Xabier Bañuelos
Gerra Zibileko paisaiak (eta VI)

Pirinioetako defentsa lerroa

Haritz artean ezkutatuta, arroken artean kamuflatuta edo muino batean belar artean gordeta, hormigoizko egitura bat hautemango dugu ustekabean, kanoi-zulo horizontal eta guzti. Pirinioetako defentsa lerroa osatu zuten milaka bunkerretako bat da. Euskal Pirinioetako baso, larre eta mendietan barneratu eta bidaia zirraragarria proposatzen dizuegu gure iragan hurbileko historian barna.

Behin Gerra Zibila amaituta, frankismoa guardian jarri zen Europa bizitzen ari zen egoera zailaren jakitun: Bigarren Mundu Gerra lehertzear zen. Diktadurak ez zuen inoiz ukatu Alemania naziarekiko eta Mussoliniren Italia faxistarekiko atxikimendua, eta azken unera arte babestu zituen. Aldiz, Gerra Zibila amaitu berritan Espainia muturreko prekaritate egoeran izanik, guztiz txikituta, Ardatzeko potentzien zein aliatuen etengabeko presioak jasotzen zituen Franco gehiegi ez nabarmentzen saiatu zen, arrisku gehiegirik ez hartzen, eta, horren erakusle, jarrera aldatzen joan zen, neutraltasunetik ez-beligerantziara igaroz lehenik, eta, ondoren, neutraltasunera itzuliz.

Gerraren eromenak eta aliantza zalantzagarriek ezaugarritutako testuinguru korapilatsuan, Franco eta bere ingurukoak paranoia militarista sutsuan murgildu ziren behin Gerra Zibila irabazita, nonahi ikusten zituzten etsaiei, benetakoak zein imajinarioak, aurre egitea helburu. Izan ere, guztien jomugan ikusten zuten Espainia: Francok jarrera argia hartzen ez zuela ikusita Espainian sartzeko prest omen ziren naziak; aliatuak, hasiera batean behintzat erregimen faxista bat babestearen aldekoak ez zirenak; makiak eta euren gerrillen indarra; eta baita sobietarrak ere, komunismoaren aurkako bastioi zen herrialdeari eraso egiteko prest omen zeudenak. “Mendebaldearen erreserba espiritualak” bere burua defendatu behar zuen, eta, horretarako, noski, ezinbestekoa zen Pirinioak babestea balizko inbasio baten aurrean. Hori horrela, Gerra Zibila amaitzean ezarritako erregimeneko buruek Pirinioak gotorleku bihurtzeko defentsa lerroa eraikitzea erabaki zuten. Frankistek Gerra Zibila amaitu aurretik ere jada zenbait defentsa elementu eraiki bazituzten ere, 1939an eta 1940an jarri zen indarrean gotorlekuak eraikitzeko plan sistematizatu oso bat, Vellespin Lerroa bezala ezagututako Pirinioetako defentsa lerroa eraikitzeko. Gotorleku gehienak Katalunian eta Euskal Herrian eraiki zituzten.

1940an zehar, proiektua birplanteatu egin zuten agintari militarrek kontzeptu taktiko berri bat ezarriz, eta defentsa lerroari gaztelerazko “Organización Defensiva de los Pirineos” izena eman zioten, “P lerroa” izan bazen ere gehien zabaldu zen izendapena. Bigarren Mundu Gerraren hasieran Ardatzeko potentziak nagusitzen ari zirela ikusita, lerroa eraikitzeko lanak mantsotu egin ziren pixkanaka, 1942ra arte. Izan ere, 1944tik aurrera berriro bizkortu ziren, aliatuak gerra irabaztear zirela ikusi eta Espainian sartzea erabaki zezaketen beldur. 1953an Ameriketako Estatu Batuek eta Espainia frankistak Madrilgo Itunak sinatu zituztenean, balizko arrisku hori behin betiko desagertu zen. Hala ere, 1958ra arte lanek aurrera jarraitu zuten. Azkenean, hori bai, hasiera batean aurreikusitako 10.000 defentsa elementuetatik 6.000 eraiki ziren; horietatik herenak baino gehiago Hondarribitik Erronkari bitartean kokatuta daude, euskal bailara eta mendiak hormigoiz zipriztinduz.

