Urtzi URRUTIKOETXEA

Uganda: bisita Afrikaren bihotzera

Afrikako mapetan ertaina edo, are, txikia dirudi Ugandak, Kongoren gisako herrialdeen aldamenean. Egiaz, Erresuma Batuaren pareko azalera dauka, eta sekulako aberastasuna, bai paisaietan, bai faunan, bai kulturalki. Eremu horretan, historiaz blaitutako aintzira erraldoietatik mendi-tontor elurtuetaraino, oihan zein sabana, merezi du tartea hartzea askotariko geografia honen harribitxiez gozatzeko.

Ugandak sekulako aberastasuna du, bai paisaietan, bai faunan.
Ugandak sekulako aberastasuna du, bai paisaietan, bai faunan.

Bwindi Ugandako bidaiaren amaiera da askorentzat. Ibilbidea hiriburuan hasita eta erlojuaren kontrako norabidean lekurik ikusgarrienak bisitatuta, txangoaren harribitxia gordetzen dute hego-mendebaldeko txoko zoragarri honetan. Denok ez dugu bidaia Kampalan hasten, horratik. Afrikaren erdialdean egoteak lurralde hau beste herrialderen batekin batera ezagutzea ahalbidetzen dizu, edo ibilbide luze bateko etapa bihurtzea.

Ruandatik iritsi gara, Kigalitik hiruzpalau ordura baitago Ugandako muga; Euskal Herrian bezala bidearen eskuinaldean gidatzetik, beste aldera pasatu, eta ezkerretik doaz autoak Ugandan, herrialdearen iragan britainiarra gogoan. Bi herrialde horiek eta Kongoko Errepublika Demokratikoak bat egiten duten Virunga sumendien inguruan bizi dira mendiko gorilak, mugek bereizita baina oihanak batzen dituen eremu txikian.

Baimen berezi eta garestiak behar dira Bwindiko oihanean bizi diren gorilak bisitatzeko trekkingetan parte hartzeko -Ruandan baino merkeagoa da, betiere-, baina herrialde honetara bisitan datozenek betiko gogoratzen duten esperientzia da. Oso neurri bereziak hartu behar dira, beharrezko distantzia gorde gorilekiko, musukoa jantzi eta segurtasun pauso batzuk ikasi.

Oihaneko ibilbidea eginda, gorila familiarekin topo egitea oso zirraragarria da. Gidariak berak erakusten du non den bizkar urdinduko alfa arra, baina lasai eta patxadaz doa bisita. Nork bere lekutik inor ez haserrearaztea da gakoa, behar baino gehiago ez hurbiltzea. Argazkiak egitea, zelan ez, baina argazkirik gabeko unea ere gozatzea, bizitzan horrelako une gutxi izango baita, oihanaren erdian bertatik bertara egoteko. Eta mendian behera joatean ere, bizitakoa dastatu, gogoan berreraiki eta uneaz hausnartu. Sekulako altxorren gordelekua da Bwindi ingurua, baita hori horrela uztearen ordain garestia ordaindu dutenena ere: batwa herri indigena, esaterako, parke nazionalaren aitzakian kanporatu zuten.

Natura bizia

Errepide nagusietara hurbilduta, herrialdearen mendebaldean jarraitu dugu kilometroz kilometro, lurraren marroiaren eta ingurunearen berdearen liluran. Biharamunean, jaikitzerakoan, laino itxia dago Queen Elizabeth parke nazionalean, baina hura desegitean, Rwenzori mendien handitasunak harrapatu du gure begirada. Parkeko sabana giroarekin kontraste izugarria egiten dute mendi garaiek, tontorrak elurtuta dituztela.

Uganda ez da auzoko dituen Tanzania eta Kenya bezain ezaguna safari turismorako, baina sekulako parke nazionalak ditu, Afrikako animaliarik esanguratsuenekin. Queen Elizabeth-en sartu eta gutxira izan da naturaren eztanda, gazela dotoreak (kob izena du hemengo antilope bereziak), bufalo saldoa, baita, halako batean sabanan etzanda, lehoi familia bat ere. Gero, gidaria koroadun kurrilo bikote baten aldamenean geratu da, Ugandako hegazti nazionala dela gogorarazteko. Harro dabiltza bi hanka finen gainean herrialdearen bandera koloretsuko hegaztiak.

