Testua eta argazkiak: Sergi Reboredo

Patagoniako eremu latzenean, Skorpios III ontzian

Skorpios III-an Patagoniako eremu latz eta ezezagunenean barrena ibili gara, ia esploratu gabeko paisaia honetan kokaturiko glaziar ikusgarrien artean. Ez da edonolako ontzia, izotzean arazorik gabe nabigatzeko sendotutakoa baizik. «Familia giro» handikoa, gainera.

Skorpios III ontzia.
Skorpios III ontzia. ( Sergi Reboredo)

Puerto Natales, Txileko hiriburu Santiagotik airez lau ordura dagoena, munduko txoko australenetakoa da, eta bere hiriaren kanpoaldean herrialdeko hotel enblematikoenetakoa dago, Hotel Remota. Bere leihate izugarrietatik Ultima Esperanzako badiaren eta Balmaceda eta Serrano glaziarren postal izugarriak ikusten dira. Hotela diseinatzean German del Sol arkitektoak argi naturala duten espazio diafanoak jartzea erabaki zuen, barruan egonda kanpoan zauden sentsazioa izateko baina babestuta sentitzearen erosotasuna ahaztu gabe; horregatik barnealdea egurrezkoa da eta negu austral gogorrei aurre egiteko termikoki behar bezala isolatutakoa.

Ardiak gordetzen zituzten Patagoniako estantzietan inspiratuta dago. U ireki formako hiru pabiloi ditu, zeintzuetan detaile txikiena ere zainduta dagoen: bere aurrehispaniar dekorazioa, artilezko tapizak, ontziteria ingelesa, logeletako perutar kotoizko maindireak eta aire zabaleko sauna aparta. Hotelean era guztietako jarduerak eskaintzen dituzte; aipagarrienak, esaterako, zaldi ibilaldiak, Cueva de Milodón-era bisitak eta Torres del Paine Parke Nazionalean mendi-ibiliak egitea.

Ongi etorri ontzira

Hotel Remotatik iparraldera kilometro eskasera Puerto Kochifas dago, Skorpios III-a porturatzen den tokia. Ontzi horretan bisitatuko ditugu ia esploratu gabeko paisaia honetako glaziar ikusgarriak.

Ez da beste edozein ontzi bezalakoa, izotzean nabigatu ahal izateko sendotuta baitago. Bost ontzigain eta areto zabalak baditu ere, 90 bidaiarirentzako edukiera du, eta horregatik zerbitzua oso zaindua eta pertsonala da, ontzi-enpresa handien gurutzaldi masifikatuen ilara luze eta estualdirik gabea. Hemen dena da familia girokoa. Horretaz arduratzen da “Mimí” Coñuecar, Skorpios enpresa sortu zuen Constantino Kochifas kapitainaren alarguna. 89 urte dituen eta ontzian 50 urte daramatzan andreak lanean tinko dirau eta ez du bidaia bakar batean ere kale egiten. Horietan, gainera, txango bakoitzean jaisten da guztia behar bezala dagoela egiaztatzeko. Luis Kochifas, bere semea, da "Skorpios III"-ko kapitaina eta harro azaltzen du aita hil eta hurrengo asterako Mimí jada berriro ontzian zebilela. «Bere bizi filosofia da. Ontzian hilko da, aita bezala», azaldu du Luisek.

Hego Patagoniako izotz-zelaiak

Lau egun eta hiru gau emango ditugu nabigatzen artxipelago, kanal, uharte eta basoetan barrena; Patagonia latz eta ezezagunenean hamaika esperientzia sinesgaitz biziko ditugu. Gezurra dirudien arren, paraje hauetan ia ezinezkoa da beste gizaki batzuekin topo egitea. Lurrez, bere orografia zaila eta klima gogorra dela-eta, ia ezinezkoa da berau bisitatzea eta kanal hauetan nabigatzeko ez du balio edozein ontzik.

Hegoaldeko Izotz Zelaiak milaka urteko izotz masa izugarri handi bat dira. 17.000 kilometro koadro dituzte, duela 20.000 urte baino gehiago Lurrean gertatutako azken glaziaziotik iraun dute eta Andeetako gailurren bi isurialdeetara isurtzen dira. Argentinak naturaren altxor hori turistikoki errentagarri bihurtzen hobeto asmatu du, Perito Moreno buru duela, nahiz eta urteroko ia 500.000 bisitariak eremua izugarri masifikatzen ari diren.

Txilen, berriz, 48 izotz-mihietatik 42 daude, turistek noiz bisitatuko dituzten zain. Izan ere, gutxien ikertutako planetako eremuetako bat da hau. Gaur egun, glaziar hauetako gehienak atzera egiten ari dira, klima aldaketa dela-eta tenperatura igo delako eta prezipitazioak gutxitu direlako. Desagertzeko arriskuan daude, baldin eta gure bizi-ohiturak aldatu eta jasangarriago bihurtzen ez baditugu.

