Xabier Bañuelos (Argazkiak: X.B. eta Getty)

Inaziotar Bidea, 500 urte geroago

Bidexkaren ertzean ibiltari batek geldiarazi nau: «Barkatu –esan dit– nahastu egin zara, mendebalderantz da». Irribarre egin eta era atseginean ezetz esan diot, norabide zuzenean noala. Harrituta, berriro diost: «Baina Santiago harantz geratzen da…». Berriro ere irribarre egin eta eskua bere sorbalda gainean jarri diot, eta nire makilari begiratu dionean hau erantzun diot: «Baina nik ez daramat bieira konpostelarrik, ni beste santu baten urratsei jarraituz noa, ekialderantz, Mediterraneorantz ad maiorem Dei gloriam».

Badira gehiegi irakurri eta beren burua irudi tristeko zaldun ibiltaritzat dutenak. Beste batzuk, ordea, liburuak irakurtzeak sinestun bihurtzen ditu. Alonso Quijanok zalduntza-eleberriak irakurri zituen, zaldun ibiltari bihurtu zen eta bidegabekeriak konpontzera abiatu zen. Inazio Loiolakoak erlijio-liburuak irakurri zituen, Jerusalemera joan zen erromesaldian eta azkenik San jarri zioten bere izenaren aurrean. Cervantesen pertsonaia Mantxako leku batetik abiatu zen, zeinaren izena ez dudan gogoratu nahi; Jesusen Lagundiaren sortzaileak Gipuzkoako leku batetik egin zuen, eta haren izena basilika itzel batek gogorarazten du.

Eta Quijano On Kixote berezko eskubidez izan bazen ere, Iñigo Lopezen bizitzak kutsu sobera kixoteskoa du Jainkoaren zaldun gisa, nahiz eta ardien aurka baino gizon armaden aurka borrokatu zen, bere erraldoiak ez ziren errotak, ortodoxiak baizik, eta bere leialtasun hauskaitza ez zen Dulcinea paregabeari zuzendua, baizik Johan Christoph Handk-ek erretratatutako Pablo III.a aita santu bizardunari baino.

1521eko maiatzeko egun batean, Inazio Loiolakoa eriondoa Azpeitira iritsi zen, jaio zen dorretxera. Oinaztar leinukoa, Iruñeko zitadelaren defentsan zauritu zuten, Nafarroako Enrike II.aren tropen aurkako borrokan. Bere gelako hormen artean, irakurtzen igarotzen zituen egunak, eta halako batean Saxoniako Ludolforen eta Jacopo da Varazze-ren lanekin topo egin zuen; alegia, Erdi Aroko best sellerren bi egilerekin; bata Kristoren bizitza hizpide zuena eta bestea santuen bizitza kontatzen zuena.

Orrialde haiek iraultza espirituala piztu zuten ordura arte soldadu izandakoarengan, eta bizitza eredugarri horiek guztiak imitatzea erabaki zuen. Ama Birjina eta Haurra gau batean Inazioren aurrean agertu izanak asko lagundu zuen, eta gertaerak azkenean bokazio berria berretsi zuen. Horrela, gizon mundutarra alde batera utzi, armadurari eta ezpatari uko egin, eta erromes-jantziarekin ordezkatzea erabaki zuen.

Lurralde Santura

Jada sendatuta, 1522ko urtarril eta otsail artean abiatu zen. Ideiak oraindik oso argi izan gabe, Lurralde Santura iritsi nahi zuen, fedegabeak konbertitzera. Martxoaren 21ean Montserratera iritsi zen, eta han bere jantzi militarra zintzilik utzi, eta Manresara abiatu zen. Herri horretan hamar hilabete eman zituen anakoreta gisan, egun Cova de Sant Ignasi izena duen kobazuloan.