Parke nazionaletik Katunguru herrira itzulita, Kampalarantz doan adiskidearekin topo egin bitartean Kazinga kanalean ibaian txangoa hartu dut. George eta Edouard aintziren artean doa; eskualdea are bereziagoa egiten dute Rwenzoriko mendien lerroan dauden aintzirek, ia Murchinson ur-jauzi ikusgarrietara iritsi arte. Beste aintzira handiago batera bidean goaz, eta, horretarako, Kampala hiribururaino joan behar dugu lehendabizi, Katunguruko hipopotamo, bufalo, krokodilo eta azken orduan agertutako elefante taldeari agur esanda.

Danson adiskide idazlea Rwenzoriren magaleko herri batekoa da jatorriz, Kampala hiriburuan irakasle lanean aritu arren. Bidean pasatzen goazen herrien berezitasunak zehazten dizkigu, eskualde bakoitzeko hizkuntza zein den jakinaraziz. Ingelesa da hizkuntza koloniala, eta luganda estatu-hizkuntza gisa darabiltena. Swahilia ere ezaguna da; horrez gain, herri edo eskualde bakoitzak badu bere hizkuntza ere. «40 hizkuntza baino gehiago ditugu, baina herrialde bakarra gara; eztabaidak eztabaida, batasun sentipena dago. Ruandan kontrakoa gertatzen da, hizkuntza bakarra dute funtsean, kinyaruanda, baina hara zer nolako txikizioa egiteko gai izan ziren».

Niloren iturburua

Kampala hiriburura iritsi aurretik, ekuatorearen marra igaro dugu, 0 paralelotik hegoaldera egotetik iparrera pasatu gara. Bidearen hasierako herrietan, artoa, tea edo kakaoa lantzeko soroetan dihardute lanean, emakumeek bereziki; aurrera egin ahala herriak gero eta handiagoak dira eta merkataritza gehiago dago, batean zein bestean, umeak nongura ageri dira. Baina funtsean asfaltozko lerro bat eta lurgorrizko pistak dira, kamioi handiak gainezka egin beharrean, eta motorrak hiri edo herri bakoitzaren sarreran (boda-boda deitzen dieten taxi-motorren geltokiak).

Bide bazterrean, saltoki txikiak, bananak, xaboia edo garbitzeko produkturen bat eta bertan frijitutako opilak salgai dituztela. Umeren batek «muzungu!» (zuria) egin du oihu. Idi Aminen diktadura-urte izugarrien ostean, herrialdearen indizeak hobetuz joan ziren, baina urte hasierako hauteskundeek berriz ere indarkeria, errepresioa eta ustelkeria salaketak ekarri zituzten.

Hiria handia da, erraldoia, autobideak eginda ere orduak gal daitezke garai txarrean inguratzen saiatuz gero. Gaddafi meskita harro ageri da erdigunean, eta hiriko monumentuak eta Parlamentua inguratuta, Kasubi hilobietan egin dugu geldialdia. Buganda erresumako errege-familiaren ehorzte lekua Unescoren munduko ondarearen zerrendan dago, baina ez dira asko honaino bisitan etortzen direnak; huts-hutsik eta bakarrik bisitatu dugu.

Halaxe ekin diogu guk ekialdeko bideari, Kenyaraino doan errepidea hartuta, Jinjara iristeko. Munduko ibairik luzeenak nekez izan zezakeen iturburu dotoreagorik. Victoria aintzira Afrika ekialdeko lekurik ikusgarrienetakoa da, bere handitasunean. Jinjara ailegatutakoan, ez da zaila ontzizain bat aurkitzea ibaiaren iturburutzat jotzen den lekuraino bertaraino joateko: aintziraren erdiko gune bat da, etxola bat, lekua hori dela azaltzen. Baina hortik aurrera, iparralderako bidea hartzen du aintziratik irteten den urak, basamorturaino lehendabizi, eta, azkenik, Mediterraneoraino.

Nilok lehen geltoki garrantzitsua, Ugandan bertan, Murchison ur-jauziak ditu; arroila estu batean sarturik indartsu lehertzen hasten da. Burtonek, Stanleyk eta Livingstonek, XIX. mendeko esploratzaileek bereak eta bi egin zituzten txoko honetaraino heltzeko. Egun, Kampala eta Nairobi artean egin daitekeen etenaldian bisitatu daiteke toki berezi hau. Ugandako bidaiaren amaiera ezin hobea markatzeko batzuentzat, eta zain duten herrialde liluragarri baterako abiapuntu gisa besteentzat.