Ane Iparragirre

Turdako gatz meatzeak, historia eta natura Transilvaniako bihotzean

Transilvaniaren bihotzean, lurpean, milaka urteko historia eta naturaren handitasuna uztartzen dituen harribitxi ezkutua dago: Turdako gatz meatzeak. Erromatarren garaian hasi zen martxan eta etenik gabe aritu zen lanean 1932an itxi zen arte. Gaur helmuga turistiko ezaguna da. Ezaguna eta berezia oso, hainbat bitxikeria hartzen dituelako; honako hauek, besteak beste: noria erraldoi bat, anfiteatroa, golf txikia, kontzertuetarako aretoa eta bolatokia.

Tunel luzeak ditu meatzeak. (Roberto Sorin | Getty Images)
Tunel luzeak ditu meatzeak. (Roberto Sorin | Getty Images)

Bisitariak lurpe sakonera sar daitezke, 10 eta 12 gradu zentigradu arteko tenperatura konstantea duten galeria eta putzu sare baten bidez. Gatz eraketa ikaragarriak mirets ditzakete eta, gainera, lurpeko laku batean txalupan paseatu. Meatze osoa da ikusgarria, zirraragarria, baina badago areto bat berezia dena, besteak baino liluragarriagoa. Rudolf izenekoa. Kamera trapezoidala da, 42 metroko altuera, 50eko zabalera eta 80 metroko luzera dituena. Lurpeko espazio zabalek, gatz laku bareek eta gatzezko eskultura naturalek eszenatoki paregabea osatzen dute, esperientzia magikoa bizitzera gonbidatzen duena.

Haurrentzako eta helduentzako parkea du. (Tudor | Getty Images)

Gora eta behera mugitzeko igogailuak ere baditu. (Emilia Kun | Getty Images)

Meatzeko zati bat. (Pierluigi PALAZZI | Getty Images)

Goialdean, areto erraldoia inguratzen duen galeria bat dago, meategiaren ikuspegi ezberdinak eskaintzen dizkiona bertatik pasatzen denari. Behean, noria ikusiko dute, meatze-gunearen azken zaharberritzean, 1992an, ezarri zena.

Lehen mailara jaisteko (hamahiru solairu daude, guztira), bi aukera daude: meatzearen alde banatan dauden 172 eskailera-mailak jaistea edo igogailu panoramikoa erabiltzea, giza ingeniaritzaren eta naturaren handitasunaren arteko konbinazioaren lekuko.

Barkuan ere ibili daitezke bisitariak. (Lisacenco SIMONA | Getty Images)

Goitik begira, ikusgarria da lurpean dagoen parkea. (Biris Paul Silviu | Getty Images)

Galeria batera joateko pasabidea. (Getty Images)

Sarrera. (Emily M. Wilson | Getty Images)

Gatz ustiapena 1932an gelditu zen behin betiko; batetik, arazo teknikoengatik eta, bestetik, lehiakortasunagatik. Ondoren, Bigarren Mundu Gerran, biztanleen babesleku gisa erabili zen, eta, 1950 eta 1992 bitartean, gazta biltegi gisa.

Egun, turismoa da, zalantzarik gabe, Turdako meatzeen helburu nagusia, baina gatzaren propietate terapeutikoak ere aprobetxatzen dituzte ahalik eta bisita gehien erakartzeko; dirudienez, bertako mikroklimak eta faktore sanogenikoek baldintza ezin hobeak sortzen dituzte terapia berreskuratzaileak egiteko.