Eli TXAPARTEGI (Argazkiak: Getty Images)

Galapagoak, urpeko laborategi erraldoi

Galapagoak aire zabaleko laborategi erraldoia dira, Espezieen Eboluzioaren teoria zehazteko Darwinek baliatu zuena. Monitorizazio-programen bidez, hainbat erakunde zientifikok marrazoak eta dortokak aztertzen dituzte, lortutako datuekin haien babes maila handitu ahal izateko. Gu haiekin itsasoratu gara.

Dordoka bat, zientifiko baten eskutan. (Getty Images)
Dordoka bat, zientifiko baten eskutan. (Getty Images)

Galapago uharteetan –bertan bizi diren dortoka erraldoien izena dute– 2.900 itsas espezie baino gehiago aurki daitezke; horietako %25, endemikoak. Ozeano Barean kokaturiko uharteok (Ekuadorreko kostaldetik mila kilometro mendebaldera) lur eta itsas biodibertsitate aberatsa dute; batez ere, lau korronte hotz eta beroren elkartzeari esker, nutriente asko duelako bertako urak. Horrexegatik, Galapagoak Parke Nazionaleko (PNG) kideek, Charles Darwin Fundazio (FCD) eta beste erakunde zientifiko batzuekin batera, Ekuadorreko artxipelagoan espezieen jarraipen- eta markatze-lana egiten dute. Proiektuaren helburua, datuak bildu eta analisi zientifikoak egiteaz gain, animaliei nazioarteko bakarkako kodea ezartzea da. Kasu batzuetan, satelite bidezko bilaketa-balizak ere erabiltzen dituzte.

PNGk 300 irteera baino gehiago egin ditu itsasora marrazoen jaiotza-eremuak identifikatzeko edo helduak xakitzeko. Irteera bakoitza esperientzia paregabea da. Gurea kolore urdin turkesa duen itsaso infinituan herabeki agertzen den hegal batekin hasi da. Txalupara hurbildu bezain laster harrapatu dute marrazoa, itxuraz aparteko arazorik gabe, baina harrapaketa laburra izan da, berehala uretara itzuli baita; hori bai, txip bat jarrita, zientziari Galapago uharteetako espezie enblematikoetako bat arakatzea ahalbidetuko diona.

«Ikusten duzue? Han!», oihu egin du Alberto Proañok, itsasontzitik nahita botatako beita batek erakarritako marrazoa atzamarrez seinalatzen duen bitartean. 34 urteko biologoa da eta pita bota du. Amua limatuta dago ez minik ez kalterik eragin ez dezan. Oraingoan, hala ere, ez dago zorterik. Pelikano batek karnata lapurtu du bat-batean. Eta, noski, marrazoa ihesi joan da.

Marrazoen bila

Eguzkiak gupidarik gabe berotzen ditu Ozeano Bareko irla bolkanikoak eta guk, hantxe egon behar, itxaronaldia luzatuz. Ordubete pasatu da. Beste marrazo bat hurbildu da eta kosk egin du, baina azkenean horrek ere ihes egitea lortu du. Motorra martxan jarri eta txalupa beste gune batera doa.

Ur-azalaren azpian itzal bat sumatu dugu. Albertok pita bota du berriz. «Badaukat!», oihukatu du zenbait saiakeraren ondoren. Animaliari hurbiltzen eta urruntzen utzi dio. Helburua, dirudienez, nekatzea da. Gero, eskuak eskularruz babesturik, indar guztiarekin tira egin eta ontzira hurbildu du.

Animalia, antzemandako arriskuari aurre egin nahian eta erabat beldurtuta, borrokan ari da. Ondorioz, txalupa kulunkatzen hasi da. Kapitaina eta bere laguntzailea istriborrean kontrapisua egiten saiatu dira, ontziak «hegan» egin ez dezan. Galapagoak Parke Nazionaleko (PNG) beste bi zaindari erreskatatzera etorri dira, eta, azkenik, marrazoa sokekin lotu eta itsasotik atera dute. Ondoren, markatze prozesua hasi da, baina «oso azkar egin behar dugu, marrazo bat ezin baita uretatik kanpo minutu batzuk baino gehiago egon». Albertoren hitzak dira. Esperientziaren hitzak, beraz.

