Egin planak

Denise Scott Brown: Hiria. Kalea. Etxea

Otsailak 11-Abuztuak 16

Bilboko Arte Ederren Museoan dago ikusgai -abuztuaren 16ra arte luzatu dute- Denise Scott Browni eskainitako lehen atzerabegirako handia, haren figurari esklusiboki erreparatzen dion nazioarteko esposizio bakarretakoa.

Bidaiari, argazkilari eta aktibista, Scott Brown (Nkana, Zambia, 1931) XX. mendeko bigarren erdialdeko arkitektorik garrantzitsuenetakoa da.

Maria Pia Fontana eta Miguel Mayorga arkitektoak dira komisarioak. Hiru ataletan egituratu da: hiria, kalea eta etxea. 120 jatorrizko lan baino gehiago bildu dira: marrazkiak, argazkiak, kartelak, maketak... baita arkitektoaren bilduma pribatuko hogei bat artelan eta altzari ere.

Hainbat urtez, artistaren lana ez da behar bezala aitortu, Robert Venturi lankide eta bikotekidearen itzalean egon izan delako beti. Beraz, Bilboko erakusketa aitzakia paregabea da ezagutzeko zenbaterainoko eragina izan zuten bere proposamen ikonografikoek -artearekin argi eta garbi lotuak- XX. mendearen bigarren erdiko eta XXI. mendearen hasierako arkitekturan eta diseinuan.

Bere lan garrantzitsuenetako bat ‘Learning from Las Vegas’ (1972) da, Venturirekin eta Steven Izenourrekin batera egindako saiakera kritiko iraultzailea, herri kultura estatubatuarra eta automobila arkitektura proiektuan txertatzen dituena. Horren ondoren, lanbidearen lengoaia apurtuta geratu zen, arkitekto garaikideek erabilitako analisi metodoak eta kodeak aldatuko zituen argi berri bati sartzen uzteko.