Nuria López Torres

Zapataren Zingira, Karibeko hezegune handiena

Zapataren Zingira (Ciénaga de Zapata) uhartetar Karibeko hezegunerik handiena da; 300.000 hektarea inguru hartzen ditu Matanzas probintziaren hegoaldeko muturrean. Unescok biosferaren erreserba izendaturiko hori askotariko ekosistemek osatzen dute, eta milaka hegazti migratzaileren eta hegazti autoktonoren babesleku naturala da, baita munduko populaziorik arraroenetakoa den eta desagertzeko arriskuan dagoen Kubako krokodiloaren (Crocodylus rhombifer) habitat nagusia ere.

Ibisak Brito gatzagan, egunsentian. (Nuria López Torres)
Ibisak Brito gatzagan, egunsentian. (Nuria López Torres)

Hhorrela hasten da Nicolas Ramos poeta kubatarraren “Kaiman lokartua” (“Caiman dormido”) poemako ahapaldietako bat: «Gure kaiman lokartua, ur baketsuen gainean…». Kubari “lo dagoen kaimana” esaten zaio, ikuspegi zenitaletik begiratuz gero uharteak lotan dagoen kaiman baten forma duelako. Nicolas Guillem poetak ere ahapaldi honetan aipatu zuen: «Navega Cuba en su mapa: un largo lagarto verde…». Zalantzarik gabe, kubatar krokodiloa ia totemikoa da kubatar kulturan.

Guamáko krokodilo-haztegia Zapataren Zingiran dago. 1959an sortu zuten, Iraultzaren garaipenean, Fidel Castrok herrialdeko inguru horretan egun batzuk igaro zituenean. Bertan bizi zirenek Kubako krokodiloaren desagerpenaz kezkaturik zeudela adierazi zioten, eta orduan Fidel Castrok erabaki zuen krokodilo autoktonoa kontserbatzeko modurik onena haztegi bat eraikitzea zela. Haztegi horrek, alde batetik, espeziea zaintzea ahalbidetuko zuen, eta, bestetik, turismorako aprobetxatzea. Uharteko espezie endemiko horrek 4.000 ale besterik ez ditu, eta ezkutuko ehizak eta, azkenaldian, klima-aldaketak mehatxupean dute oraindik.

Fidel Castroren argazki mitikoa 1959an, Zapatako zingirako biztanle batekin, krokodiloen haztegia sortzea erabaki zuenean, krokodilo ehiztari bati esandako esaldiarekin. (Nuria López Torres)

Playa Largako badiaren panoramika. (Nuria López Torres)

Antzinako jakintsu bizirauleak izanik, oso animalia iheskorrak dira. Natura bete-betean horietakoren bat ikusi ahal izateko, Zapataren Zingirako hezegune hori osatzen duten mangladien eta kanalen labirintoan barneratu behar da. Hala ere, tamaina guztietako aleak ikus daitezke oso hurbil, Guamako haztegian. Horri esker, eremu desberdinetan zehar ibilbidea egin daiteke animalia horiek behatzeko, ale helduetatik hasi eta urtebeteko kumerik txikienetaraino.

KARIBEKO HEZEGUNE NAGUSIA

Suge amaigabea balitz bezala, Britoren Gatzagetan barneratzen den errepide luzeak natura bizi-biziko eszenatokia deskubritzen digu. Egunsentiko lehen orduetan, argiak urreztatu egiten ditu urak, eta ibis hegaztiak filmetako kontraargi batean markoztatzen ditu. Naturaren ikuskizun paregabea ikusteko agertoki honetara hurbiltzeak ekitaldi ia magiko baten lekuko pribilegiatu bihurtzen gaitu. Isiltasunak blaitzen du dena, tarteka lertxun iskanbilatsu batzuek eteten dutena; eguna hasteko maitasun-erritual baten edo lurraldeagatiko liskar baten parte ematen duen jolas batean aritzen dira.

