:Urtzi URRUTIKOETXEA

Bhutan, lerro-artean ere eder

Bi erraldoi handiren erdian, India eta Txina, eta biengandik bereizita bere nortasunari eta bizimoduari eusteko, Himalaiako herrialderik erakargarrienetakoa da Bhutan. Budismoak markatutako nazioa eta mendi garaien magalean eraikia, mundu zabalean ere bere burua ondo saltzen asmatu duen erresuma da.

Etxeak, amildegian.
Punakhako dzong edo monasterioa, Bhutango eraikinik ikusgarrienetakoa.

Backpacker edo motxiladun turistek egin ohi dituzten ibilbideetatik urrun dago Bhutan, eredu horren aurkako turismoaren alde egin baitzuen herrialdeko monarkiak. Diru gutxi eta jende asko erakarri beharrean, diru asko utziko duten turista gutxi batzuk erakartzearen alde egin du; Himalaiako paisaiak, Bhutango herriak gorde duen bizimodua ezagutzeko gogoa eta natura zaindu eta babesteko kontzientzia horretarako aski direlakoan, gehigarri turistikorik gabe. Hala, ezinbestean kanpotik kontratatu behar da barruko agentzia edo gidariren batekin bisita.

Betebehar horrek ezinbestean baldintzatzen du bisita, baina gaia denboraz landuta, erreferentziak ikusita, posible da herrialdean bertan gidari interesgarriekin bat egitea. Beti izango da garestia, baina ulerkorrak dira milioidunak ez diren turistekin ere. E-mailez hasitako harremana Whatsappez eta beste sare sozial batzuetan jarraitu dugu, eta horri esker errazagoa izan zen bidaian zehar egin asmo genuena azaltzea eta planifikatzea.

Indiatik iristen dira bidaiari gehienak Bhutanera, eta hegazkinez ia guztiak; hiriburutik oso urrun egoteaz gain, sarrerako tramite konplikatuak are zailagoak direlako bestelako mugako postuetan (aldiz, errazagoa da, hegazkinez sartu ostean, lurrez irtetea bidaiaren amaieran Assam edo Sikkim estatuetarantz). Edozelan ere, Delhitik abiatu gara; baten nahasmen eta bestearen patxadaren arteko kontrasteaz gain, aireko bidaiak ahalbidetzen duen plazera baliatuta: goiz iritsi naiz eta hegazkinean ezkerreko ilarako leihoa eskatu.

Aireratu da aparatua, India atzean utzi, eta halako batean, hantxe agertu dira erraldoiak: Annapurna, Manaslu, Shishapagma eta, zelan ez, Everest bera, harro eta zoragarri. Bidaiaren abiapuntu bikainagorik ezin pentsa. Eta itzuleran, eskuineko leihoa eskatzeko oharra gorde dut buruan. Kangtxenjunga agertzerako, beherako bidea hartu du hegazkinak, haran sakonetatik oihan berdea ageri da behean; terrazetan landutako lursailak datoz eta azkenik, tenpluak eta herrixkak, eta errepideak.

2.235 metrora dago aireportua, eta, datozen egunetan altuera horretatik gora ibiliko garenez, lasai egokitzea komeni. Tshewang zain dut aireportuan. Azken hilotan dozenaka mezu trukatu ditugu mutil gazte honekin eta bi lagunekin dator. Irribarretsu egin didate ongi etorri, eta Thimphu hiribururantz abiatu gara. Udazkeneko egun eguzkitsua da, zelaietan garia ereiten dihardute langileek, haran estuetan, eguzkiak non jo eta laiotza bereizten dituzte tontor garaiek, eta bidaideek umorea daukate: budismoari buruzko azalpenak tarteka, baina txantxa eta burlaizea ere sarri, munduko beste edozein gaztek egingo lukeen eran. Badakite herrialde berezian bizi direla, baina telefono mugikorrak etengabe dihardu dardaran… seinalea dagoen tarteetan.

Gazteria

Estupak eta tenplu budista txikiak ageri dira bide bazterrean, egurrez eta sokaz loturiko zubi esekiak, eta 600 urteko Tachog Lhakhang metalezko zubi zaharrean egin dugu lehen geldialdia. Aurreraxeago, Paro Chu eta Thimphu Chu ibaiak lotzen diren lekuan, gorantz ezkerretarantz jo dugu Bhutango hiribururantz. “Semafororik gabeko munduko hiriburu bakarra” leloarekin harrotu zaizkit bidaideak; udaltzain batek zuzentzen ditu bizpahiru bidegurutze, eta ez dago gehiagoren beharrik.

