bidaiarien istorioak gordetzen dituztenak... Nakasendo Ibilbide mitikoaz ari gara, XVII. mendean eraiki zena Japoniako Edo garaian (1603-1867) merkataritza eta bidaiak errazteko Kyoto eta Edo (Tokio) artean. Horregatik XVII. eta XIX. mendeen artean merkatariak eta samuraiak ziren Nakasendo ibilbidea gehien erabiltzen zuten bidaiariak.

Magomeko Shinchaya Inn ostatuko jabea argazkia ateratzen bezero batzuei. (David Madison | Getty Images)

Futoiak eta mantak bidean turistak hartzen dituzten etxeetan zintzilik, Tsumagon. (David Madison | Getty Images)

Bidezidorrak –«mendien arteko bidea» esan nahi du– Kisoji izenez ezagutzen dute egun bertakoek.  Antzinako Japoniaren bihotza zeharkatzen du, bidaiariari aldatu gabeko edertasunez inguratutako kultura-ondare aberatsa eskainiz, iragan distiratsua irudikatzera gonbidatzen duena. Hiri modernoen zalapartatik urrun bisitariak eskertzen duen arnasa bezalakoa da.

Ishidatami, jatorrizko harrizko zoladura Esaten dutenez, Nakasendo bidetik ibiltzea Japoniako historiaren zati bateko galtzada-harrietan paseatzea omen da. Baina, gaur egun bidea osorik egin badaiteke ere, zati batzuetan bakarrik kontserbatzen da jatorrizko harrizko zoladura (ishidatami). Horietako bat Magome (Magomejuku) eta Tsumago (Tsumagojuku) lotzen dituena da, Nagano eta Gifu prefekturen artean.

Tsumagoko alde zaharra. (Marek SLUSARCZYK | Getty Images)

Teontzi bat su gainean zintzilik, Waki Honjin Okuya historia museoan. (David Madison | Getty Images)

Tarterik ezagunena eta erabiliena da. Baita duela 400 urteko esentzia ondoen mantentzen duena ere.
Nakasendo –jatorrian, Kisokaido– Edo garaian Japoniak izan zituen bost ibilbide nagusietako bat izan zen, Tōkaidō, Kōshu Kaidō, Ōshu Kaidō eta Nikkō Kaidōrekin batera.

Kiso harana zeharkatuz Magome eta Tsumago lotzen dituen zortzi kilometroko zatia aukeratzen duena antzinako Japonian murgilduko da, lasaitasuna bidaide duela. Eta, gainera, akaso eskertuko du ahalegin handirik egin behar ez izatea, ezta ekipamendu berezirik ere. Nolanahi ere, gomendatzen da abiapuntutzat Magome hautatzea, haranaren hegoaldeko sarreran, eta handik iparralderantz jarraitzea, Tsumagorantz, bidearen zati handi bat maldan behera delako. Gainera, bidezidorrak argi eta garbi seinaleztatuta daude, japonieraz zein ingelesez.

Egurrezko noria tradizionala Magome-n. (Pius B. Lee| Getty Images)

Tateba te-etxea, Magome inguruan. (David Madison | Getty Images)

Magome, Kiso mendi elurtuak atzean dituela, Edo garaian Nakasendo bidea zeharkatzen zutenei janaria, entretenimendua eta ostatua eskaintzen zieten 69 atsedenlekuetatik 43.a da. Gehienak dirudunak zirenez, berehala sortu ziren bidean zehar te-etxeak, dendak eta ostatuak, atsedenlekuetako inguruak hiri txiki bihurtu arte. Hasiera batean, geltoki bat zegoen 10 kilometrotik behin, eta Magomekoa da kontserbatzen den bakarrenetakoa.

Edo garaiko esentzia Edo garaiko esentzia mantentzen duen mendiko herri xarmagarria da Magome. Egurrezko etxe tradizionalak, artisautza dendak eta gohei mochi –miso eta arroz brotxeta– eskaintzen duten jatetxe erakargarriak ditu.

Shoro tenpluko sarrera zaintzen duen estatua. (David Madison | Getty Images)

Nakasendo bidean, aurrera. (David Madison | Getty Images)

Magomeko ibilbidea hasi aurretik, batzuek herria ezagutu nahi izaten dute eta zenbait museo bisitatu, honako hauek gehienbat: Honjin/Toson Oroimenezko Museoa, Wakihonjin eta Shimizuya Shiryokane. Azken honek bertako arropa tradizionala, zeramika eta pergaminoak ditu ikusgai.

Eta ibilbidearen amaieran Tsumago du zain bisitariak. Hemen ere sake fabrikak, yukata-dendak eta mimoz berreraikitako egurrezko etxe tradizionalen artean paseatzeko aukera izango du. Eta baliteke eguna borobiltzeko ryokan batean ostatu hartzea. Ostatu tradizionalak dira.

Egurrezko eraikin tradizional japoniarrak Narai-juku kale historikoan. (Getty Images)

Japoniar bat egurrezko boligrafo bat egiten tornu txiki batean. (Antonio D'ALBORE | Getty Images)

Manpuku-an Eishoji tenplu budista bisitatzea ere aholkatzen dute. Muinoaren tontorrean kokatua, kanpai erraldoi bat du banbuzko makila baten kolpea jasotzeko prest. Santutegi bat ere badu barnealdean, zilar koloreko zetazko panelez eta urre koloreko linternez osatua.

Hori bai, ryokan tradizionalean ostatu hartzea erabakitzen duenak kontuan izan behar du oinetakoak atarian utzi behar dituela eta tatami baten gainean lo egingo duela, paperezko bionboen eta mahaitxo baxuen artean. Eta ziur aski harritu ere egingo da menuarekin. Normalean, ezin konta ahala plater izaten ditu eta inoiz ez da falta soba edo sansai tempura.

Eta azken ohar bat: ez da ahaztu behar inguruetan hartzak bizi direla, bereziki aktiboak udaberrian eta udazkenean. Horregatik, bidean kanpaiak daude, animaliak uxatzeko erabili behar direnak.