Parke nazionaleko biologo bat hegaztiak behatzen. (Nuria López Torres)

Yoandriren erretratua bere aitona Karlosekin. Biak ikazkinak dira eta, gainera, Yoandrik astean hiru egunetan lan egiten du Guamáko krokodilo-haztegian. (Nuria López Torres)

Bi mila kilometro karratuko eremua santutegi bihurtzen da, eta 65 hegazti-espezieri babesa ematen die, espezie autoktonoak eta migratzaileak batuta: ubarroiak, lertxunak, kartakubak, zikoinak, ibisak, gabiraiak dira gatzaga horietan bizi diren espezieetako batzuk. Baina, zalantzarik gabe, flamenko arrosa ospetsua da protagonista, maiestatetsu ageri dena bere keinu eta pose ugariekin.

Mundu osoko hegaztizaleak iristen dira honaino, baita zientzialariak ere, gatzaga hauetako ekosistema aztertzeko. Goiko behatokietatik, bisitariek isilik begiratzen diote faunaren eta floraren ikuskizunari, zeinak, argi magiko batek babestuta, inor ez duen axolagabe uzten. Brito gatzagak Zapataren Zingira den ekosistema handi honen zati txiki bat dira. Kuban erregistratutako 354 espezieetatik 230 daude hezegune erraldoi horretan.

Zapataren Zingiran, natura eta paisaia paregabeen artean galtzea luxua da, eta autobusez joan daiteke Habanatik, hiru orduko bidaia eginda

Zapataren Zingirako ekosistema landarez eta paisaiaz osatutako mosaiko bat da; mangladiak, albuferak, aintzirak eta itsaso urdin turkesa baten kostaldea nahasten dira, ur gardenezko putzuz zipriztinduta, batzuk ia eskuarekin uki daitezkeen arrainez beteta; Arrainen Leize ospetsua, kasu. Natura eta paisaia paregabeen artean galtzea luxua da, eta autobusez joan daiteke Habanatik, hiru orduko bidaia eginda.

Rhombifer espezieko krokodilo baten garezurra. (Nuria López Torres)
Langile batek krokodilo bat darama neurtzera eta aztertzera. (Nuria López Torres)
IKAZKINAK

Berun koloreko zeruak iragartzen du urez eta elektrizitatez beterik datorrela; ur horrek elikatzen du Zapataren Zingira hezegune tropikal ikaragarria eta berau zeharkatzen duten kanal ugariak. Ur hori, ordea, zingirako ekosistema osoarentzat ongi etorria eta desiratua, pixka bat deserosoagoa da Carlosentzat. Duela egun batzuk, egur-txondor bat egin zuen egur-ikatza egiteko, eta txondorrak erretzen jarraitzea behar du astebeteko epean nahi duen ikatza lortu ahal izateko.

Uharteko txoko pribilegiatu honetako bizimodua ez da erraza, edo, hobeto esanda, gogorra da. Oso bizimodu xumea, erosotasunik gabea, txikitatik ohituta egon beharrekoa. Bisitarientzako inguru pribilegiatu eta idiliko honetan 9.000 pertsona inguru bizi dira herri eta komunitate ezberdinetan banatuta.

Egur-ikatzaren ekoizpena desagertua zen bertako jarduera ekonomiko gisa, eta azken hamarkadetan turismoarekin lotutako jarduerak indartu dira, baina Kubak azken urteetan bizi duen krisi ekonomikoaren ondorioz, pertsona askok diru-iturri gisa berreskuratu behar izan dute jarduera ekonomiko hori, herrialdeak aurre egin behar dien energia-arazoen aurrean ikatz-eskaera handiagoa baita.

Gustavo, haztegiko albaitaria, krokodilo bat eskuan duela. (Nuria López Torres)

Zingirako kanalak. (Nuria López Torres)

Egur-ikatzaren ekoizpen hori agintariek kontrolatzen eta mugatzen dute, ezin baita babestutako ekosistema hau neurrigabeki presionatu zuhaitzak kontrolik gabe moztuz; oreka jasangarria mantendu behar da. Ikazkinek zuhaitz mota jakin batzuk baino ezin dituzte moztu eremu jakin batzuetan. Nagusiki soplilloa erabiltzen da, baina jucaroa, llana eta marabua ere bai.

