Markel Redondo

‘The Great Space Walk’, barne bidaia Totes Gebirge mendietan galduta

Bidaia hasi aurretik Christoph Hüthmair gidari eta eskalatzaile esperientziadunak ohartarazi zidan bisitatu behar genituen mendiak «desberdinak» zirela. Eta bai, hala da. Izan ere, Totes Gebirge (‘Mendi Hilak’) izenekoek ez dute Alpeetakoen silueta klasikorik. Hemen ez dago Matterhorn bezalako mendi baten profil fotogenikorik, ez glaziar distiratsurik eguzkipean. Aurrean agertzen dena bestelakoa da: kareharrizko itsaso harritua, geldirik geratu den uhin mineral amaigabea.

Taldea, Totes Gebirge mendietako haran batean, The Great Space Walk ibilbidean. (Markel REDONDO)
Taldea, Totes Gebirge mendietako haran batean, The Great Space Walk ibilbidean. (Markel REDONDO)

Adalbert Stifter idazle austriarrak «espazio zabala, basamortua, ederra eta beldurgarria» definizioaz deskribatu zuen inguru hau. Paraje honen erdian sortu zuen Christoph Viscorsum artista austriarrak ‘The Great Space Walk’ izeneko obra. Artistak 400 egun baino gehiago eman zituen mendietan, entsegu eta bizipenetan, Bad Ischl-Salzkammergut 2024ko Europako Kultura Hiriburuaren programaren barruan aurkeztutako proiektua garatzeko. Emaitza: 56 kilometro, sei eguneko ibilaldia eta 3.000 metro baino gehiagoko desnibel metatua.

Ez da ohiko mendi ibilaldia: ez du helburutzat errekorrik, ezta gailur azkarrik ere. Erritmoa moteldu, arnasa hartu, eta gorputzarekin batera pentsamendua ere ibilarazteko esperientzia da. Bidean aterpeak lotzen dira, 1.300 eta 1.800 metro bitarteko altueran, eta tarte jakinetan entzuten diren hamalau audio dira ardatz narratiboa: artistak, filosofoak, mendizaleak eta bertako bizilagunak ari dira, ahotsen bidez, gorputzari eta paisaiari zentzua eransten.

Christoph Viscorsum, The Great Space Walk proiektuaren egilea, ibilbideko audioetako bat entzuten. (Markel REDONDO)

Taldea, belardi zabala zeharkatzen Totes Gebirgeko eremu harritsuetara iritsi aurretik. (Markel REDONDO)

Ibilaldiaren hasiera, jada, harrigarria da, etxeko komunean hasten baita. Lehen audioak egunerokoari arreta jartzea eskatzen du: iturriko ura, kristalezko edalontzi bat, zapaltzen dugun zorua. Lurretik dator dena. «Espazioa ez dago hor kanpoan, urruti -azaldu zidan Viscorsumek-. Hemen bertan dago eta gu horren parte gara». Helburua ez da mendira iristea, baizik eta ulertzea inoiz ez garela izan menditik kanpo.

Bigarren audioak kulturaren eta historiaren inguruko hausnarketa egiten du; gizakiok tokiak eraldatzeko dugun gaitasunaz

Bad Ischletik abiatu ginen, XIX. mendean Frantzisko Josef enperadoreak eta haren emazte Sissik uda pasatzen zuten bainuetxe-hiri dotoretik. Garai horretan aristokraziaren topagunea zen; gaur egun, berriz, kulturgune bizia da, oraindik ere kafetegi zaharren eta bainuetxeen arrastoekin. Motxilak hamar eta hamabost kilo artean pisatzen zuen, hamabost kilotik gertuago gainean neraman material fotografikoagatik. Pisu horrekin kostata egiten dira ibilbidearen lehen urratsak.

EZER EZ DA GUZTIZ BASATIA

Bigarren audioak kulturaren eta historiaren inguruko hausnarketa egiten du; gizakiok tokiak eraldatzeko dugun gaitasunaz. Hirugarren eta laugarren audioek, berriz, gogorarazten digute zapaldu gabeko eremutzat ditugun belardiak ere mendeetako mozketa eta artzaintzaren ondorio direla. Hemen ezer ez da guztiz basatia.

Bidean ikus daitekeen bota bat, landare baten euskarri bihurtuta. (Markel REDONDO)

Gauez, ibilbidearen azken zatietako batean. (Markel REDONDO)

Laster iritsi zen euria. Bota bustiak, laino trinkoak, eta baso isil batek inguratu gintuen. Ordu batzuk geroago, Ischlerhütte aterpera iritsi ginen: ezerezaren erdian den egurrezko aterpe bat. Barruan, zopa bero batekin eta lehortzen ari ziren arropen lurrunarekin gorputza errekuperatzeko aukera izan genuen. Kanpoan, isiltasun trinkoa zerion mendiari.

Hurrengo eguna gogorrena izan zen. Ia hamar orduko ibilbidea osatu behar izan genuen harkaitzen artean gora eta behera. Zazpigarren audioak gogorarazten digu egiten dugun urrats bakoitzak duen garrantzia; izan ere, eskualde honetan edozein deskuidu garesti atera daiteke. Harkaitzen artean, bagina baten forma duen barrunbe bat aurkitu genuen. Audioak ‘Ama’ izena ematen dio eta han entzungo ditugu jatorriei eta jaiotzei buruz hitz egiten dizkiguten ahotsak.

