Urtzi URRUTIKOETXEA
Bi uharte, bakarraren prezioan

Huahine. Polinesiako altxor ezkutua

Polinesiako txoko berezia da Huahine, Tahiti eta Bora Bora artean, Sozietate uharteetan. Irla txikia da, biztanle gutxikoa, eta bisitari gutxi ere izan ohi dituena. Itsasoa, oihana, arkeologia, patxadaz bisitatzeko herriak... inguruko uharteetan turismorik ez zegoen garaietan ohi zen antzera.

Urtzi URRUTIKOETXEA
Urtzi URRUTIKOETXEA

Huahine bi uharte dira, bakarraren prezioan: Huahine Nui edo Handia iparraldean dago, eta Huahine Iti edo Txikia hegoaldean. Zubi dotore batek elkartzen ditu biak Bourayne eta Maroe (Mārō’ē, tahitieraz) badien artean doan itsas pasabide estuaren gainetik; alde batera zein bestera koralezko arrezifeak babestutako aintziraren turkesa koloreko urak ageri ditu.

Antigoaleko polinesiarrek kolonizatu zuten lehen uharteetako bat izan zen Huahine; badira IX. mendea baino lehenagoko erregistroak. Zalantzarik gabe, uharteek bazuten esangura bereziren bat garaiko biztanleentzat, Frantziaren menpeko Polinesia guztian beste inon ez baita hemen beste marae edo tenplu zahar biltzen.

Irlaren iparraldean dagoen aireportutik hegoaldeko muturreko Hiva hondartzaraino 23 kilometro dira mendebaldeko kostaldetik. Ekialdeko badia eta bihurguneetan ibiliz gero, luzeago egiten da, baina oso txoko ederrak ezagutzeko parada dago. Guztira, 60 kilometro inguruko itzulia dago bi Huahine irlen inguruan. Iritsi eta berehala, Fare “hiriburuko” moilatik begira Tavaiura mendiaren ingerada bitxiari erreparatu diogu, oihanez estalita; haurdun dagoen emakumea dela dio kondairak, burua, bularra eta sabela bereizten zaizkion tontorrekin.

Tavaiura mendia haurdun etzanda dagoen emakumearen ingeradarekin lotu izan da.

Herri atsegina da Fare, txikia eta praktikoa. Badu supermerkatua, baita ostatu, bungalow eta jatetxe batzuk ere, eta garraiorako alogera zein itsasoko txangoak, izan arrezifearen inguruko motu irletara, zein urpea ezagutzeko. Egiteko askorik izan gabe ere, litekeena da bertatik pasatzea uneren batean, erosketak egiteko edo ilunabarrean afaltzeko, esaterako. Saltzaileek postu txikiak jarri ohi dituzte kale nagusian, arrain freskoak, fruitu eta barazkiak eta baita olio medizinalak ere saltzeko. Noizean behin, herririk urrunenetako txalupak datoz, erosketak egiteko eta lagunekin solasean egoteko txokoa baita.

Ondare arkeologikoa

Aireportuaren eta Fauna Nui aintziraren hegoaldetik joanda iritsi gara ostatura; Tifaifai kafetegiak lotarako aukera ere ematen du arrezifeari begira, koralezko lorategiaren aurrean. Uretatik ostatura eta buelta, dolce far niente edo egonean lasai egoteko, askorik egin gabe, aukera ederra da. Inguruan altxor paregabeak ditugu, horratik: arrezifearen urpeko mundu ikusgarriarekin hasi, eta ur azaleko ondare aberatsera. Marae Manunu tenplua, adibidez, kilometro bakarrera dago, paseo labur batean. Faretik datorren errepidearen inguruan, berriz, beste harribitxi garrantzitsu batzuk daude, Manunutik hurbileko zubitik ikus daitekeenez: arrantzarako erabiltzen diren kaiolak ageri dira uretan. Harriak pilatuta "V" forma ematen zaie ibaian eta erraz antzematen zaie zubi gainetik, arraina kaiolaraino zelan bideratzen zuten ideia izateko. Egun ere erabiltzen da arrantzarako teknika hori.

Huahine ekialdean, Manunura doan zubitik arrantza teknika zahar bezain berezia nabari da, "V" itxuran paratutako harriekin.

