Xabier Bañuelos

Goblin Valley, gnomo erraldoien lorategia

Lewis Carrolen eta Pamela Lyndon Travers-en ondorengoren batek sortua dirudi, halako paisaia bat “Alice Lurralde Miresgarrian” eta “Mary Poppins”-en uztarketatik baino ezin baita sortu. Izan ere, geologia, betiere aurreikusezina, fikzioari gailentzen zaio toki bitxiak sortze horretan, non nanoak geu garen, eta gnomo gorpuzgabeak, erraldoiak.

The Three Sisters formazio ezagunak.
The Three Sisters formazio ezagunak.

Bikotea jendaurrean musuka ari da, besarkada estu batean urtuta, lotsa izpirik sentitu gabe. Ia betiereko musua da, haizeek eta urek higatu arte iraungo duena. Pasioz beteriko musua da, denboratik at dagoena, arauak haustera jolasten den natura apetatsuak bultzaturikoa. Utah estatu atzerakoi eta mormoian gaudela kontuan izanda, hasieran haize freskoa begitantzen zaigu halako atrebentzia, baina bat-batean burutazio batek asaldatzen gaitu, Genesiko hitzak oroitzean (19. kapitulua, 26. bertseta): «Orduan Loten emazteak atzera begiratu zuen, haren bizkar atzean, eta gatzezko estatua bihurtu zen». Basamortu honen erdian ez zen inoiz izan ez Sodoma ez Gomorrarik; bikotekideak elkarri begira zeuden eta beren ezpainak izan ziren harri bihurtu zituen bekatua.

Istorio hori eta beste asko sor ditzake gure irudimenak Goblin Valley-ren moduko ameskeriazko paisaiaren erdian. Baina ez da zertan serio jarri. Alderantziz, bertan guztiak dirudi atsegina, dramatikoa baino, eta amets atseginen artean nabigatzera gonbidatzen gaitu, haurrentzako ipuin baten inozentzian eta abentura inozoan murgiltzeko. Izan ere, San Rafael basamortuaren gogortasunaren erdian, Wayne konderrian, geruza sedimentarioen artean hondoratuta, ezerezetik mundu irreal bat sortzen da, non errutinaren eskafandrarik eta konbentzionalismorik gabe murgil gaitezkeen. Geologiak fantasiazko film baten dekoratuak sortu nahi izan ditu, non hiru dimentsioko pantaila batean ilusioak birsor ditzakegun.

Alegia geologikoa

Estatu Batuen larru zabalean txoko harrigarriak nonahi topatuko ditugu, askotarikoak gainera, zein baino zein bitxiagoa. Baina oso ohikoa da haien existentziaz ez jabetzea, arreta parke nazional handien sendotasun ukaezinean jarrita. Goblin Valley da txoko horietako bat, Arches, Canyonlands, Capitol Reef eta Grand Staircase-Escalante National Monument-en itzalean dagoen estatu mailako parkea. Erraza da parkeari jaramonik egin gabe aurrera egitea. Akats galanta; izan ere, iristen garenean, berezko argiarekin distira egiten duela egiaztatzen dugu.

Parkea txikia da, 5,2 kilometro koadroko azalera du, baina berehala esnatuko ditu gure zentzumenak, geologia dibertigarria, oso dibertigarria izan daitekeela erakutsiz. “Goblin” izena espazioa betetzen duten formazio bitxietatik datorkio. Forma leuneko eta profil biribilduko ehunka pinakulu dira. Zorutik sortzen dira, eta askotariko formekin era guztietako interpretazioak iradokitzen dituzte. Ez dira oso altuak, 50 zentimetro eta hiru edo lau metro artekoak. Eta hala, herritarren asmamenak horietan zer ikusiko.... eta goblins multzoa.

Europar folklorean nahiko zabalduta dagoen pertsonaia baten izen anglosaxoia da, iratxo berde eta grotesko moduko bat, deabruzko aurpegiera eta naturaz gaindiko botereak dituena; bere izaeraren arabera, eriking maltzurra izan daiteke edo hobgoblin onbera.

Zalantzarik gabe, paradisu txikia da “Dungeons & Dragons”-en jarraitzaileentzat. Besteren batzuek “Spider-man”-eko bilau berde maltzurra aurkitu arte arakatzen ariko dira, eta, jakina, baita Harry Potter-eko Griphook bihurria aurkitu arte ere, ikusteko ea azkenean Godric Griffinfor-en ezpatarekin geratu zen berau desagertu zenean, Voldemortek beretzat hartu gabe. Egia esan, esan dugun bezala, Goblin Valley xarmagarriegia da gaiztakerietan pentsatzeko.

1920an Arthur Chefflin-ek tokia aurkitu ondoren, 1949an bertara itzuli zenean, Mushroom Valley izena eman zion. Hainbat egunez argazkiak egiten aritu ostean, ezagutzera eman eta toki oso ezaguna bihurtu zen, bisitariak etengabe erakartzen zituena. Jendetza hori zela eta, berau babestu beharra zegoen eta hala proposatu zuten 1954an. Azkenik, 1964an lortu zen. Garai hartan perretxikoak iratxo bihurtu ziren. Guk, Cheffin-ek bezala, nahiago ditugu onddoak intxixuak baino, nahiz eta bertsio eztiagoa izan.