Puerto Natales atzean utzi dugu

Amarrak askatu eta ontzia mugitzen hasi da. Puerto Natales eta bertako etxe koloretsuak atzean geratzen doaz eta telefono mugikorraren estaldura-seinalea galtzen doa desagertzeraino. Lehenik Kirke mehargunea topatu dugu, eta ontzigainetik Patagoniako fiordoen landaredi hostotsua ikus dezakegu.

Uharte ñimiñoak utzi ditugu albo batera eta bestera, zeintzuetan haize bolada gogorren ondorioz zuhaitzek 45 gradutik gorako inklinazioa duten. Ia milimetrikoa da mehargune artean igarotzeko trebezia. Iluntzen ari du eta areto nagusian hiru platereko afari goxoa zerbitzatu dute. Bidaiariok elkar ezagutzen hasi gara.

Biharamunean Amalia glaziarraren ondoan esnatu gara. Bidaia-koadernoko zerrendako handiena da. Hiru kilometroko izotzezko pareta du, 90 metroko altueratik gorakoa eta bertan izotz ugari desagertu eta hondartza formako bide ireki bat utzi du; hortik bisitariak erraz irits daitezke glaziarraren horma parera. Inguruan begira dugu huemul familia bat, turisten joan-etorriari jaramon handirik egin gabe bazkatzen ari dena. Animalia hori Andeetako orein autoktonoa da, desagertzeko arriskuan dago eta, hortaz, zaila da topatzen. Zortea lagun dugu. Txalupa pneumatikoak ontzi inudera itzuli gaitu eta ondoan dabilzkigu izurde austral ba≠tzuk.

Eguna erritmo bizian doa eta ia postreak digeritu gabe El Brujo glaziarrera iritsi gara. Hemen ontzitik jaitsi eta ondoko arroken gainetik oinez joan behar da. Burrunba izugarria entzun eta glaziarraren burua bat-batean jausten ikustea ikuskizun itzela da. Baina mundu guztiak daki zer esan nahi duen horrek: glaziarra desizozten eta atzera egiten ari dela eta desagertzeko bidean dagoela.

Bidaiko plater nagusietako bat ondoren zerbitzatzen da, badia estu batean ontziz aldatu ostean. Constantino ontzi izotz-hauslera igo gara, Calvo fiordotik gertu dauden izotz-puska handienen artean aurrera egiteko. Hemen bost glaziar kanalaren hondora erortzen dira era kontzentrikoan eta paisaia benetan ikusgarria da.

Lurralde honetan mendi gailur malkartsuekin kontrastean elurraren zuria ageri zaigu, bai eta itsasoko ur ilunen gainean izotz-puska handi distiratsu eta urdinduak ere. Hiru ordu nabigatzen eman ondoren, saria dugu zain; tripulazioko kideek kristalezko edalontziak banatu dituzte bidaiarion artean, “12a 30ekin” delakoa har dezagun; «hala deitzen diogu whiskiak 12 urte dituelako eta izotzak 30.000 urteko historia», azaldu du irribarretsu kontralmiranteak.

Fiordo de las Montañas delakoa, alboan

Biharamun goizean Fiordo de las Montañas delakoaren alboan esnatu gara, inguratzen duten mendien bista bikainekin. Izugarrizko abilezia erakusten duen maniobra bat eginda "Skorpios III"-a Alsina glaziarraren oinetan dauden arroka handi batzuen ondoan gelditu da. Zodiac-etan irteerarik gabeko kanal batean nabigatu dugu, izotzezko horma erraldoi bat aurrez aurre topatu arte. Horma hori itsasoan amiltzen da. Izurdeak eta ubarroi mordoa ditugu alboan gure abentura honetan.

Ontzira itzuli gara hurbil daukagun Bernal glaziarrerako bidea hartzeko. Hemendik 30 minutuko paseoari ekingo diogu; ibilbidea bertako basoen eta turkesa koloreko ura duten urmaelen artean egingo dugu.

Bidaiaren ginga arratsaldean aurrera eginda iritsi da, ontzia Angostura White delakotik hurbil gelditu denean. Oraingoan fauna ikusteko jaitsi gara ontzitik. Itsas otsoek, ubarroiek eta andetar kondor pare batek arretaz begiratzen digute. Gizakiok datozen urteotan egiten dugunak baldintzatuko du, neurri handi batean, animalia horien biziraupena. Eta ez dirudi bide onean goazenik.

Azken afaria ikusgarria da. Denetarik duen buffeta: izokina, itsaski freskoak, arkumea eta indioilarra, besteak beste. Eta, nola ez, Txileko ardo aparta, mahaikideak saltsa dantzatzera animatzeko eta bidaia aho-zapore onarekin amaitzeko. Hala bukatu da hegoaldeko izotz australen erreinura eginiko bidaia ikusgarri hau.