Munduari begirada

Holi jaialdia: Kolore eztanda, udaberriari ongietorria emateko

Phalguna hilabeteko ilargi betearen biharamunean. Egun horretan –aurten, martxoaren 18an– munduko festarik koloretsuenetakoa ospatzen da; batez ere, Indian eta Nepalen. Holi jaialdia da, udaberriaren ekinozioaren etorrera ospatzeko kolore eztanda benetan ikusgarria.

Indian ospakizun ia guztiek erlijio kutsua duten arren, Holi berezia da, zenbait egunez aberats eta pobreen edo gizon eta emakumeen arteko oztopo sozialak apurtzea lortzen omen duelako festak, guztiek batera gozatzen baitute jai-giroaz.

Nork bere burua margotzen du lehenbizi eta, ondoren, koloretako hautsak (gulal) jaurtitzen dizkiote elkarri. Hori bai, koloreek desio positiboak transmititu behar dituzte nahitaez. Eta, horretarako, bizirik dirauen sinbologia tradizionalaren arabera aukeratu behar dira koloreak: horiak errukia adierazten du; laranjak, baikortasuna; urdinak, lasaitasuna; gorriak, maitasuna eta garbitasuna; eta berdeak, berriz, bizitasuna.

Holiren jatorriari dagokionez, jaialdia hainbat kondaira mitologiko hindurekin lotzen da, baina bada bat berezia: Deabruaren erregeak -Jirania Kashipu, bere burua benetako jainkotzat zuena- Prajlad semea hil nahi zuen, beste jainko batenganako (Vishnu) zuen debozioagatik. Hiltzeko saiakerek kale egin ondoren, Kashipuk Holika alabari agindu zion anaiarekin batera su batean sartzeko, neskari suak ez ziolako kalterik egiten. Aitzitik, erregearen alaba sutan erre zen eta Prajlad, aldiz, bizirik atera zen Vishnuren babesari esker. Eta, hain zuzen ere, gertaera horri lotzen zaio ongiak gaizkiaren aurka lortutako garaipenaren ospakizuna. Egun, Holikaren heriotza irudikatzen duen su batekin hasten da jaialdia, eta bigarren egunean, berriz, Dhulhendi izenekoan, ongiak gaizkia garaitzea ospatzen da. (Getty Images)