Hor eman zien forma bere “Ariketa espiritualei”, eta han erabaki zuen hobe zela taldean lan egitea; Jesusen Lagundia sortzeko hazia ereintzen ari zen. Gauzak apur bat ordenatuago zituela, Bartzelonan ontziratu zen Erromara joateko, eta handik Palestinara.

Bide baten berreskuratzea

Erromesaldi hura egin eta bost mende geroago, eta aldareetara igo zutenetik lau mende igarota, gertaera hura gogoratuko dugu, santuak penintsulan oinez egin zuen ibilbide bera eginez. Inaziotar Bidea da: 655,87 kilometro, antzinako Errege Bidearen trazadurari jarraitzen diotenak eta Ebroko Donejakue bidearekin kointziditzen dutenak, baina alderantzizko noranzkoan.

Eta, berezitasun gisa, esan beharra dago, Donejakue bidearen oinarrian kondaira bat baino ez dagoen bitartean, Inaziotar Bidea benetan fisikoki eta espiritualki ibili eta esperimentatu zuela protagonistak. Lagundiaren ekimenez sortu zen 2012an eta guztira 27 etapa ditu.

Laburrena Navarrete eta Logroño arteko 13 kilometroak hartzen dituena da, eta luzeena, Cervera eta Igualada artean igarotzen den sei legoa pasatxokoa. Hego Euskal Herrian, Errioxan, Aragoin eta Katalunian zehar igarotzen da, askotariko paisaien erdian; Gipuzkoako haran malkartsuak, Arabako mahatsondoak eta Errioxako, Nafarroako eta Aragoiko estepak, Monegroseko basamortu eremura, Montserrateko gailur hautsiak eta Mare Nostrumen urdinak.

Baina harrigarriena bidea ezohiko noranzkoan egitea da. Ez dira faltako bidaideak, baina harritu aurpegiarekin azkar igarotzen direnetakoak izango dira. Donejakue bidea noranzko “egokian” egiten ari direnak, hain zuzen. Inork ez du ulertuko zergatik goazen kontrako noranzkoan, baldin eta ez bazara gelditzen eta jakin-mina duenari zergatia azaltzen.

Baina gehienek okerreko bidean bagindoaz bezala begiratzen dute; areago, baten batek akatsetik atera nahiko zaitu, eta ez da faltako xelebrea edo ibiltari esnob bat zarela pentsatuko duenik; izan ere, oso jende gutxik ezagutzen du oraindik bide hori. Horrek xarma berezia du; batez ere, Ignaziotar Bideak bere kabuz hegan egiten duen tarteetan, non bakardadeak gogoarentzako, zentzumenentzako eta bihotzarentzako espazioa garbituko duen.

Euskal Herritik Mediterraneora

Gipuzkoaren bihotzean hasiko gara, San Inazioren jaiotetxean, Loiolako santutegiaren ondoan. Jesuiten erreferente nagusia den honetan, barruan gordeta dauden arteak eta historiak bultzada ematen digute bideari ekiteko. Zumarragaraino Urolako Bide Berdean barrena goaz, Izarraitzeko haitzen azpian doan ibai bihurgunetsuaren ertzetik.

Barne Barduliaren idiosinkrasia da, bukolikoa, berdea eta misteriotsua, burdina- eta su-zaporekoa. Handik hurbil, Antiguako ermita dugu zain. Uste denez, harribitxi erromaniko horretan otoitz egin zuen santuak, Brinkola zeharkatu eta Arantzazuko igoerari ekin aurretik.

Arantzazun eskulturak eta arkitekturak naturarekin bat egiten dute, modernitate- eta haustura-garrasi heterodoxo batean, non eta, historialari batzuen esanetan, Loiolakoak kastitate-botoa eman zuen tokian. Gipuzkoa uztear gaude, baina ibilbidearen zati ez bada ere, Iturriotzeko Bentara iritsi gara, Aian, Ernioren magalean. 1535eko apirilean San Inaziok gaua bertan eman zuen, Paristik etxerako bidean.

