Alfons Rodriguez

Bruneiko Sultanerria, Borneoko txoko ahaztua

Munduko herrialde txiki eta diskretuenetako bat ezkutatzen da planetako uharte handienetako batean. Borneo da uharte hori; gobernatzen duen sultanaren xelebrekeriek famaturiko lekua, baina hori baino askoz ere gehiago dena.

Omar Ali meskitaren ikuspegia Bandar Seri Begawan hiriburuan iluntzean. (Alfons Rodriguez)
Omar Ali meskitaren ikuspegia Bandar Seri Begawan hiriburuan iluntzean. (Alfons Rodriguez)

Oraindik ez nekien, baina Borneo uharte urrun eta exotikoan, Bruneiko Sultanerrian barrena, egingo nuen bidaiak zapore berezia izango zuen: sibut izeneko fruta basatiaren gustu deskribaezina, ratan freskoarekin batuta –hemen terraza eta lorategietarako aulkietan topatzen dugun materiala–. Mr. Bensonek, dusun etniakoak, kapela cowboy erara jantzita, goiz heze hartan eskaini zidan, Bukit Udal-eko oihanean, herrialdearen bihotz berdean. Gaua ur gaineko txabola batean igaro nuen, Anak Pulau izeneko leku batean –irla txiki baten antzeko zerbait–, oihaneko iluntasunak eta soinuek babestuta.

Erdi hondoratutako enbor batetik sartzen zen txabolara. Dena benetakoa eta naturala zela zirudien, harik eta zurezko plataforma zarpaildua ur gainean mantentzen zuten bidoiei erreparatu nien arte. Shell hitza ageri zen alboetan, denborak eta herdoilak erdi ezabatuta. Herrialde ñimiño honetako kostaldean egunero ekoizten diren milioi laurden petrolio upelek sortzen dituzten dolarrak baino gauza estimatuagorik gutxi dago. Horregatik, petrolioak eta haren oskol magikoak ia dena menderatzen dute han, baita planetako oihan zaharrenetako antzinako gauak ere.

Landare haragijalea (Nephentes rafflesiarra) Ulu Temburong Parke Nazionala hartzen duen oihan-eskualdean. (Alfons Rodriguez)
Belait etniako aita-semeak Kuala Belait eskualdean. Diotenez, etnia horrek etsaien burua mozten zuen, boterea eta errespetua adierazteko. (Alfons Rodriguez)
BANDAR SERI BEGAWAN

Bitxia da, baina izenburu hori sultanerriko hiriburuaren izena baino ez da. Gutxik ezagutzen duten eta oharkabean pasatu ohi den hiriburu horietakoa da. Horrela deskubritu nuen 200.000 biztanle inguruko hiri lasai hori. Kaleak obsesiboki garbiak dira, trafiko gutxi eta ordenatua dutenak. Asiako hego-ekialdeko hiri baten eta Arabiar Emirerrietako beste baten erdibidean dago. Mendebaldar kutsukoa da, baina Tokio edo Singapurren esajeraziorik gabea. Izaera tradizional eta xumekoa, baina lehen mailako hiri harro bat balitz bezala portatzen dakiena.

Hiriko skyline eskasean bi meskita handiak nabarmentzen dira, Omar Ali Saiffudien eta Hassanal Bolkiah; luxu erakustaldiak biak, dolar xahutze ederra eginda eraikiak. Zerura zuzenduriko minareteek eta kupula urreztatuek argi eta garbi uzten dute herrialdea, batez ere, islamiarra dela. Hala ere, txinatar budisten eta kristauen gutxiengo txiki bat bada eta, beraz, erlijio-aniztuna dela esan behar da, eta kulturaniztuna.

Ikasleak Kampung Ayer herri flotatzailera itzultzen, eskolan izan ondoren. 40 mila pertsona baino gehiago bizi dira hiriburutik gertu dagoen herrixka honetan. (Alfons Rodriguez)

Brunei eta Kedayan ibaiek inguratzen dute hiria, eta nolabaiteko exotismoa eta freskotasuna ematen diote. Ez bakarrik mangladiengatik, tximino sudurrandiagatik, Varanus giganteus-engatik eta sugeengatik, baita ur gainean diren palafitoen gaineko zurezko etxeez osaturiko auzo bitxiengatik ere. Kampung Ayer izenez ezagun dira. Bandarren, 40.000 biztanleri baino gehiagori aterpea ematen dieten halako 28 kokaleku daude.