Hiriko erdigunean zehar txangoa egin aurretik, Kuenselphodrang-eraino igo gara, Buda Dordenma estatua erraldoia ikustera. Hiriaren gainean harro altxatzen da, eta gauez argiztapen berezia du; herritarrek, otoitzari leku eginda ere, kritikari ere leku egiten diote, honezkero gidarien argibideen lerroartean irakurtzen asmatu dudanaren arabera. Ehun mila buda txiki ditu eskultura kolosalak bere baitan, eta, 2015ean inauguratu zutenera arte lanean emandako hamarkadan, ehun milioi dolar baino gehiago xahutu ziren. Herrialdeko monarkiaren gorazarrez eraikitakoa da, Wangchuck dinastiaren mendeurrenean; Jigme Singye Wangchuck “herensuge-erregeak” abiarazitakoa Jigme Khesar Namgyel Wangchuck seme eta egungo erregeak amaitu zuen.

Haien eskutik iritsi dira hauteskundeak, eta inozotasun puntu batekin mintzo dira tarteka bhutandarrak, kexatzeko motibo handirik ez daukanaren gisan. Baina jarrera kritikoa eta kontrakultura ere zabaldu dira azkenaldian herrialdean, orduak aurrera joan ahala ohartu naizenez. Afalostea karaokean amaitu dugu, bertako doinuak mundu zabalekoekin nahasten dituen taberna ilun batean. Asiako beste hainbat lekutan egin ohi den legez, eta Bhutanen irudikatzen ez nuen gisan, halaber.

Punakharaino

Chorten memorialaren gainean dut ostatua. Goizean lehen ordutik ehunka herritar ikusten ditut Bhutango hirugarren erregearen omenez eraikitako oroigarriaren inguruan ibilian eta otoitzean. Segidan, baina hiritik kanpo, Dochula mendateraino goaz, 3.000 metro baino gorago. Goizeko eguzkiak Himalaiako tontorren ikuspegia eman digu, baina euria eta hotza ditugu lagun mendatera heltzerako. Estupa eta lhakhang tenplu budistek lekuaren edertasuna areagotzen dute.

Te epela hartuta, mendatean behera goaz, Thimphutik Punakha probintziara. Zoragarria da irudia, lursailetako terraza ugariekin, bihurgunez bihurgune, lhakhang tenplu budistak atzean utzita. Punakha Bhutango gobernuaren gune administratiboa eta Gobernuaren bilgune izan zen, 1955ean hiriburua Thimphura eraman zuten arte. Punakha Dzhong gotorleku eta tenplua ikusgarria da, bai eraikin gisa, bai kokagunean, ibaiek bat egiten duten lekuan. Gunea bizi-bizirik dago, eta jende asko dabil barruan, miresten, ibilian zein otoitzean.

Hiribururantz itzuli aurretik, zubi esekien jaun, Punakhako ibai nagusian gora goaz, inoiz ikusitako zubi esekirik luzeenetakora iristeko. Pho Chhu zubiak Punakhako herritarrei euren gari soro zein te biltegietarako bidea egiten die Puna Tsang Chuu ibai zabalaren gainetik. Azken geltoki bat, Dochularako igoerari ekin aurretik, Sopsokha herrian geldialdia. Punakhan oro har, eta herri honetan inon baino gehiago, margo eta objektu bat nabarmentzen da: zakilak eta iruditeria falikoa. XV. mendean Tibetetik Bhutaneraino zabalduriko kondaira bat du abiapuntu, eta ugalkortasunerako dohainak dituela sinetsita, dozenaka turista dabiltza herrian, indiarrak gehienak.

Tigrearen habia

Hiriburura itzulita, biharamunean Paroko haranera goaz. Tigrearen habia dugu zain. Herrialdearen irudirik ezagunenetakoa beharbada, eta tokiaren bat egiteko gaitasunaren eredurik liluragarriena. Bizpahiru orduko bide luze eta malkartsua; altuera hartu eta berehala ageri da tenplua urrunean, eta otoitzerako lekurik ere ez da falta. Altuera hartu ostean, berriz ere jaitsi, eta atzera igotzea dakar, Paro Taktshang edo tenplurainoko azken igoerari heltzeko.

Laguna otoitzean geratu da, eta nik lekuaren ukitu mistikoarekin batera kokagunearen ezinari erreparatzen diot. Baina hortxe dago, harkaitzean eraikita. Hortxe gaude. Beherantz ekiteko ordua da, Paroraino jaitsi eta etxerako bidea hartzeko.