Núria López Torres

Tarahumara herriaren bihotzera bidaia

Mexikoko etnia indigena jendetsuenetako bat izateaz gain (120.000 kide inguru), tarahumarak mendebaldeko Sierra Madreko lehen biztanleak dira. Raramurien -hala esaten diote tarahumarek beren buruari- bizitoki eta bizimoduaren bihotzera abiatuko gara.

Metalezko suge luze baten moduan, Tarahumara mendilerroaren geografia malkartsuaren baitan irristatzen da “El Chepe”. Mexikoko mendikate luzeena eta Ipar Amerikan biodibertsitate handiena duen eremuetako bat da hauxe. 86 tunel zeharkatzen ditu eta ibai emariak saihesten dituzten 37 zubi ikusgarrien gaineran oreka eginez ibiltzen ohi da. AEBetako Coloradoko Arroila Handia baino lau aldiz handiagoak eta ia bi aldiz sakonagoak diren Cobreko Sakanak zeharkatzen ditu. Bederatzi ordu ematen ditu “El Chepe”-k Los Mochis-en (Sinaloako estatua) hasi eta Creel-en (Chihuahuako estatua) amaitzen den 350 kilometroko ibilbidea egiteko. Chihuahua eta ozeano Barea lotzen dituen trenbideak raramuri edo tarahumaren lurraldearen parte handi bat igarotzen du, zuzen-zuzen abiarazten gaituelarik milaka urteko kultura honen bihotzera.

Bere erara moldatu dituen ingurune batean bizitzera egokiturik, gogorrak eta isilak dira tarahumarak. Aldapaz josia da mendilerroa, eta desnibel bortitzengatik bereiziak dira mendi garaiak eta sakan sakonak, bi eremu ekologiko zeharo ezberdin sortuz. Mendilerroaren goiko aldeetan zoruak oso finak izaten dira eta koniferoen basoez estalita egoten dira. Lur horiek laborantzarako ireki eta prestatzen direnean, denbora gutxian galtzen dute materia organikoa, lurzorua guziz antzu bihurtuz. Laboratu daitezkeen lurrak hegal eta goi-lautada txikietan paratzen ohi dira. Artoa da bertan ereiten dena batik bat, “frijol” edo babarrunak tartekatzen direlarik zenbaitsuetan. Zereal horixkaren inguruan antolatzen dira herri honen eguneroko bizitza eta errito gehienak. Izan ere, lurrarekiko harremana biziraupen hutsetik haratago baitoa; kultura tarahumaroaren bizkarrezurra da.

63.000 kilometro karratu inguru hartzen ditu tarahumarak bizi diren lurraldea. Haietako asko Triangulo Dorado (Urrezko Triangelua) deritzon eremuan daude, Durango eta Sonorako estatuen mugakide den Chihuahuako estatuaren zatian. Chihuahua hirian bertan bizi dira ere tarahumara aunitz. Halaz ere, Creel hirian biltzen dira raramuri gehienak.

 

Nuria Lopez

Erritu sinkretikoak

“Matatxin” (dantzari tradizionalak) deiturikoen motots koloretsuak lehia bizian dira ekaitzarekin mehatxatu egiten gaituen abenduko zeru larderiatsu eta hotzaren berunezko urdin eta kobalto kolore zurrunekin. Tenperaturak behera egiten du orduan eta haizeak gogor jotzen hasi. Baina, hala ere, Guadalupeko Ama Birjinaren omenezko ospakizunek ez dute etenik San Ignazio Arareko herrixkan. Uzta garaia amaitzean, tarahumarak beren komunitateetako hiri eta herri nagusietan biltzen dira festa eta erritu kolektiboak egiteko, zeintzuetan lurreko fruituak lortzeak suposatzen duen ongizate ekonomikoa ospatzen baituten. Udazken amaieratik otsailaren bukaerara edo martxoaren hasierara arte doan jai-zikloari hasiera ematen diote horrela.

Jairik esanguratsuenak zaindari edo patroi santuei eskaintzen zaizkie batez ere, ospakizun sinkretikoen iturburu direlarik, non sineste prehispanikoak eta erritu katolikoak uztartzen diren. San Ignacio Ararekon, XVIII. mendeko jesuiten misio txikia ospakizun hauen eszenatoki nagusietako bat da. Han, bi egunez biltzen dira eskualdeko hainbat eremutako tarahumarak.

