Xabier BAÑUELOS
OX

Zetaren Bidearen ekinokzioa

Kirgizistaneko bigarren hiri garrantzitsuena da Ox. Leku lasaia da, baina behialako Zetaren Bidearen erdigunea izan zen eta historia puri-purian azaleratzen da bertan. Bazar koloretsutik hasi eta Ravvat Abdullkhana meskitaraino, Leninen estatua monumentaletik Sulaiman Too muino sakraturaino, Ox askotarikoen bilduma bat da, hango biztanleria osatzen duen nahaspila etnikoak beti arnasberritua.

Kïrgïz Jeri” abestiaren bertsoek laguntzen diote ordenagailuaren teklatuari zarrastada geldoan. Salamat Sadikovaren ahots hunkitu eta nostalgikoak laztanduta aletuz doaz kirgizen lurraldearen dohainak, kantu bete argi eta edertasun. Haren hatzek komuzaren hariak joz trebezia handiz erauzten dituzte Kirgizistaneko ereserki herrikoitzat hartzen den baladaren notak. Sadikova musikaren ama da bere herrialdean, maitea eta errespetatua hein berean eta ezbairik gabe. Bidelagun hoberik ez dugu aurkituko Ferganako haraneko ekialdeko muturrera, Tien San eta Pamir Alay mendilerroen erdira, eraman gaituen bidaia honen soinu banda osatzeko. Izan ere, Sadikova bera ere hegoaldeko lurretan jaio zen, Kïzïl Joi izeneko herrixkan, Batken “haizearen hiriaren” ondoan, guk jomugan dugun Ox “hegoaldeko hiriburutik” gertu.

Ox hobeto ulertzeko, beharrezkoa da herrialdeari buruzko datu batzuk behintzat aintzat hartzea. Kirgizistan Erdialdeko Asian kokatutako sobietar errepubliketako bat izan zen. Gaur egun mugakide ditu Kazakhstan eta Txina erraldoiak eta Tajikistan eta Uzbekistan xumeagoak. Horiek horrela, biztanleriaren gehiengoa osatzen duten kirgizei beste gutxiengo ugari batzen zaizkie; jendetsuak batzuk, hala nola uzbekoak eta errusiarrak eta txikiagoak beste batzuk, esaterako, tajikak, uigurrak, kazakhak, dunganak, ukrainarrak... guztira laurogei talde egiteraino, beren ohitura eta hizkuntzekin. Herrialdean bi hizkuntza ofizial daude: errusiera -herrialdeko benetako lingua franca- eta kirgizera, hizkuntza turkikoa, eslaviarraren aldean lekua galtzen joan zena, baina gutxinaka-gutxinaka ospea eta hiztunak berreskuratzen ari dena.

 

Xabier Bañuelos

Herrialdeak historian bete duen lekua ez da nolanahikoa. Zetaren Bidearen erdian zegoen. Horrexegatik, hain zuzen, irrikaz begiratzen zioten Asia Erdialdeko potentziek, eta igarobide ez ezik truke ekonomiko eta kulturalerako lurralde ere bihurtu zen. Geografia menditsu, gorabeheratsu eta gogorra nagusitzen da, baina ataurrean du Ferganako harana, hau da, Asia erdialdeko ibar emankorrena, Narin ibaiak zeharkatua, eta ekialdetik bertara iristeko edo handik ekialderantz abiatzeko atea Ox hiria zen.

Nortasun handiko hiria

Bertakoei izugarri gustatzen zaie bisitariak zur eta lur uztea, harro adieraziz beraien hiria «Erroma bera baino zaharragoa» dela. Eta arrazoia dutela onartu behar, Erromaren sorrerako data ofizialari erreparatzen badiogu (K.a. 753. urtea); izan ere, Oxen historia gutxienez beste 3.000 urte atzerago iristen da, nahiz eta VIII. mendera arte ez zuen hartuko bide komertzial ezagunari lotutako protagonismoa, karabanen joan-etorriarekin batera haziz eta haziz. Mendeak joan eta mendeak etorri, Zetaren Bideak gainbehera egin zuen, eta ondoren Oxek bere oparoaldiak eta pattalaldiak izan zituen. Horrela, XX. mendea iritsi zen arte.