Gipuzkoa

Hego Euskal Herriaren eta Ipar Euskal Herriaren arteko muga oso azkar gotortu zen. Hori dela eta, Gipuzkoako eta Nafarroako lurretan Vallespin lerroko egiturak zein P lerroaren hurrengo faseetakoak aurki daitezke. Nahiko erraza da batzuk eta besteak bereiztea. Vallespin lerroko elementuek defentsa linealaren logika jarraitzen dute (Maginot lerroak, Alpeetako lerroak, Atlantikoko Murruak, Sigfrido lerroak... bezalaxe). Hori horrela, tamaina handiko gotorlekuak dira, galeria bitartez elkarrekin lotuak eta erraz defendatzeko moduko lekuetan kokatuak; etsaiak gotorlekuon inguruetara bideratzea izaten da xedea defentsa murru eta gainontzeko elementuak baliatuta. P lerroa, aldiz, ez dago defentsa linealaren logikaren arabera egituratuta, baizik eta erresistentzia autonomoko nukleoen inguruan, sakoneko defentsa lana helburu. Egitura txikiagoak eta askoz ere ugariagoak dira, lubaki bidez lotuak, errealitatean frankistak trintxera oso gutxi eraikitzera iritsi baziren ere. Egiturok orografiak berak emandako abantaila baliatzea zuten helburu, eta, horregatik, etsaiak igaro zitezkeen leku orotan eraikitzen zituzten, kamuflajea baliatuta, hau da, arrokak zulatuta, erdi lurpean, lurrak edo belarrak estalita edota baita harriz ere borda edo txabolak balira bezala.

Jaizkibel eta Aiako Harrien arteko mugan 400 bunker baino gehiago daude metrailadore-habiak, gerra-gurdien kontrako posizioak, artilleria eta mortero posizioak, babesleku aktibo eta pasiboak, gotorlekuak, behaketa postuak... kontuan hartuta. Vallespin lerroak hiru defentsa gune nagusi ditu: lehena Gaintxurizketan, bigarrena Arkalen eta hirugarrena Irun eta Aiako Harrien artean. Arkalera hurbildu gara lehendabizi, gailurreko harkaitzetan zegoen Beloagako gazteluaren hondakinen azpiko hegoaldeko mendi-hegalean kokatutako bi egitura bisitatzeko. Lehendabizikoa lurpeko aterpe bat da; lurraren arrasetik bertatik sartzen da, hainbat maila baliatuz. Pixka bat aurrerago, mendiaren barnean sartzea ahalbidetzen digun hormigoizko galeria baten sarrera aurkituko dugu, dorre militar ohoratu batek apaindutako behe-erliebe batek koroatuta. Galerian sartu eta berehala, porlanaren lekua arrokak hartzen du, eskailera batera eta bi behaketa postura heldu arte; postuon gezileihoak iparraldeko mendi-hegalera ematen dute.

Galeriatik irten eta Maldaburu bidearen ondoko zuhaizti batean kokatutako seigarren gunera heldu gara. Bi metrailadore-habiak, habion babesleku aktiboek eta tiratzaile postu batek osatutako defentsa lerroaren bigarren mailako elementua da. Korridore mailakatu batetik heltzen da bertara; lurpean barneratu eta laster hiru gunetan banatzen den galeria batean murgilduko gara. Hormetako seinaleek aurrez aurre dugun babesleku aktiboa eta ezkerraldera zein eskuinaldera kokatutako metrailadore-habiak adierazten dituzte. Hiru guneek sortu zirenean jarritako kofratua mantentzen dute oraindik ere; balizko jaurtigai baten inpaktuaren bibrazioak bereganatzea helburu zuen, hain zuzen ere, kofratuak. Drainatze eta aireztatze sistemak ere begi bistakoak dira oraindik. Beste egitura interesgarri bat 25. zenbakiarekin identifikatzen dena da: Iruneko Mokozorrotz baserritik gertu kokatuta dago eta eraikuntza lanetan adreiluak eta guzti erabili zituztela du bereizgarri.

Gaintxurizketatik ekarri gaituen eta bertara bueltan eramango gaituen GI-3632 errepidea da gerra presoek Pirinioetako defentsa sistemaren parte bezala eraiki zituzten lau bideetako bat. Besteak honakoak dira: Lezo eta Guadalupeko gotorlekua Jaizkibelen barna lotzen dituena, Arkaletik Aiako Harrietara doana eta Ergoien eta Lesaka arteko 23 kilometroak. Presoen bizitoki izan ziren barrakoietako baten hondakinak oraindik ere ikusgai daude Jaitzubia auzoan, Elbistieta baserritik 150 metro ipar-mendebaldera. Baserriaren ondoan, gainera, Pirinioetako defentsa lerroaren parte izan zen gotorleku bat ere badago. Inguruotan lerroaren elementu ugari daude oraindik ere. Guadalupeko Amaren santutegiaren eta Guadalupeko gotorlekuko aparkamenduaren ondoan daudenak dira agian errazen bisitatzeko moduan daudenak.

