Urtzi Urrutikoetxea

Boise, diasporaren topagune, eta askoz gehiago

Boisek milaka bisitari hartuko ditu uda honetan, hamar urteren ostean berreskuratuko duen euskal Jaialdian. Idahoko hiriburua Ameriketako Estatu Batuetako hiririk atseginenetakoa da.

Hiriko ikuspegia Boise Depot-etik. (Getty Images)
Hiriko ikuspegia Boise Depot-etik. (Getty Images)

Aurtengo udan Euskal Herritik joandako bisitari gehien hartuko duen lekuetako bat da; uztail amaieran egiten den Jaialdian, batez ere. Boise, Idaho estatuko hiriburua, aspaldi da Estatu Batuetako euskal diasporaren hiri nagusia. Hiriak oso harro ageri du euskal ondare hori; bere burua kanpoan saltzen duenean zein nazioarteko bidaia-agerkari garrantzitsuenek aipatzean, euskal kulturak, jaialdiak edo euskal blokeak beti daukate leku garrantzitsu bat. Hori baino askoz gehiago ere bada Boise, horratik, eta azken urteotan are gehiago nabarmendu da, AEBko erreferente berrietan garrantzitsuenetakoa bihurtzeraino.

Idahoko hiriburura uda giroan hurbiltzean, giro desertiko batean altxatutako oasia ageri da. Paisaia idorra da gehienean autoz joatean, eta airez ere ikuspegiak harkaitz lehorra erakusten du, arroilek moztuta tarteka. Boiseren berdetasunak egiten du kontrastea. Boise ibaiak ematen dio berdearen bizitasun hori. Zenbait kilometro ibaian gora dagoen Lucky Peak urtegiak, ur-emariaren kontrolaz gain, hiritik irteera ederra egiteko aukera ematen du, hondartza egunaz gozatzeko. Ura hotz samar egon arren, kanpoko beroaren kontrastea paregabea da.

Assay Office, Idahon eraikitako lehen eraikin federala, urre-ekoizpena aztertzeko. (Urtzi URRUTIKOETXEA)

Izan ere, uda lehorra eta beroa da Boisen. Tarteka ekaitzen batekin, baina AEBn ohikoa den eguraldia dauka: bero handia udan (neguan hotza legez), eta aire girotua maximoan alde guztietan.

Hiriaren erdigunea ibaiaren eskuinaldean dago, iparraldera. Idahoko kapitolio dotorea da eraikin nabarmenena urrundik ikusita. Estatuko legebiltzar horretatik ibairaino doan kaleak Capitol izena du, Capitol Boulevard zehazki. Kalean behera joanda, Idaho eta Main Street-en artean udaletxea dago (aurrean, kantoian The Egyptian Theatre dago, egiptoar itxiera eraikia).

BASQUE BLOCK

Hurrengo kaleak, berriz, Grove izena dauka, baina tarte honetan, S Capitol Boulevard-en eta 6. kalearen artean, Basque Block edo euskal blokea bihurtzen da, batean Gernika tabernak eta bestean Leku Onak eta euskal etxeko ikurrinak agerian uzten duten legez. Hauxe da urtero, uztail amaieran, San Inazio egunaren inguruan, Boiseko euskal komunitateak ospatzen duen jaiaren erdigunea. 1987an lehen aldiz egin eta 1990ean errepikatu ostean, bost urterik behin komunitatearen ospakizun hori jaialdi erraldoi bihurtzen da. Aurten Euskal Herritik, AEBko diasporatik eta beste leku askotatik milaka lagun etortzea espero da, pandemiaren ondorioz hamarkada bat joan baita azkenengoz ospatu zenetik.

O'Farrell Cabin, Boiseko etxerik zaharrena, irlandar familia katoliko batek eraiki zuen 1863an. (Urtzi URRUTIKOETXEA)

Ikurrinak faroletan eta bide bazterrean eta liburuak zoruan ikus daitezke Basque Blocken. Erdian euskal museoa eta kulturgunea ditu, 1910eko Cyrus Jacobs-Uberuaga House etxe eta ostatuan eraikia. Boarding house edo ostatu hauek, euskal etorkinei aterpe emateaz gain, euskaldunen topaleku eta kulturgune izan ziren XX. mendearen zati handi batean. Egun, gure herriari eta AEBko mendebaldeari buruko erakusketa eta dokumentu interesgarriak ikus daitezke bertan eta frontoi paregabe bat ere badauka.

Uztaileko azken astean eta abuztuko lehenean euskal blokea izango da milaka lagunen topalekua. Estatu Batuetako bitxikeria gisa, alkohola kontsumitzeko eremua mugatuta egongo da, eta haurtzaroa aspaldi utzi zutenei ere identifikazioa eskatuko diete beharbada jaioteguna egiaztatu eta edateko adina daukala dioen eskumuturrekoa emateko.

The Egyptian Theatre, Capitol Boulevard eta Main Street-en izkinan, Basque Blocketik hurbil. (Urtzi URRUTIKOETXEA)

Eguneroko topaleku horretatik hurbil, Grove kalean zehar jarraituz eta S Capitol Boulevard zeharkatuta, Idaho Capital Arena dago. Jaialdiko ostegun, ostiral eta larunbat gauean hemen izango dira herri-kirol erakustaldiak eta dantzaldiak. Oinez metro gutxira dagoen eremu honetatik urrun dago Expo Idaho, 10-15 minutura autoz. Garden City udalerrian dago. Nampa eta Meridianekin batera, Boiseren eta inguruko udalerrien hazkundearen lekuko izan da, eskualdeko boom ekonomikoari eta bizi-kalitate onari esker.

