Ane IPARRAGIRRE (Argazkiak: GETTY IMAGES)

Seestadt, diseinatzaile eta arkitektoak emakumeak direnean

Vienako Seestadt auzo berrian emakumeak dira diseinatzaile eta arkitektoak. Emakumeak dira etxeak, kaleak eta espazio publikoaren inguruko erabakiak hartzen dituztenak. Kale-argien indarra, espaloi arteko tartea, kaleen izenak... Orain arte ez bezala, hirigintza kontuetan euren iritzia da nagusi. “Frauen bauen Stadt” du izena proiektu berritzaileak; hau da, “Emakumeek eraikitzen dute hiria”.

 

Seestadt auzoan, emakumeak dira etxeak, kaleak eta espazio publikoaren inguruko erabakiak hartzen dituztenak. (GETTY IMAGES)
Seestadt auzoan, emakumeak dira etxeak, kaleak eta espazio publikoaren inguruko erabakiak hartzen dituztenak. (GETTY IMAGES)

‘Frauen bauen Stadt” (Emakumeek eraikitzen dute hiria). Izen hori du Vienako Seestadt auzoan abian jarritako proiektu berritzaileak. Zein da berezitasuna? Bada, emakumeek beraiek diseinatzen dutela auzoko espazio publikoa, etxebizitzak eta kaleak. Orain arte gizonezkoek inori galdetu gabe hartutako erabakiak egun emakume arkitekto eta diseinatzaileen eskuetan daude. Beraz, euren premiak kontuan hartzen dituzten deliberamenduetan oinarritzen da auzoaren bilakaera. Eta ikuspuntu aldaketak, noski, eragin nabarmenak sortu ditu.

Hirigintzaren, espazio publikoaren eta etxebizitzen inguruan erabakiak hartzerakoan emakumeen ahotsak isilarazi dituzte gehienetan. Hain zuzen ere, Vienako egitasmo berritzaileak horixe saihestu nahi du eta, bide batez, esparru inklusiboak lortzea helburu duten aldaketak bultzatu.

Seestadt auzoa etengabe garatzen ari da azkenaldion. Hiriaren ekialdean kokatua, nabarmen hedatzen ari da eta, etorkizunari begira egindako aurreikuspenen arabera, sekulako hazkundea izango du: gaur egungo 8.300 biztanleetatik 20.000 izatera pasatuko da 2030ean.

Beraz, auzoa hankaz gora dago zenbait tokitan, eraikitze-prozesuan murgilduta. Dena dela, “Emakumeek eraikitzen dute hiria” hizki handiz dioten kartelak ikus daitezke nonahi, auzoan gertatzen ari denaren berri emanez.

Sabina Riss arkitekto eta unibertsitateko ikertzailea generoaren eta hiri-plangintzaren arteko harremanean aditua da. Akaso horrexegatik du gaitasun berezia Seestadt auzoan gertatzen ari dena era erraz eta argian azaltzeko. Haren arabera, emakumeek hiri-diseinuan duten rol garrantzitsuan arreta jarriz zera lortzen da: agerian uztea gizonek izugarrizko boterea dutela eraikitako ingurunearen konfigurazioan; izan ere, hiri-garapenari buruzko hautu erabakigarriak hartzen dituztenak, tartean bankariak, gizonak dira. Riss-en datuen arabera, hirigintza arloko erabakien %5-10 soilik dago emakumeen esku, kasurik onenean.

Eraikin berrien diseinuan aktiboki parte hartzeaz gain, emakumeak dira kale berrien protagonista nagusiak. Hannah Arendt filosofoa, Janis Joplin abeslaria eta Pippi Kaltzaluze dira auzoko kaleen izenetako batzuk.

Kaleen izenak

Wojciech Czajak zuzenean parte hartu du auzoaren itxuraldaketan, eta Vienako kaleetan orain arte gizonei protagonismoa emateko joerarekin lotzen du emakumeen aintzatespenik eza. «Vienako kaleen %92k gizonen izenak dituzte. Horrek, jakina, ez du historia eta errealitatea islatzen; beraz, hemen, auzo berezi honetan, ia leku guztiek dituzte emakumeen izenak, arte, politika, ekonomia, arkitektura eta beste esparruetan merezimendu osoz gailendu diren emakumeenak».

Auzoa bera ikusgarria bada ere, egunotan arrazoi bat gehitu zaio bisita egiteko motiboen zerrendari: arkitektoei buruzko erakusketa egon da ikusgai. Bere diseinuekin Seestadt auzoko proiektuari ekarpenak egin dizkion Carla Lo arkitektoaren arabera, Vienako plangintza politika 2018an hasi zen eguneratzen, aldatzen, egokitzen; hain zuzen ere, Kathrin Gaal hiriko Etxebizitza Departamentuaren buru izendatu zutenean. Ardura handiko postu hori lortu zuen lehen emakumea izan zen. «Bitxia izan zen. Adibidez, bera sail horretan sartu bezain laster, ama ezkongabeen beharrizanak kontuan hartzen hasi ziren hirigintza prozesuak lizitatzeko orduan».

Argi gehiago, segurtasun handiagoa

Emakumeen beharrak asetzeko nahia Vienako hiri-plangintza modernoaren hainbat esparrutara eraman daiteke: kaleetako argiak areagotzetik kirol-esparruetako sarbideen kopurua handitzera (emakumeak seguruago senti daitezen), edo osasun-instalazioak hobetzera. Gainera, bizitokietan berrikuntzak sartu dira, eta emakumeek asko eskertu dituzte; besteak beste, partekatutako areto komunak izatea, fakturen prezioak jaisten laguntzeaz gain, haurren zaintza banatzeko aukera errazten duelako.

Aldaketak, gainera, areagotuz doaz auzoan bertan, baina Gaali benetan gustatuko litzaiokeena da Vienako proiektua beste leku batzuetan ere praktikan jarri ahal izatea; hau da, euren esperientzia besteekin partekatzea, emakumeak kontura daitezen posible dela orain arte isilarazitako ahotsa askatzea.

Erakusketan, gainera, mundu osoko 18 emakume arkitekto eta hiri-planifikatzaileren lorpen handiak ezagutu ahal izan dituzte bisitariek, haien lanak ez baitira ezagutzera eman merezi bezainbeste. Beste arlo askotan bezala, emakumeak denbora luzez egon dira aktibo hiri-espazioen eraketan, baina gutxitan eman zaie gizonen aintzatespena edo ospea.

Adibide bat: 1912an, Marion Mahony Griffin arkitekto estatubatuarrak aurkeztutako proiektuak irabazi zuen Canberrako hiri lorategi baten diseinua aukeratzeko nazioarte mailan egindako lehiaketa, baina ez zuen berak jaso saria, bere senarrak baizik.

«Gaur egun ere, emakumeak proiektuetatik kanpo» daudela uste du Wojciech Czaja erakusketako komisarioak, arkitekturako saririk ospetsuenarekin lotutako gertakizun salagarria aipatuz. «Hor dugu Lu Wenyuren kasua; senarrak irabazi zuen Pritzker saria, proiektuak beti elkarrekin egiten zituzten arren. Eta hori 2012an gertatu zen».

Pritzkerreko kristalezko sabaia hautsi zuen lehen emakumea Zaha Hadid izan zen, 2004an, 25 urtez gizonezkoen eskuetan soilik izan ondoren. Gero, zorionez, beste batzuk etorri ziren: Kazuyo Sejima, 2010ean; Carme Pigem, 2017an; Yvonne Farrell eta Shelley McNamara, 2020an; eta Anne Lacaton, 2021ean.