Basterretxea eta zementua, solaskide artistikoak

Maiatzak 28-Urriak 25
Museum Cemento Rezolan erakusketa berezi bat dago ikusgai urriaren 25era arte: ‘Basterretxea eta Zementua. Arriarango Urtegia’. Zehazki, Arriarango urtegiko hormigoizko ‘Urbidea’ obra monumentalaren fabrikazio eta instalazio prozesua erakusten du Donostiako Añorgako guneak, artista bermeotarraren zirriborroen, maketen, argazkien eta bideoen bidez.
Bere ibilbidean zehar garatutako interes eta lengoaien parte handia laburbildu zuen artistak Beasaingo azpiegituran egindako lan erraldoian, eta horren lekuko da erakusketa. Sorkuntza-forma eta -estilo berriak arakatuz eraiki zuen ‘Urbidea’ eskultura Basterretxeak 1993an.
Halaber, orain hamaika urte zendu zen eskultore bermeotarrak zementuarekin egindako lan artistikoari buruzko diskurtso interesgarria osatzeko, material horrekin egindako adibiderik esanguratsuenak bildu ditu Añorgako erakusketak, eskultura publikoen argazki, diseinu eta maketen bidez.
Horietako bat da, hain zuzen ere, 1973an bere jaioterrian, Bermeon, jarritako ‘Benito Barruetari omenaldia’ pieza deigarria. Eskulturaren behealdean haritz-zurarekin eta zementuarekin egindako joko interesgarria azaltzen da, bai piezari, baita inguruari ere adierazpen-aukera handiak eskaintzen dizkiena.