Euskal etxea, Basque block-aren sarreran, hirian egindako azken Jaialdian. (Urtzi URRUTIKOETXEA)
HISTORIA MUSEOETAN ETA NATURA

Basque block-etik beherantz jarraituta, ibairantz, Idahoko museo interesgarria dago. Mendebaldeko estatu honetako historia, indigenetatik kolonoen garairainokoa, ezagutzeko leku aproposa da. Hiriko historiari buruzko beste museo interesgarri bat ekialdean dago: Old Idaho Penitentiary Site espetxe zahar bat da, eta, barruan historia biltzeaz gain, lorategi botaniko ederra ere badauka. S Capitol Boulevard beherantz hartuta (kapitolioa beti atzean), Arte Museoa ageri da, zubira iritsi arte.

Oso inguru atsegina da ibaiertza. Capitol eta 9. kaleak ibaiaz bestaldean bat egiten dute, eta tarte estu horretan hiru zubi daude. Kapitoliokoak Oregon Trail-eko aitzindari edo pioneroak omentzen ditu (ibilbidearen mugarriak daude hirian zehar). Erdiko zubia, 9th Street Bridge, oinezkoentzat bakarrik da. Oso leku interesgarritik abiatzen da: Idaho Anne Frank Human Rights Memorial, giza eskubideen gainean hausnartzeko txokoa.

Boise ibaia, hiri erditik doan Greenbelt-ean. Udan jende asko ibaian freskatu ohi da, kayakean edo edozein puzgarri hartuta. (Urtzi URRUTIKOETXEA)

Boiseko erdigunea (downtown) ibaiaz iparrera dagoen bezala, parean, hegoaldera, unibertsitatea eta Albertsons futbol amerikarreko estadioa daude. Duela hamar urte bertan jokatu zuen Bilboko Athleticek, boluntarioek auzolanean belardia zelai bihurtu eta gero.

Unibertsitateko erresidentzia eta ostatuen artean bideak gorantz egiten du berriz, Boise Depot txoko ikonikoraino. Estilo mediterraneoko eraikinak ehun urte bete ditu aurten; Chicagotik Portlandera zihoan trenbideko geltokia garrantzitsua izan zen. Garai hartako tren bat ikusgai dago oraindik, Platt lorategien aldamenean. Hiriko postal ezagunena da, etorbidearen beste puntan Idahoko kapitolio ikusgarria ageri dela.

Boise downtown edo Boiseko erdigunean aurki daitezkeen neoizko seinaleetako bat. (Urtzi URRUTIKOETXEA)

Boise Depot duela ehun urte eraiki zuten. Trenbidearen geltokia izan zen XX. mendean. (William Krumpelman | Getty Images)

Hiria altueratik ikusteko beste aukera bat iparralderantz dago. Kapitolioaren atzetik North End-era joanda, Hyde Park arrats eta ilunabar atseginetarako lekua da, terrazan jarri edo izozkia hartzeko. Atzerago Camels Back muinoa dauka, aldapa artez batetik igotzeko. Hiriko ikuspegi itzela dago goitik.

URETARA

Udako beroan, ibai bueltan daude Boiseko lekurik atsegin eta freskagarrienak. Parke eta berdegune ugari daude, Julia Davis (ibaitik iparrera) eta Ann Morrison (hegoaldera), esaterako. Kristi Armstrong parkean ibai inguruan Idahoko natura eta faunari buruz ikasteko aukera dago.

Handitzen ari den hirirako egitasmo hauetako zenbait Dave Bieter alkate euskaldunarekin egindakoak dira, 2004tik 2020ra.

Ninth Street Bridge, trenbide-zubia izan zena, egun oinezko eta txirrindularientzako ibilbideko pasabide atsegina da.

Ibaiertza ezagutzeko bi modu atsegin daude, oinez paseatzeaz gain. Bizikletaz Boise River Greenbelt ibilbide osoa egin daiteke, bizikletentzako berariaz prestatutako bideetan. Boiseko zubietatik bestelako irudi bat ere ikusi ohi da; gurpil puztuetan, flotagailu handietan edo beste edozein ohol edo txalupa txikitan ibaian behera datozen familiak eta kuadrillak. Ibaian behera, Bernardine Quinn parkean hondartza bat prestatu dute, eta surf taulekin ere trebatu dira batzuk inguruan.

Parean, Garden City-n jada, Telaya ardandegia dago, ibaiertzaz gozatzeko txokoa. Idahoko hiriburuan dozena bat bodegaz eta sagardotegi batez osatutako ibilbidea ere badago. Boise Estatu Batuetan famatu duten elementuen artean, bertako ostatu eta tabernetako giroa eta ardandegiak eta jatetxeak daude. Idaho oso estatu eskuindarra izan arren, hiriburua oasi progresista da, AEBko ipar-mendebaldeko joeran (eskualdeko hirugarren hiria da, Seattle eta Portlanden ostean). Unibertsitateak giro berezia ematen dio.

Gastronomian, Dan Ansotegui euskal musikariaren Ansots jatetxeak sari ugari jaso ditu azken urteotan. Euskal kultura Boiseren erakargarritasun handietako bat da, baina ez bakarra. Euskaldunei bezala, mundu osoko beste herritar askori egin die ongietorri hiriak. Larunbat goizetako azokan, Somaliako errefuxiatuen produktuak aurki daitezke, esaterako. Eta, euskal jatetxeez gain, beste sukaldaritza bat probatzeko, talibanengandik ihesi etorritako lau ahizpa afganistandarrek sortutako Sunshine Spice & Cafe ezusteko atsegina izango da.