Yoandrik, 33 urtekoak, 77 urteko aitona Karlosi laguntzen dio ikatza ekoizten. Zuhaitzak mozten eta suzko txondorra eratzen laguntzen dio, baita belarrez estaltzen ere, sua ondo har dezan. Sasoi ona behar da lan hauek guztiak egiteko, baina Carlos lan gogor honen zati bat egiten jarraitzeko indartsu sentitzen da.

Krokodilo txiki bat haztegiko langile baten eskuan. (Nuria López Torres)
Flamenkoak Zapataren Zingirako lakuan. (Nuria López Torres)
IA 65 URTERA

1959ko abenduaren 24an Fidel Castro hartu zuen Soplillar herrixka xumeko komunitate ezagunean bizi da Carlos; hainbat nekazari-familiak Gabon-gaueko afari xumea partekatu zuten iraultza estreinatu berri haren komandanteburuarekin. Argazki horretatik ia 65 urtera, ez da asko aldatu egungo Soplillar. Carlosen etxean argindarra badago ere, hirietatik urrun dauden eremu horietan hornidura maiz eteten denez, askotan 24 ordu baino gehiago pasatzen dituzte argindarrik gabe.

Carlosen emazteak, Anak, babarrun beltzaren antzeko lekale bat prestatuko du gau horretako afarirako. Jakina, haren sukaldeak egur-ikatzez funtzionatzen du, amarenak eta, aurretik, amonarenak bezala.

Oreka jasangarria mantendu behar da. Ikazkinek zuhaitz mota jakin batzuk baino ezin dituzte moztu eremu jakin batzuetan. Nagusiki soplilloa erabiltzen da, baina jucaroa, llana eta marabua ere bai

Sartu da gaua Soplillarren eta milioika izarrekin piztu dute zerua. Irreala dirudien intentsitatez distiratzen duen argitxoz egindako tapiza da. Basoa itzali egiten da, eta bere kolore eta ñabardurak zilar koloreko isla arinak dituen orban ilun bihurtzen dira. Bizikletan doan irudi bat agertzen da bidearen hondoan, farola bat bezala ilargi bete batek argiztatua. Carlos basotik itzuli da egun luze eta astun baten ondoren, eta Anak janari plater handi batekin eta freskatzeko ur katilu batekin egin dio harrera.

Guamáko krokodilo-haztegiko zaintzaile bat urmaela garbitzen. (Nuria López Torres)

Bi urteko krokodiloak Guamáko haztegian. (Nuria López Torres)

Yoandrik, aitonari ikatzarekin laguntzeaz gain, gidari lanak egiten ditu zingiraren txoko honetara mendi-ibiliak egitera iristen diren turistentzat. Bidean aurkitzen diren landare, zuhaitz eta zuhaixka guztien izenak dakizki, baita gutxien bisitatzen diren ur-putzuenak ere. Haren hitzek eta adierazpenetatik sumatzen da bertakoa izateagatik benetan harro dagoela.

Guamáko krokodilo-haztegian ere egiten du lan astean hiru egunez. Mantentze-lanetan laguntzen du, krokodiloei jaten ematen die, eta Gustavori, haztegiko albaitariari, laguntzen dio zenbait lanetan; adibidez, aleak hartzen ditu aztertzeko. Landa-bizitza gogorra izan arren, Yoandrik bere zingira maite du eta ez luke leku pribilegiatu hau munduko ezergatik aldatuko.

Ez da batere erraza izango horrelako ingurune natural batean hazi diren pertsonentzat bertatik aldentzea eta itsasoaren urdin turkesa, hostoen berde biziak eta hegaztien kantua asfalto hotz eta grisagatik aldatzea.

Zapataren Zingira, Karibeko hezegunerik handiena, lokartutako kaiman horrek ezkutatzen duen naturaren harribitxi handienetakoa da.