Faretik etorrita, bestelako geltoki ugari ditugu metro gutxiren buruan. Erdibidean, esaterako, Mont Tapo tontorreraino igotzeko bidezidorraren abiapuntua, ordu eta erdian 429 metroko mendiraino heltzeko eta irlaren ikuspegi bikaina izateko. Uharteko gune arkeologiko ezagunenetakoa aurreraxeago dago: Fare pote'e maeva izenekoa, hain zuzen ere. Maeva Huahineko antzinako hiriburua izan zen, eta gune honetan lau marae daude; antzinako polinesiarren tenplu edo elkarguneak ziren, txikiak batzuk, familientzako aldareekin, eta handiagoak beste batzuk, buruzagienak kasu, hainbat jainkorentzako gurtze gune eta guzti. Fare pote'e, berriz, horma biribileko etxebizitza mota tradizionala zen. Egun, kulturgune eta museoa da, bai uhartekoentzat, dantza eta bestelako ikastaroetarako, bai bisitariek ezagutzeko. Aldamenean, banillaren etxea dago. Polinesiako txokootan ia berezkoa dirudi espezia honekin loturak, baina ez da bertakoa jatorriz, Mexikokoa baizik. Edozelan ere, uharteotako leku batean baino gehiagotan ezagutu daiteke banillaren prozesua.

Aingira sakratuak

Huahine Iti edo hegoaldeko uhartera garamatzan zubira heldu aurretik, beste bizpahiru geltoki daude: lehendabizi, perlen etxaldea. Faie herrixkara iritsi baino lehentxeago dago; zehatzago esanda, aintziraren erdian, motu Vavaratea aurrean altxatutako eraikinera joateko ontzia abiatzen den moila. Prozesu guztia ezagutzeko edo perla horiekin egindako bitxiak ikusteko aukera ederra da.

Huahineko protagonista ezagunenetakoak begi urdineko aingira sakratuak dira; hildako huahinetarren izpirituen eroale dira, bertako sinesmenen arabera. Faie herrixkako errekan daude, eta turista batzuek -baita herriko umeek ere- oinak uretan sartu eta jaten eman ohi diete. Faie utzita, errepidea kostaldetik urruntzen da aldi batez, mendian gora eginez kilometro pare baterako, eta beste horrenbeste behera, Maroe badiaraino. Bidearen erdian, mendate gainera iritsitakoan, badia guztiaren paregabeko ikuspegia dago.

Uhartearen hegoaldean are jende gutxiago bizi da, ia autorik ikusi gabe segi liteke ibilbidea, eta horrexegatik ere bizikletaz egiteko gune aproposa da. Huahine biak lotzen dituen zubia herritarren topagune izan ohi da asteburuetan, besteak beste, handik goitik uretara jauzi egiteko. Zubia igarota, Huahine Itin paisaia are ederrago bihurtzen da; errepidearen luzeran palmondoak, eguzkiak argitutako aintziraren ertzean goazela, Maroe badiatik. Segidan, Murimaora motu edo irla luzea ageri zaigu parean, arrezifea ixten. Bat-batean itsasoak urdin tonu guztiak hartzen ditu; hala, Tefareriitik arnasa kentzeko ikuspegia dago: urrunean ozeano zabalaren urdin iluna eta haren olatuen aparrak arrezifearen aurka apurtzen; koralezko marratik kostalderaino, berriz, aurrez aurre hedatzen zaigu ur turkesa bizia.

Maroe badia lasaia, Huahine handi eta txikien elkargunean.

Hegoaldeko altxorrak

Halaxe iritsi gara Parea eta Mavea badia ederreneko hondartza eta kala sinestezinetaraino, uhartearen hegoaldeko muturrean. Lehen herrixkan Le Maison du pareo edo Pareoaren Etxea dago, motibo ederreko oihalak nola egiten dituzten erakutsi eta nahi duenak erosteko. Hiva hondartza eta Polinesiako kanpin bakarretakoa ere hemen daude, Araara motu irlaren aurrez aurre; eta mosaikoa osatzeko, ezin beste marae tenplu bat falta. Anini Marae Huahine guztiko lekurik ikusgarrienetakoan dago, koralezko bloke handiz osatuta harea zuriko hondartzaren parean. Oro gerraren jainkoari eta Hiro lapurren eta marinelen jainkoari eskainitakoa da. Anini hondartza ere oso leku atsegina da, sakonera gutxi dauka itsasoak bertan eta bare egon ohi da; horregatik, picnic egiteko txoko kutunetakoa da askorentzat.

Anini Marae, koralezko bloke handiz osatutako gunea, uhartearen hegoaldeko muturrean, Anini eta Hiva hondartzen parean.

Huahine hegoaldeko eremu hau guztia arrezifeak mugatutako ur ederrez osatuta dago, koralez eta itsas faunaz gozatzeko eremu paregabean. Mendebaldeko tartea Avea badiari dagokio; hareatza estu bezain luzea da, ia uretaraino iristen diren jateko hiruzpalau txoko gozagarri, eta maskara eta tuboa hartuta snorkel egitera etengabe gonbidatzen duten ur ikusgarriz josita bazterrak. Urpeko ikuskizuna ere lehorretik edo ur azaletik dirudiena bezain txundigarria da: koloretako arrainak, koralezko forma bitxiak sakonean eta ikuskizunaz lasai gozatzeko aukera, lehorretik bertatik uretara sartuta zein txalupan txangoa hartuta.