Nafarroa

Nafarroako mugan ia 2.000 egitura daude oraindik ere zutik. Vallespin lerroko parte zirenak Bera, Etxalar, Otsondo eta Erratzuko inguruetan pilatzen dira. Pirinioetako defentsa lerroaren parte zirenek muga oso-osorik hartzen dute. Aritxulegitik abiatuta, lehen bunkerrak San Antonioko Erresistentzia Gunean daude. Bunkerretako bat Agiña mendiko hego-ekialdean dago, erdi lurperatuta, zenbait babeslekutik gertu; mendiaren gailurrean, berriz, begiratoki ederra dago, Aiako Harrien ikuspegi apartak eskaintzen dituena. Hegoaldera, Aita Donostiaren omenezko monumentutik gertu, bunker-babesleku bat dago, gerra-gurdien aurkako posizio eta guzti. Berara bidean jarraituko dugu, bidean bi geldialdi eginez. Lehendabizikoa Ibardinen egingo dugu, Okalarre jatetxetik gertu. Zenbait bunker ditugu inguruetan, baina, batez ere, bertako harkaitzera igotzeko gerturatu gara bertaraino; arroka zulatuta egindako hiru behatoki aurkituko ditugu, elkarren artean galeria bidez lotuta. Ekialdera jo eta mugara hurbiltzen bagara, aurkituko ditugun egitura ugarietatik bik berenganatuko dute bereziki gure arreta: Lizuniaga jatetxetik hegoaldera muino banatan eraikitako metrailadore-habia perfektuek.

Bidean aurrera jarraituko dugu, Baztanera heldu arte. Bertan, Otsondo mendatera hurbilduko gara. Askaldegiaren sarreran bertan, metrailadore-habia bat aurkituko dugu, errepidea zaintzeko asmoz egindakoa. Orabidea alderantz jarraituko dugu, eta, kilometro erdira, bi mortero posizio aurkituko ditugu, ezkerretara kokatutako zelai batean. Portura iristean, Gorramendiko bidegurutzean eskuinetara dagoen bidexka bat hartuta aurkituko dugu gotorleku batek, hiru metrailadore-habiak eta tiratzaile postu batek osatutako gune interesgarria; Baztaneko eta Iparraldeko ikuspegi ederrez gozatzeko aukera izango dugu gainera. Baztaneko errepidean aurrera eginez gero, zazpi bihurgune igaro ondoren aurkituko dugu eskuinaldeko ezpondaren oinarrian ezkutatutako sarrera bat; ezohiko bi pisuko bunker baten sarrera da. Sartzea erabakiz gero, lasai utzi saguzarrak! Erratzura jaitsi gara jarraian. Errepidearen bi aldeetara aurkituko ditugu aipatzeko moduko elementuak. Vallespin lerroko parte izandako multzo bat derrigor nabarmendu behar da; Larreta auzoan dago eta Araneko ibaiaren gaineko galerien bitartez lotutako bost bunkerrek osatzen dute; Erronea landetxeko lorategian txabola gisa kamuflatuta aurkituko dugu bat, eta, ikuspegi bikainak eskainiko dizkiguten beste lauak, Izpegiko errepidean.

Erroko portuan ere hainbat bunker aurkituko ditugu, pare bat Done Jakue bidean bertan eta beste batzuk inguruok zaintzeko leku aproposetan eraikiak. Ekialderantz jarraituko dugu Erronkarin sartu arte. Lehen geldialdia Uztarrotzen egingo dugu, Lazar mendatetik barna Gazteluzarra Erresistentzia Gunera igotzeko. Bertan haritzen artean ezkutatutako hiru babeslekuk eta bi metrailadore-habiak osatutako multzo bat dugu zain. Heldu baino lehen, hori bai, Pirinioen ikuspegi paregabea eskaintzen duen behatoki bat ere aurkituko dugu muino batean. Belaguara iristean, berriz, Onzibieta eta Belabarzeko bunkerrekin egingo dugu topo.

Azkenerako utzi dugu Auritz. Garrantzi berezia izan zuen bertako defentsak, eta, horren berri emateko, gaur egun hiru ibilbide prestatu dituzte herriko lurretako gotorleku nagusietan barna. Pirinioetako defentsa lerroaren ikuspegi globala lortzeko aukera paregabea eskaintzen dute zinez. Lehen ibilbideak Auritzeko herritik bertatik Lindus mendira eramaten gaitu, 19 kilometroko paseo luze baina ez bereziki gogorrean. Bigarren ibilbideak Ibañeta eta Lepoeder lotzen ditu, eta, hirugarrena zirkularra da, eta Arrenosina eta Oiarburu errekak eta Urdanobieta sakana ezagutzeko aukera emango digu.

Amaitzeko, badaezpada, ohartarazpen bat: Pirinioetako defentsa lerroak ez zuen ezertarako balio izan azkenerako. Naziak ez ziren Napoleon bezala Iberiar penintsulan barneratu, aliatuek Errepublikaren aldekoak traizionatu zituzten Francori bere bekatuak barkatzen zizkioten bitartean, makiena ahalegin erromantikoa izan zen gehiago frankismoarentzako benetako mehatxua baino, eta, noski, sobietarrek ez zuten inoiz hain hegoaldera heltzeko asmorik izan. Hori horrela, Espainian inoiz egindako obra handiena, eta agian ezezagunena, erabateko zentzugabekeria militarra izan zen, gerraosteko lehen urteak hipotekatu zituen burugabekeria estrategikoa, Pirinio osoan inpaktu ekonomiko eta sozial izugarria eragin zuen alferrikako ahalegina. Gaur egun, gutxien-gutxienez, aho bete hortz uzten gaituzten paisaietan barneratuz memoria historikoa lantzeko aukera ematen digu.