Taxiak, ibaiak ziztu bizian zeharkatzen dituzten karelez kanpoko txalupak, frutaz, zakuz eta bidaiariz kargatuta doaz ubiderik bihurgunetsuenen artetik eta auzoak zeharkatzen dituzten ur-etorbide handietan zehar. Ikuskizun handia da leku hori puntako orduan ikustea, jendea lanetik etxera itzultzen denean eta haurrek eskola-eguna amaitu dutenean. Atzean, Omar Ali meskita ahalguztidunean arratsaldeko otoitzera deitzen du muezzinak.

Ilunabarra Kedayan ibaiaren ertzean, Bandar Seri Begawan hirian. (Alfons Rodriguez)
BRUNEIKO SULTANA

Bere Maiestate Aji Hassanal Bolkiah Muizzaddin Waddaulah sultana, Aji izenez ezagunagoa, perutar saltsa mina bezala, pertsona gakoa da herrialdearen bilakaeran.

Bruneiri buruzko lehen erreferentziak Txinarekiko merkataritzarekin loturikoak dira, VI. mendekoak. Baina XV. eta XVI. mendeetan, Islamari atxiki zitzaionean, hasi zen bere nagusitasuna eta distira eskualdean. Borneo irla osoa hartzera iritsi eta bere garroak Filipinetaraino hedatu zituen. Garai hartan, espainiarrak eta portugaldarrak kontrola bereganatzen saiatu ziren. Britainiar inperioak ez zuen zorte txar bera izan, James Brooke ospetsuaren eskutik sultanerria menderatu baitzuen.

Bere gobernupean, Brookek piratak ur hauetatik kanporatu zituen eta Brunei protektoratu bihurtu zuen, sultanerriari irabaziak ematen zizkion legez kanpoko jarduera horri amaiera emanez. 1888. urtea zen. 1929an petrolioa aurkitu zen bertako kostaldean eta ordutik herrialdearen independentzia osoa lortu arte, sultan zaharrak, bere aurkariek, britainiarrek eta malaysiarrek politika eta interes joko harrigarriari ekin zioten, herrialdearen independentziarekin amaitu zena.

Emakumeak ere etxera itzultzen. (Alfons Rodriguez)

Merinbungeko ur beltzen aintzira, Tutong barrutian. (Alfons Rodriguez)

Sultanaren Jauregia ez dago ikusgai; ikusten den gauza bakarra sarrera nagusia da, eta zuhaitzen adaburuek erdi estalita dauden urrezko kupulak, baita inguratzen duen errepidearen ondoan dagoen polo zelai handi bat ere. Gainerakoa urte osoan ezkutuan mantentzen dute, eta herritarrak ramadanaren amaierako egun batean baino ezin dira sartu. Egun horretan sultanak jauregiko gela batzuk zabaltzen dizkio jendeari.

Istana Nurul Iman delakoak, hots, Sultanaren Jauregiak, zifra eta datu surrealistak ditu. Vatikanoko Jauregia baino handiagoa da, eta 32 arkitektok zuzendu zuten haren eraikuntza. 1.788 logela, 200 bainugela eta 4.000 pertsonarentzako bankete-aretoa ditu. Ofizialki, eraikitzea 350 milioi dolar baino gehiago kostatu zen, zooa, polo zelaia, heliodromoa, futbol zelaia eta beste kapritxo esklusibo batzuk barne. Beheko solairuan, Sultanak Rolls Royce bilduma ospetsua gordetzen du, baita Lamborghinis eta Ferrarisen beste bilduma batzuk ere.

Bruneiko ohiko bizimodura ere iritsi da marketina. (Alfons Rodriguez)
Tximino sudurluze gazte bat, Borneoko oihanetako endemikoa. (Alfons Rodriguez)
BURU EHIZTARIAK

Herrialdearen barnealdera bidaiatzen ari naizela, bertako enpresari bat ezagutu dut, Jungle Dave izenez ezaguna. Davek, matxetea gerrian duela, bere herrialdea Borneoko Bihotz Berdea proiektuaren parte dela azaldu dit. Egitasmoak uharteko oihanak eta ekosistemak babestea du helburu, batez ere bertako bizilagunen, Malaysiaren eta Indonesiaren, akatsak saihestuz, ia erabat suntsitu baitituzte beren lurraldeak. Bangar herrixkara goaz, Temburong barrutian, Malaysiak eta itsasoak herrialdetik bereizten duten barrutian. Motordun txalupan goaz, krokodiloak eta barano erraldoiak bizi diren mangladi bihurgunetsuen kanalen artetik.