Sobietar garaia benetan injekzio suspergarria izan zen hiriarentzat. SESBen erorialdiarekin, ordea, kolpe gogorra jasan zuen, eta zenbait hamarkadatan ilunpean egon zen, beti Bixkek hiriburuaren itzalean. Gaur egun, erabat lehengoratu ez bada ere, badirudi beste loraldi eder bat asmatzea lortu duela. Azken batean, herrialdeko bigarren hiri garrantzitsuena da, bai biztanle kopuruagatik eta bai bere potentzial ekonomikoagatik, Uzbekistaneko mugatik bost kilometro eskasera dagoelako eta eskualdeko nekazaritzako ekoizpen gune nagusia delako.

Mugaldea den heinean, hiriko etnia aniztasuna nabarmentzekoa da. 300.000 hektareako lurraldean kirgizak eta uzbekoak proportzio antzeratsuan banatzen dira, eta errusiar, turkiar, tajik eta tartaro taldeak ere badaude gutxiengoan. Horrek zenbait tirabira ekarri izan ditu iraganean, baina gaur egun lasai daude kaleak. Eta Kirgizistanen nagusitzen den islam erlaxatuak hemen jite pixka bat kontserbadoreagoa hartzen badu ere, nahiko hiri bizia da, eta horretan laguntzen du, zalantzarik gabe, unibertsitate hiri izateak, bertan baitauka egoitza Oxeko Unibertsitate Estatalak, herrialdeko bigarren garrantzitsuenak.

 

Xabier Bañuelos

Sulaiman Too muinotik bazar handira

Historia hain zabala izan arren, ez da hiri monumentala eta ez du iraganeko aztarna esanguratsurik. Sobietar arkitektura nagusitzen da nolabaiteko munta duten eraikinetan. Hala ere, bestelako zenbait eraikin ere aurkituko ditugu, hala nola Ravvat Abdullkhana meskita, XVI. mendekoa, edo Asaf Ibn Burhyia mausoleoa, XVII-XVIII mende artekoa, biak ala biak Sulaiman Too harrizko mogotearen oinpean. Ehun metrotik gorako mendixka, bere bost tontorrekin, etxe orratza bezala zutitzen da erabat laua den hirigunean. Hiriko erakargarri nagusia da muino hori. Gizateriaren ondare izendatu dute, eta benetan berezia da lekua, bere edertasunagatik eta balio enblematikoagatik.

Leku sakratutzat hartzen dute. Sulaiman Too izenak “Salomonen tronua” esan nahi du, eta bertakoen kondairak dio han dagoela haren hilobia. Gainera, tradizio batzuek diote hortxe idatzi zuela Zaratustrak “Avesta”, zoroastrismoaren testu sakratuen bilduma; budismoaren hedapen tokia ere izan zen, baita leku sufi garrantzitsu bat ere. Are gehiago, Mahoma profetak han otoitz egin zuela ere esaten da, eta hortaz, islamiarren pelegrinaje gunea ere bada.

 

Xabier Bañuelos

Horiek guztiak bere bizkarrean dituela, ia edozein gaitz sendatzeko gai da Sulaiman Too mendia, eta leku miraritsuz beteta dago. Tamchy-Tamar “itoginen leizeak” begietako gaitzak sendatzen ditu; Kol-Tash hobian eskua sartu behar da mesedeak eskatzeko; Ene Bashik ugalkortasunaren koba da; eta denetan dibertigarriena Bel-Tash da, harkaitzean txirrista tankerako kanala baitago, eta handik behera irristatzen dira adin orotako emakume zein gizonak barneko organoetako gaitzak prebenitzeko. Sulaiman Took balio historiko handia dauka, eta Ptolomeok bere “Geografia” lanean Zetaren Bidearen erdialdea zelakoan aipatzen zuen “Harrizko Dorrea” izateko hautagai nagusia da.

