Ordaindu beharreko albiste batean sartu zara eta zure kontu pertsonaleko klik bat kontsumitu duzu.
Jon Benito
Valderejo parke naturala, basatia zein ederra
Mendizale bat Valderejoko pagadi batean. (Jon BENITO)
Gaubeako bailaran badago ere, Burgoseko lurrekin mugatu eta fusionatu egiten da han-hemenka, eta sarritan bietan ibil gaitezke ohartu gabe. Gainera, kontuan hartzen bada Burgoseko txoko horiek Obarenes mendiak-Zan Zadornil Parke Naturalaren barnean daudela, lurralde babestu horren azalera asko handitzen da. Parkeak zirku geologiko baten itxura du. Hondoan, larreak eta herrixkak daude; maldetan, basoak, eta, gainetik, lekuaren perimetroa marrazten duten hiru mendi: ekialdean, Arrayuelas (1.128 m), iparrean Recuenco (1.241 m) eta mendebaldean Vallegrull (1.224 m).
Paisaia hori ibaiek sortu dute neurri handi batean, nagusiki Purón ibaiak, parkeko ibilbide ezagunena induskatu duenak, alegia. Zirkuaren iparrean jaio eta Burgoseko Herrán herriaz haraindi Ebro ibaira isurtzen da.
Valderejoko zirkua, Recuenco mendiaren ingurutik ikusita. (Jon BENITO)
San Lorentzo baseliza.
Herriak ere badaude lurralde zoragarri honetan baina, zoritxarrez, horietako bi, Villamardones eta Ribera, aspaldian abandonatu ziren. Beste biek (Lalastrak, 12 biztanlerekin eta Lahozek, 2rekin) ozta-ozta bizirauten dute, batez ere neguan.
Lalastra da, hain zuzen, Valderejo ezagutzeko abiapuntu erosoena. Ondo zainduta, herrixkan eraikin interesgarriak daude, hala nola Santa Elena eliza eta haren orratz bakarreko erlojua, alboan dagoen ferratokia, Museo Etnografiko bitxia, non antzinako lanbideak eta tresnak erakusten diren, eta Parketxea, parke naturalaren interpretazio zentroa. Bertan, panel eta maketetan naturari buruzko informazioa erakusteaz gain, ibilbideak egiteko aholkuak eta mapak ere eskaintzen dituzte.
Riberako San Esteban eliza udazkenean. (Jon BENITO)
Errekasto bat Vallegrul inguruan. (Jon BENITO)
Baina, nire ustez, biodibertsitatea da inguru natural horren baliorik handiena. Kontuan izan behar da bertan lautadako eta kostaldeko klimak nahasten direla eta, ondorioz, landareen aniztasuna izugarri handitzen dela; horregatik kontsidera daiteke parkea paradisu botanikoa. Adibide gisa, basa-orkideen 40 espezie zenbatu dira han, kopuru itzela Euskal Herrian.
Udazkenean basoek kolorez jantziko dute landare-paisaia. Pagoez gain (beti ederrak udagoienean), hurrondoak, lizarrak eta astigarrak horiz eta laranjaz jantziko dira. Baina guztien artean ederrena, xarmagarriena, eihar frantsesa (Acer monspessulanum) da, astigar mota bat. Harri grisen artean, bakarka edo talde txikietan, horitik gorrira doan kolore-paleta osoa erakutsiko dute gure gozamenerako.
Valderejo eta Ribera herria Santa Ana menditik. (Jon BENITO)
El Gustaleko iruinarria. (Jon BENITO)
Valderejoko fauna ere ugaria da. Ugaztunen artean, besteak beste, basurdeak, orkatzak, basakatuak eta katajinetak, ikus daitezke zortea alde badugu. Anfibioak ere (baso-igelak, uhandreak, arrabioak…) erraz topatuko ditugu errekatxoen inguruan, ugaltzeko prest.
Hegaztiek aparteko aipamena merezi dute, batez ere harrizko hormetan bizi diren harrapariek (arrano beltza, belatza, hontz handia…) eta sarraskijaleek, hau da, sai zuriak eta, bereziki, sai arreak; azken horien 110 bikote zenbatu dira Valderejon, EAEko koloniarik handiena.
Valderejo dastatzeko bidexketan ibili behar da eta, horretarako, hona hemen hiru ibilbide, erraz eta ederrak. Hiruretan udazkeneko loreak (askari-loreak eta basa-azafranak) eta fruitu ugari (elorri zuria, basaranak, arkakaratsak…) aurkituko ditugu.
El Chorro ur-jauzia. (Jon BENITO) Harrizko zubia Puron ibaian. (Jon BENITO)
Purón ibaiaren haitzarteko bidea
Seguruenik, parke naturaleko biderik ibiliena, ospetsuena da Purón ibaiaren haitzartekoa. Izan ere, denetarik du: ur-jauziak, putzuak, haitzarte ikusgarria eta eliza erromaniko isolatu bat harkaitzen gainetik.