 

Nuria Lopez

Raramuriak isolatutako arrantxo xumeetan bizi dira, edo etxebizitza gisa egokitu diren harrizko kobazuloetan, eta, beraz, ospakizun horiek elkartzeko eta elkartrukerako unea dira. Aisia eta gozamenaz haraindiko funtzio soziala dute jaiek, talde bezala bateratzen dituen egiturak izanik. Horietan konpontzen dira talde-arazoak, etorkizuneko laguntza-ekintzak; bertan osatzen dira ere bikoteak eta bertan ezkontzen dira. Jai garrantzitsuenek kristau egutegiarekin bat egiten dute: Aste Santua, Kandelaria, Sortzez Garbia, Guadalupeko Ama Birjina, urte bukaera eta Epifania. Beste jai batzuk Awilatxiak dira, pertsonak sendatzeko egiten diren zeremoniak, laborantza hasi aurretik edo euri eske egiten direnak. Hildakoak agurtzeko Napawi Nochama ospatzen dute, non bidaia luzerako janaria eskaintzen zaion hilotzari.

Bidoi handi batzuetatik ateratzen da parra-parra elikagaiez betetako kea, eta bertan arto-gisatu sendo bat prestatzen dute. Gorputz dardartiak berotu nahian biltzen dira talde txikietan sutzarren inguruan. Inguru guzia festa-giroz blaitzen duten kantu batzuen oihartzuna iristen da elizatik. Erritu erlijiosoak eta Guadalupe gurtuari eskainitako dantzak egiten dira 24 orduz, atsedenaldiak tartekatuz.

 

Nuria Lopez

Korrika egiteko jaioak

Oso distantzia luzeak egin ditzakete tarahumarek korrika; 100 eta 200 kilometro artean, gelditu gabe. Batzuek diote 270 kilometroraino irits daitezkeela. Zentzu osoz, beraz, “raramuri” izena hartu dute bertakoek, “oin arinak dituena” esan nahi duena. Beren arropa eta oinetako tradizionalekin korritzen dute. Pneumatiko-gomekin egiten dituzten eta “huarache” deritzen sandaliak dira azken hauek. Ez dute puntako teknologiaz sorturiko zapatilarik behar, ezta janzkera berezirik ere. Beraientzat korrika egitea eguneroko bizitzaren eta haien kulturaren parte da, haien DNAn dago, eta horregatik berdin-berdin egiten dute gizonek, emakumeek edo haurrek.

Ia giza gaindikoa den gaitasun honen jatorria aztertu dute zenbait ikertzailek dagoeneko. Talde indigena hau mendeetan zehar bizi izan da muturreko orografia batean, Tarahumara mendilerroan, komunitateak elkarrengandik oso urrun finkatu zirelarik. Beraz, harremana izateko modu bakarra distantzia luze horiek oinez egitea zen, lur malkartsu honek ez baitzien beste garraiobiderik ahalbidetzen.

 

Nuria Lopez

Baina, komunikazioaz haraindi, aisialdi eta dibertimentu jarduera ere bada korrika. Haien entretenimendurik handiena "Juego de Bola” (Pilota Jokoa) da, arteen sustrai-zurez egindako eta tenisekoa baino handixeagoa den pilota bati ostikoka distantzia luzeak egitean datzana. Bi talde sortzen dituzte horretarako eta apustuak egiten dira aurrez finkatutako ibilbidea nork azkarrago bete. Gizonek dirua, animaliak edota janaria jokatzen dituzte; emakumeek, berriz, beren gona ikusgarriak edo beste jantzi batzuk. Lasterketa luze hauetan “pinole” formako artoaz (irin moduko bat) eta “tesgüino” motatako artoz egindako edariaz elikatzen dira.

Christopher McDouga kazetariak aste batzuk eman zituen raramuri artean mendizerran eta zeharo harriturik geratu zen haien gaitasun eta erresistentziarekin. Esperientzia horretatik sortu zen ‘Nacidos para correr’ (Korrika egiteko jaioak) liburua, nazioarte mailan ikusgarritasuna eman ziena. Eta laster iritsi ziren talentu-bilatzaileak Barrancas del Cobre-ra (Kobre Sakanak) tarahumara bila, AEBetako eta Europako ultramaratoietan lehiatzeko.

Mendeetan zehar, ingurunearekin bat egin dute tarahumarek. Mendiek eta sakanek gogortu egin dituzte, eta “txabotxien” (gizon zuriak) erasoetatik babesteko aukera eman diete. Oraindik orain, haien arbasoen izpirituek babesten dituzte, baita lurralde magiko honetan zehar aske korrika egiten jarraitzera bultzatu ere.