«Maitagarrien tximinia»

Pinakuluak ugariak eta ñabardura askotakoak dira, eta gainaldean orekari eusten lanak dituen konkorra dute. Hutsuneak eta arkuak eratzen dituzte, gnomo erraldoiak ezkutatzeko harrizko txanpinoiez betetako lorategia osatuz. Baina irrealtasun-ispilatze horrek badu azalpen zientifikoa. Teknikoki, mota horretako pinakuluei «hoodoxo», «maitagarrien tximinia» edo «apainduradun andereño» esaten zaie. Higadura diferentziala jasan duten zutabe naturalak dira, oinarriko haitzak goialdekoak baino hauskorragoak dira eta.

Duela 170 milioi urte inguru barne itsaso bat zegoen hemen. Lur garaietako debrisaren (hondakinak) higadurak hareharri-, limolita- eta eskisto-geruzak txandakatuta metatu zituen, mareek banatuta. Itsasoa desagertu zenean, higadura geruza zaharrean hasi zen, arroka gogorrenari eta ahulenari modu desberdinean eraginez, eta forma biribileko zutabeak sortu ziren, batzuentzat goblinak eta beste batzuentzat mushroom-ak direnak.

Hiru batean gehi bost

Izenaren valley singularrean doan arren, hiru haran dira. Iparraldetik hegoaldera doaz ondoz ondo, eta denak pinakuluz beteta daude. Aparkalekuaren eta begiratokiaren azpian dago lehena. Luzanga eta laua da, eta bertako hoodoo zenbatezinak potoloak eta forma bihurrikoak dira, isekariak, batzuetan satiroak eta, batzuetan, leuntasun xalokoak.

Bigarrenean, zutabeak lirain eta luzeagoak dira, eta neurri handiagoa eta serioagoa hartzen dute; kanoiaren pareten inguruan lerrokatuz doazen heinean, handituz doaz. Hirugarrenak, handienak, ertz irregularragoak ditu eta ardatz zentral baten inguruan dauden kanoi txikiz osatuta dago. Hoodooak hemen ere askotarikoak dira, baina, agian, erakargarriena zera da, urrunago dagoenez, bakartiagoa dela.

Hiru haranez gain, parkeak bost bidexkako sarea eskaintzen digu, ibilbidearen osagarri. Errazena Curtis Bench da. Gertuko Henry mendien ikuspegi ikusgarriak eskainiko dizkiguten bost kilometro dira. Mendi horien tontor elurtuak 3.000 metrotik gora daude itsas mailaren gainean, eta haien hegaletan ehunka bisonte amerikar ibiltzen dira oraindik. Kanpalekutik abiatzen da, hurrengo ibilbidea bezala, Entrada Canyon delakoa.

Ez da oso luzea, bost kilometro dira, eta haranetara iristen da, euri-aldietan metatzen den uraren drainatze naturalari jarraituz. Likidoak zulatutako ildoen eta meandroen arteko ibilbidea da, eta hareharrian landutako irudi bitxiak erakusten dizkigu.

Hurrengo bi ibilbideak apur bat konplexuagoak dira. Lehenengoak, Carmel Canyonek, ez du horren zailtasun handirik. Aparkalekutik abiatzen den hiru kilometroko zirkuitu zirkularra da. Goiko aldetik doa, eta interesgarriena da harana hainbat ikuspegitatik ikusteko aukera ematen duela, baita Molly’s Castle izeneko jatorrizko buttearen gaineko begiratokira sartzeko aukera ere. Molly’s Castle mendi-magal bertikalak eta tontor laua dituen muino-uhartea da; azken honetan goblin hasiberriak daude. Bidetik The Three Sisters formazioa ikusten da eta, egun argietan, ekialdean La Sal mendi urrunak ikus daitezke, jada Coloradon, Utah-ko mugaren ondoan.

Bigarrenak ahalegin handiagoa eskatzen du. Aurrekoaren luzapena da, bost kilometrotik gorakoa, eta helburua Goblin’s Lair iratxoaren gordelekura iristea da. Hara iristean, sakanaren paretan sartzen den leize bat dirudi, baina ez da hala. Kanoia da, slot canyon bat. Egitura geologiko oso ugaria da lurraldeotan. Oso estua da. Horregatik du izen hori, “zirriztu arroila” antzeko zerbait esan nahi baitu. Koba itxura du, lur-jausi batek bere sarreretako bat itxi zuelako.

Slot canyon guztiak bezala, higadurak pasabide korapilatsu eta irudi sigi-sagatsuak sortzen ditu, zeintzuk 30 metrora ere badauden zirrikituetaraino jaisten diren argi eta itzalekin jolasten diren. Eta ezin gara joan arestian aipatutako The Three Sisters delakoetara hurbildu gabe. Aparkalekutik 225 metrora dago Goblin Valleyren irudi ikonikoena osatzen duen hoodo hiruko hori.