Parte hartzaileak, baso eremu bat zeharkatzen bidearen lehen zatietan. (Markel REDONDO)

Christoph Hüthmair mendi gidaria, egunik gogorrenetako batean. (Markel REDONDO)

Geroago, haran batean, oreinen orroak organo larri baten antzera burrunbatuko du. Soinu basatia da, primitiboa, seigarren audioarekin, Birthekin, hizketan ari dela dirudiena, bizitzari eskainia, ezezagunerantz jauzi gisa.

Esfortzu fisikoa metafora bilakatzen da. «Ibiltzea -azaltzen du Viscorsumek- ez da soilik mugitzea: munduaren aurrean bidezidorrik gabe jartzea da, ihes egiteko botoi bat sakatu ezinik. Hemen zaude, zure gorputzarekin, dena sentitzen». Euripean muinoak igo, haizeak astindutako ostarteak zeharkatu eta bidezidorrari jarraitu genion bata bestearen atzetik, isilik.

Hamargarren audioak bizitzaren misterioaz hitz egiten zigun izar gabeko zeruaren azpian. Atzetik datorren isiltasuna ia fisiko bihurtzen da

Sariak laburrak dira, baina biziak. Goi laku bateko ur izoztuetan bainatzeko aukera izan genuen. Hotzak arnasa eteten du, baina baita garbitu ere. Aterpeetan ez dago dutxarik eta, beraz, espero ez den luxu bat bezala sentitzen da. Ilunabarrean, Albert Appel Hausen, garagardo hotz batek, plater bat dilistak eta backgammon partida batek garaipen txiki baten zaporea izan zuten. Beste gau batean, kopeta argiak piztuta, aterpetxetik atera eta iluntasunean eseri ginen. Hamargarren audioak bizitzaren misterioaz hitz egiten zigun izar gabeko zeruaren azpian. Atzetik datorren isiltasuna ia fisiko bihurtzen da.

Taldea, Totes Gebirgeko «harrizko basamortua» zeharkatzen gurutze baten ondotik. Bigarren Mundu Gerran bertan eroritako hegazkin alemaniar baten oroigarria da. (Markel REDONDO)

Goi zati harritsu batean, kareharrizko paisaiaren erdian. (Markel REDONDO)

Lepo bat igarota, gure aurrean zabaldu zen harkaitzezko basamortua. Kareharrizko glaziarra zirudien, izotzik gabea, baina itsaso zuri bat bezalakoa. Zortzigarren audioak, ‘Opening’ izenburukoak, hutsera irekitzera gonbidatu gintuen, eta orain ulertzen dugu zergatik: aurrera goaz bata bestearen atzean, inurriak bezain ñimiñoak ozeano geldian. Argazki kamera ateratzeko tentazioa etengabea zen –argia minutuero aldatzen baita–, baina neure buruari eusten saiatzen nintzen. Harrapatua baino gehiago sentitua izatea eskatzen duen gunea da. Bertan, hamaikagarren eta hamabigarren audioek denbora geologikoaz, eraldaketaz eta gure txikitasunaz hitz egin zuten. Une batez, ahul sentitu nintzen… baina baita inoiz baino konektatuago ere.

Aterpeak gizatasunaren oasia dira aldaezinaren aldean. Pühringerhütten: sukaldari nepaldarrek gisatu ahaztezin batekin egin ziguten harrera. Tea pattarrarekin eskaini ziguten gorputza epeltzeko. Giroa epela zen, ia familiarra: sarreran bota lerrokatuak, arropa lehortzen berogailuan, mendizaleak istorioak partekatzen. Kanpoan, eternala; barruan, gizatiarra.

Taldea, aintzira txiki baten ondotik pasatzen, ibilbidearen azken zatietako batean. (Markel REDONDO)

Hochkogelhaus aterpetxean, afaltzen. (Markel REDONDO)

Azken egunean bailarara itzultzeko atzerako bideari ekin genion. Basoan, oreinen orroak entzuten ziren berriro, agur moduko batean. Handik gutxira, Großer Priel (2.515 m) Totes Gebirgeko tontorrik garaienera igotzen ari ziren eskalatzaileak ikusi genituen. Haien kaskoek eta sokek ohiko mendizaletasuna gogorarazten zuten: gailurra konkistatzea. Guk, ordea, beste zerbait konkistatu genuen: barneko espazio bat, harriarekin, haizearekin eta isiltasunarekin partekatutako denbora bat.

SCHIEDERWEIHER LAKUA

Gure aurrean azaldu zen lehen trafiko seinaleak helmugatik gertu geundela adierazten zigun. Hamahirugarren audioak zibilizaziora itzultzea markatzen du, sei egunez beste mundu batean egon ondoren. Bidaia ‘Austriako lekurik ederrena’ izendatua izan den Schiederweiher lakuan amaitzen da. Postal perfektu batek era okerrean ‘mendi hilak’ ezizenez ezagun diren mendi horiei agur esateko balio du.

Orduan ulertu nuen Viscorsumek esan nahi zuen hori: ez da «naturara joatea», baizik eta geu beti haren barnean gaudela onartzea

Etxera itzulita, hamalaugarren audioak mahai gaineko edalontzi bati begiratzeko eskatu zidan, eta hori ere lurretik datorrela gogorarazi ere bai. Orduan ulertu nuen Viscorsumek esan nahi zuen hori: ez da «naturara joatea», baizik eta geu beti haren barnean gaudela onartzea.

Totes Gebirge mendiek badute zerbait berezia, Christoph gidak esan bezala. Ispilu mineral bat dira: bertan, norbere txikitasunari aurrez aurre begiratzen zaio, eta inoiz ingurunetik aparte egon ez garela deskubritzen dugu. Han ibiltzea ez da soilik mendian aurrera egitea: zabalean galtzea da, une batez, munduaren barnean aurkitzeko.