Bangar herri zabal eta garbia da, oihan eremuan sartu baino lehen hornigaiak erosteko aparta. Errepidea Batang Duri-n amaitzen da, Bangarretik 15 minutu pasatxora. Handik Ulu Temburong National Park-en barneratzen da kalatu txikiko txalupa estu bat. Dipterokarpeo erraldoiak –munduko zuhaitzik handienetako bat–, eremu urrunenetan, oihan zahar eta birjina baten buru dira.

Kampung Ayer, palafitoen gainean eraikitako herria. Brunei inperioko antzinako hiriburua. Palafitoen gaineko 4.000 zurezko eraikinek baino gehiagok osatzen dute asentamendu hau. (Alfons Rodriguez)

Bandarrek eta Bruneik petrolioak eragindako aberastasuna dute, baina oparotasunik gabe, herrialdean nagusi den sultanaren xelebrekeriak islatzen ez dituena. (Alfons Rodriguez)

Temburong barrutian, Borneon hobekien kontserbatutakoetako batean, herrialdeko zazpi talde etnikoetako batzuk bizi dira, hala nola, dusun, kedayan eta belait izenekoak. Herrialdearen beste aldean, hego-mendebaldean, Belait barrutian, ur beltz-beltzeko urmael ezkutuak daude, landare haragijaleak, landaredi oparoa, hainbat familia batera hartzen dituzten etxebizitza tradizional komunitarioak, aspaldiko borroken istorio ahaztuak eta beste hainbat sorpresa. Halakoa da mugez eta petrolioaz haraindiko Brunei.

BI TRIBUREN BORROKA

Belait eskualdera iritsi gara, Belait ibaiak bustitzen duena. Duela bi mende baino gehiago gertatutako gertaera makabro baten istorioa eta eszenatokia bertatik bertara ezagutzeko interesa nuen, hiriburuan horretaz hitz egin baitzidaten. Kontatzen denez, garai hartan bi tribuk, belaitek eta kedayanek, lurralde-gatazkengatik borroka odoltsua hasi zuten. Belaitek irabazi zuten eta, nagusitasun seinale gisa, borrokan hildako 300 kedayan gudariri burua moztu zieten. Borroka ankerraren eta ondorengo bake akordioaren ostean, bi bandoetan bizirik atera ziren gudariek, gertakizunaren urteurren bakoitzean, orduan aurkari izan zituztenen odola edango zutela ezarri zen, bake eta anaitasun seinale.

Dusun etniako Benson, sibut pieza bat zuritzen, Bukit Udal oihaneko fruta bat da. (Alfons Rodriguez)

Kampung Ayerko palafitoen gainean bizitza lasai doa. Saltokiak, eskolak eta etxebizitzak Brunei ibaiko ur bareen gainean altxatzen dira. (Alfons Rodriguez)

Jame Hassanal meskita, Bruneiko handiena. (Alfons Rodriguez)

Burezurrak egurrezko plataforma baten gainean kontserbatu zituzten ia 200 urtez, harik eta 1963an ibaiaren ur-goraldi batek gehienak ibai-ibilguaren hondoraino eraman zituen arte. Gaur egun ibai ertzean ikus daitezkeen 15 gerlarien burezurrak dira urak behera egin ondoren berreskuratu ahal izan ziren bakarrak. Gaur egun horiek zaintzeaz arduratzen den belait zaharrak Abdul Karim du izena.

Egun batzuk geroago, kostaldeko bidetik hiriburura itzuli nintzenean, Brunei prosaikoena ezagutu nuen. Itsas zerumugan, dorre handiek gas naturala flanbeatzen dute zamaontzien gainean, likido preziatua Japoniara eramango duten itsasontzien gainean. Hiru adarreko ustiapena da: Sultanerriaren, Shell-en eta Mitsubishiren artekoa.

Gorago, errepide erdian, Seria hiria dago, petrolio destilategiak, Brunei Shell Corporation-eko langileak eta horiek babesten dituzten Gurkhas nepaldarrak hartzeko eraikia. Donkeys izeneko lurreko bonbez zipriztinduta dago eremua, eta Petrolio Gordinaren Mila milioi Upelen Monumentua nabarmen agertzen da, Hego Txinako Itsasoaren bazterrean, hain zuzen ere. Belaiteko buru ehiztariengandik eta Mr. Benson zintzoarengandik mila milioi urtera kokatuak diruditen leku eta istorio bat.