Ibilgailua Lalastran utzi ondoren, herria zeharkatu behar da; Parketxera iritsita, ezkerreko bide markatua (Purón bidea) hartu eta laster agertuko zaigu Valderejoko paisaia adierazgarria, hau da, larreak eta kareharri-mendiak.
Bidexkatik apurka-apurka jaitsiko gara eta laster entzungo dugu Purón ibaiaren zurrumurrua; geroxeago, Erribera herri abandonatura iritsiko gara. Han, haitz baten gainean, San Estebaren eliza erromanikoa dago, XII. mendekoa. Barruan Erdi Aroko horma-pinturak daude, baina kontuz ibili behar da luizi arriskua baitago.
Bisita ostean, aurrera egingo dugu larre berdeetan barrena, zerumugan Santa Ana mendia dugula.
Langa bat gainditu eta haizpitartean sartuko gara. Ibaiak harrien artean jauzi egiten du eta putzu politak sortzen ditu. Gu, haren gainetik, bide estu batetik ibiliko gara, bi aldeetan horma bertikalak ditugula. Zintzurra azkenik zabaldu egingo da eta argia ikusiko dugu berriro. Puntu horretatik gutxira, El Chorro turrusta ospetsua topatuko dugu kolorezko zuhaixken artean.
Beherantz jarraituz, Burgoseko lurretan jada, San Roque eta San Felices ermita agertuko zaigu eta, ia kilometro batera, Herrán herria, txukuna eta eguzkitsua (2 ordu). Itzulera egiteko bide berbera erabiliko dugu.
Vallegrul mendia San Lorentzo baselizatik
Hasi baino lehen, oharpen bat: harkaitzetan habia egiten duten hegaztiak babesteko, debekatuta dago Vallegrull inguruan ibiltzea urtarrilaren 1etik abuztuaren 15era arte.
Lalastran berriro ere, Parketxearen ondoko errepidetik jarraituz laster aurkituko dugu San Lorentzo baselizarako seinalea. Bideak Villamardones herri abandonatura garamatza eta hagin () handi eta zahar bat gainditu ondoren, zidorra basoan sartzen da. Basoa zeharkatuta, begi bistan edukiko dugu San Lorentzo baseliza. Sigi-saga gutxiren ostean, elizatxora helduko gara, atsedenaren aitzakiaz paisaia miresteko.
Hegaztiek aparteko aipamena merezi dute, batez ere harrizko hormetan bizi diren harrapariek (arrano beltza, belatza, hontz handia…) eta sarraskijaleek
Orain hegoalderantz jo eta langa bat gurutzatuta, Vallegrul mendirako seinaleei jarraituko diegu. Mendiko bazkalekuetatik gorantz egingo dugu esfortzurik gabe eta laster egongo gara Vallegrulleko gailurrean (ordubete), Anderejo mendilerroko tontorrik garaienean. Itzulera bide beretik egingo dugu.
San Esteban elizako kapitel erromanikoak. (Jon BENITO)
San Esteban elizako horma-pinturak. (Jon BENITO)
Recuenco mendia eta El Gustal iruinarria
Bide erraza eta aldapa gutxikoa da. La Horca mendatean (900 m, Burgoseko mugan) ibilgailua utzi eta ezkerretara (Bovedatik igoz gero) jo behar da bide zabalari jarraituz. Zelaia zeharkatu ondoren, arteak, pinuak eta ezkai zahar batzuk ikusiko ditugu alboetan eta, gorago, klimak eskatzen duen bezala, hosto laranjako pagoak agertuko dira. Aldapa amaituta, kartel batek Valderejoko Parke Naturalean gaudela adierazten du.
Bidea orain leuna da eta larre harritsuen barrena doa. Lasai ibiliko gara pago bakanen eta ipuruen () artean eta laster Recuenco mendiko gailurrera iritsiko gara (ordubete).
El Gustaleko iruinarriaz gozatzeko, Valderejoko zirkuaren labarraren ertzera jaitsi behar da leunki; duela 5.000 urte inguru altxatu zuten Neolitoko gizaki haiek eta 3,65 metroko altuera du
Orain, hego-ekialderantz jaitsiko gara bi elementu etnografiko ikusteko. Lehena Mestako artzainen etxola berreraikia da. XVIII-XIX. mendeetan artzain haiek Gaztelatik Gaubeara egiten zuten transhumantzia, Valderejoko bazkak oso onak zirelako, eta txabola xume horietan zuten babeslekua.
Bigarrenaz gozatzeko, El Gustaleko iruinarriaz alegia, Valderejoko zirkuaren labarraren ertzera jaitsi behar da leunki; duela 5.000 urte inguru altxatu zuten Neolitoko gizaki haiek eta 3,65 metroko altuera du. Monolito ikaragarri horretatik dagoen ikuspegia ikaragarria da: zirkua, haraneko larreak, Vallegrull mendia eta Artzena mendilerroa, besteak beste. Atseden ederraren ostean bide berbera erabiliko dugu La Horcara itzultzeko.