Testua Jon BENITO Argazkiak Getty Images

Arabako Errioxabegiek edan

Inteligentzia artifizialeko txat famatuari Arabako Errioxari buruzko erreportaje baterako abiapuntua emateko eskatuko bagenio, ziurrenera horrelako zerbait esango luke: «Arabako Errioxa leku magikoa da, eguzkiak dir-dir egiten du eta haizeak leunki jotzen du. Leku horretan, muinoak uhinak itsasoan bezala mugitzen dira, eta zelaiak mahats-hosto eta urre kolorez tindatzen dira».

Arabako Errioxa tempranillo mahatsekin eta bertako beste barietate batzuekin egindako kalitatezko ardoengatik da ezaguna. Jatorri-deituraz bereiziak, fruitu gorri heldua urtuta, espezia eta larru aromaz osatuta, klima, lur eta mahats barianteen konbinazio bakarraren emaitza dira ardook. Koordenada eta egiteko modu zehatz batzuen mirarizko zuku, horrenbestez. “Lokartutako lehoiaren” azpietan daude, ez alferrik, Euskal Herriko upategi ospetsu eta garrantzitsuenetako batzuk, hala nola Mitarte, Remelluri, Viña-Real... “Ardoaren ibilbidea”-ren bidez ezagut daitezke mahatsaren muztio berezienak, upeltegi horiek dastaketak eta bisita gidatuak eskaintzen baitituzte, ardoaren elaborazioa eta eskualdeko historia bertatik bertara ezagutzeko.

Baina Arabako Errioxa ez da ardoa bakarrik; Oiondik Ekorara, Bastidatik Guardiara, 10 kilometro luze eta 40 zabal, GPSa autoan lagun, eskualdekoak diren ETSren edo Mursegok Oion gisara bataiatu zuen diskoak pleituta baina inteligentzia emozionalez bidaiatzen duenak, aihen eta lur gorriko errepidetik, historiaren estratu ezberdinak harro bistaratzen dituen eremu bat zeharkatzen duen sentipena izango du.

 

Getty

Historia gizakiaren altueran baitago bertan: milaka urteko lurraren eraldaketa eta sedimentaziotik hasi, historiaurreko arrastoekin jarraitu edota Guardian Erdi Aroko harresietan eta muino-gaineko koloredun etxeetatik paseatu daiteke ilunabarra ikusiz, lagunekin txamizoren batean aihen gaineko txuletatxo batzuk jan edota irailaren amaieran Katxiren jaitsierarekin gozatuz Oionen.

Mugako eremua izaki, Arabako Errioxa kontraste espazioa da. Negua eta uda, begi zein ezpainen plazera, historiaren eta orainaldiaren gurutzaketa -merezi du Elvillarren Sorginaren Txabola trikuharria edota Burdin Aroko La Hoya herrixka bisitatzea Guardian-. Izan ere, aspalditik gaurdaino heltzen den eremuaz gainera, Arabako hego-mendebaldekoa, espazio intimo bat ere bada izan. Handik itzultzean oroimenean dakargun geografia bat da, ardo kopa batean berpizten zaigun gomuta.

 

Getty

Bertaratzeko aitzakia bat behar baduzu, jakin, otsailaren 11n Lapuebla de Labarcan Uztaberri Eguna ospatuko dela. Aurtengo uzta dastatzeko aitzakian, zentzumenentzako erabateko esperientziaz gozatuko duzu historiak, paisaiak eta ardoak gurutzatuko diren egun kosmiko horretan.

Toloño mendilerroa eskuinera, Bernedoko mendatetik behera, begien mugaraino hartzen duen Ebro lautada agertuko zaio parez pare bisitariari. Oinez zein bizikletaz, mahasti artean galtzeko parada ederra eskaintzen du paisaiak. Huraxe du bereizgarri eta eder: urtaroz urtaro, nabar eta tonuz eraldatzen diren 11.500 hektarea mahasti.

Bisitariak ez du zertan nonbaitera joan Arabako Errioxa ezagutzeko. Nahikoa zaio arratsalde batez mahastien arkupera galtzen uztea, fruitu horiek ekarriko dituzten lilurak irudikatzen paisaia edanez, egunerokoaren burrundaraz apartera.