Arantzazutik Aizkorri-Aratz zeharkatuko dugu Urbiako zelaietan barrena, Araiako lautadaren bila. Marutegiko gazteluak oraindik Zirauntzaren iturburu ikusgarria eta Lezeko kobazulo misteriotsua zaintzen ditu. Araia eta Alda artean Aizkomendi eta Sorginetxeko trikuharriak imana izango dira, Entziara eta Katarri eta Arnoko labirinto karstikoetara igo baino lehen.

Elizmendiko ermitara jaitsiko gara -horman sartuta hilarri erromatarrak ditu- eta Harana zeharkatuko dugu Santikurutze Kanpezu ederreraino. Nafarroako Genevillara iritsiko gara. Gero, Arabako azken etapari aurre egingo diogu, eta Guardian atseden hartuko dugu, mahatsondoz, gotikoaz, trikuharriz eta Burdin Aroko herrixkaz inguratuta.

Errioxa bost etapatan zeharkatuko dugu. Navarretetik donejakueko lurretan sartuko gara. Bidean zehar beste tenplu askotan egin zuen bezala, Iñigok San Joan Acrekoaren Ospitaleko kaperan otoitz egin zuen. Haren hondarrek nostalgia arraroa sorrarazten digute. Logroñora iritsi gara eta gero Alcanadrera, Calahorratik igaro eta Alfaron bukatzeko, hori guztia katedralen, erromatarren aztarnen, gazteluen eta kolegiaten artean.

Diotenez, Errioxako lurretan zeregin espiritualak baino zerbait gehiago egin zuen Iñigok. Naiarako dukeari, Antonio Manrique de Larari, emandako zerbitzuengatiko soldatak kobratu zituen, eta, esaten denez, lehenago izan zuen alaba bat alabatzat aitortu zuen, María Villareal de Loyola izenekoa.

Aragoi zain dugu

Euskal Herrira sartu gara berriz ere Tuteratik, baina Aragoi hortxe dugu zain. Ateak Gallur eta Ubide Inperiala dira, eta Alagonen dagoen San Pedro eliza mudejarreraino jarraituko dugu, plater nagusira iritsi arte, hots, Zaragozaraino. Fuentes de Ebro igarota, Pina de Ebron geldituko gara haize pixka bat hartzeko, San Salbador komentuko eta Santa Maria elizako horma mudejarren artean; kilometro batzuk aurrerago Monegros begira daukagu.

Monegros oinez zeharkatzeak gure erresistentzia proban jarri du, Bujaralozen hegoaldeko ertza besterik ez bada ere. Torres Solano jauregia, Santiago eliza eta bere gatzaga ederrak ikusteak kontsolatu gaitu. Candasnos herritik Fragara iritsiko gara, Aragoiko azken herrira. Han, elizez eta jauregiez gaindi, Erromara ere itzul gaitezke, Villa Fortunatusen hondarrak ikusiz.

Katalunian

Kataluniak Lleidan zabaltzen dizkigu ateak, Seu Vellarekin. Palau d’Anglesolaraino iritsi gara, Verdú eta bertako gaztelua ikusi ditugu, baita Cervera ere, estilo barroko eta neoklasikoko unibertsitatea duena. Igualada atzean utzi ondoren, Montserrat eta bere monasterioraino igo gara, ingurune natural zoragarri baten erdian. Dagoeneko irrikitan, gure azken helmugara iritsi gara, Manresara.

Han Sant Ignasi kobak egin digu harrera. Harrizko korridore txiki bat da, alabastrozko erretaula bat du buru, eta eliza barroko eta komentu neoklasiko batek osatutako multzo apartak babesten du. Baina oraindik epilogoa geratzen zaigu, Bartzelonatik hurbil gaudenez, barkaezina baita hirira ez iristea. Azken finean, San Inazio bertan ontziratu zen Jerusalemera joateko. Baina hori beste baterako utziko dugu.