Karelaren gainean xakituta, neurriak eta bestelako ezaugarriak zehaztu ditu: 2,30 metro luze, emea, 150 kilo inguru, 15 urte inguru. Carcharhinus galapagensis, Galapago-marrazo ale ederra, artxipelagoan bizi diren 36 espezieetako bat. Bisturia azkar mugituz, biologoak larru lagina hartu, zenbakitutako plastikozko hagaxka hori bat finkatu eta txip elektronikoa txertatu du dermis lodiaren azpian. Gero, emeki-emeki, marrazoa itsasoan askatzen dute berriro. Segundo batzuetan, hegala urrundu eta desagertu egin da itsaso zabalean. «Azterlan honek aukera ematen digu jakiteko urtearen zein sasoitan eta zenbat denboraz geratzen diren eremu batzuetan», gaineratu du Albertok, pozik eta harro, jardunaldi berean bigarren alea markatzeko parada izan duelako.

Beste helburu bat: itsas dortokak

Aste berean aurreikusitako beste eginkizun batek adrenalina gutxiago eragin du baina, hala ere, desafiatzailea izan da oso. Egunsentian, Albertok eta Jennifer Suarezek (33 urte) -biologoa eta parke-zaintzailea bera ere- beste irteera bat egin dute euren taldearekin. Itsas dortokak bilatzera atera dira. Abiatu dira arraun txalupa batean, nondik hamarka dortoka ikusi dituzten olatuetan bihurrika. Alabaina, urautsiek hurbiltzea eragotzi dute. Horregatik, aingura aurrerago bota dute, Floreana uhartera doan kala batean. Eta, gero, bi orduko ibilaldia egin behar izan dute, oinez, laba beltzezko plakadun arroken artean, non itsas iguanak eguzkitan jartzen diren maiz.

Laginak hartu eta xakitu

Hala ere, ahalegina egitea merezi izan du, bide makurraren amaieran, hondartzan, bat-batean, saria izan dutelako: dortoka talde bat. «Ez utzi ihes egiten», esan du Jenniferrek. Taldeko kide bakoitzari dortoka bat egokitu zaio eta, adostutako seinalea entzun bezain laster, harea zurian korrika hasi dira.

Dortokak, arrastaka, ihes egiten hasi dira frenetikoki, ur gardenera albait arinen iritsi nahian. Baina biologoek, kontu handiz, beren belaunen artean geldiarazi dituzte eta oskolari tinko eutsi, eskuekin begiak estaltzen dituzten bitartean, lasai daitezen. Ondoren, laginak hartu eta xakitu egin dituzte, eta azkenean berriro askatu. Eta biologoak, berriz, zain gelditu dira.

Guztira, 2002az geroztik, 18.000 dortoka baino gehiago identifikatu dituzte. Batzuk Costa Rican, Perun eta Mexikon. «Espezie enblematikoen jarraipena egiteko hainbat programa ditugu, populazioa ezagutzeko, zerk mehatxatzen dituen eta zerk eragiten dien jakiteko», gaineratu du Jenniferrek. Izan ere, helburu nagusia da «haien babesa ahalbidetuko duten datuak sortzea», marrazoekin bezala, baina baita itsas lehoiekin, koralekin eta iguanekin ere; hau da, Galapagoak aparteko leku bihurtzen dituzten espezie guztiekin. Izan ere, 1978an Gizateriaren Ondare Natural izendatu zituzten «uharte sorginduak» ere esaten dieten hauei.

Iraungitzat jotzen zen dortoka

Orain dela gutxi, gainera, PNGk duela ehun urte baino gehiago desagertutzat jotzen zen dortoka baten aurkikuntzaren berri eman zuen. Dirudienez, ahaideak izan ditzake Fernandina uhartean, Ekuadorreko uhartediko mendebaldekoenean.

Dany Rueda PNGko zuzendariak adierazi zuenez, aurkikuntzak Galapagoetan dortoka kolonia berreskuratzeko aukera paregabea eskaintzen dio nazioarteko komunitate zientifikoari. «Orain, Fernandina uhartea planifikatzen ari gara; bertan dortoken gorotzen laginak aurkitu dira eta horrek aukerak zabaltzen ditu espezie bereko beste batzuk aurkitzeko». Helburua, kasu horretan, emaitzak berresteko azterketak egitea eta ikertzea litzateke eta, bateragarria izanez gero, Fernandina bertako dortoka motekin birpopulatzeko programa batean pentsatzen hasiko lirateke zientzialariak.

Duela bi urte, PNGko ikertzaileek dortoka erraldoi eme bat aurkitu zuten Fernandina uhartean. AEBetako Yale Unibertsitateak ikerketa genetikoak egin zituen eta DNA alderatu zuen uharte beretik 1906an ateratako beste batekin. Chelonoidis phantasticus espeziekoa zela ondorioztatu zuen ikerketak, duela mende bat baino gehiago desagertutzat jo zena.