Mendian beste hiru interesgune ere badaude. Batetik, oinarriko petroglifoak, K.a. 1500. urtearen eta K.o. V. mendearen artean datatuak. Bigarrenik, Dom Babura: Tamerlan konkistatzailearen ondorengoa izan zen Zahir-ud-din Mohammad Baburrek, gerora Indiako Mogol inperioaren sortzaileak, 1497an, gazte zela, eraiki zuen otoitz gelaren berreraikuntza. Eta hirugarrenik, Haitzuloko Museoa: mendiaren barnealdean zulatua dago, eta kanpotik begiratuta zementuzko arku bitxi bat ikusten da, XIX. mendeko poke kapela baten gisakoa. Beste arrazoi bat ere badago Sulaiman Toora igotzeko: hiriaren eta haren inguruko lurren gaineko ikuspegi zoragarria.

 

Xabier Bañuelos

Behera itzulita, hiriko kaleetan ibili gara Ox plazara iritsi arte. Legebiltzarraren aurrean Leninen estatua ahaltsuak harrera egin digu; diotenez, Erdialdeko Asiako handienetakoa da. Ezkonberriak hona etortzen dira Merim parkeko Maitasunaren Lorategian eta Toktogul eta Enenin köz jaşı (amaren malkoak) parkeetan argazkiak egitera. Hiriko berdegunerik ederrena eratzen da bertan, Ak Buura ibaiaren ondoan.

Nolanahi ere, Oxeko beste iman garrantzitsua Bazar Handia da. Hara iristeko marshrutka hartzen badugu -taxi kolektibo gisa funtzionatzen duten minibus edo furgoneta-, Jayma Bazaar delakoan utziko gaituzte, hau da, ipar-ekialdeko atean. Baina azoka askoz harago hedatzen da ibaiaren bi ertzetan, labirinto gisako kalexken amaraun koloretsu eta korapilatsuan. Dendaz eta postuz gainezka, jende asko pilatzen da preziorik onenak bilatu nahian. Erdialdeko Asiako aire zabaleko bazarrik handiena da, halaxe izan da azken 2.000 urteetan. Berez, Zetaren Bideko azokarik handiena izan zen, puntu neuralgikoa, han gurutzatzen ziren karabanak eta produktuak; era guztietako hazpegiak eta hizkuntzak zituzten merkatariak saldoka iristen ziren ekialdeko eta mendebaldeko munduetako produktuak salerostera, eta gero berriro bideari lotuko zitzaizkion beren jomuga urrunekoetara iristeko, batzuk eguzkia sortzen den lekuan eta besteak ezkutatzen den lekuan.

 

Xabier Bañuelos

Gaur egun hara iristen direnak ez dabiltza Txinako bazter ezkutuenetan mendeetan zehar gordetako sekretuarekin ekoitzitako oihal preziatu eta misteriotsuaren bila. Nahi izanez gero aurkituko dugu, ordea, beste edozer aurkituko dugun bezala, behar izan ala ez izan: zapore guztietako espezieak, barazkiak eta frutak, edo arropak edo ibilgailuentzako gauzak edo zaldi zelak eta ganaduarentzako ferrak, edo oihalak, bitxiak eta musika tresnak, edo sukaldeko tresneria, fruitu lehorrak, gozoak, tea eta lepyoshka -ogi biribil zoragarria, tandoorean errea-, edo eskuz landutako aizto uzbekoak. Ororen gainetik, ordea, jendea aurkituko dugu, jende abegitsu eta lagunkoia, atsegin handiz gurekin argazkia ateratzeko prest, irribarrea ahoan dutela.