Munduari begirada

Flaneur izateko eskubidea

Nork ez dugu inoiz, topaketa batean, mendi trabesian edo orain ondo gogoratzen ez dugun herri bateko jaien ostean, zerua goian eta lurra behean geneukala lo egin?

Kanpin hura hondartza edo baso ertz batean zegoen, gure begietara eder eta segurua zirudien eremuan bederen, eta nahikoa zitzaigun atsedenezko edo plazerezko gau bat pasatzeko: ez genuen besterik nahi, ez genuen besterik behar.

Eskubide eta askatasun sinple horiek aldarrikatzen dituzte argazki honetako pertsonek: edonondik nahinora galdu, aurkitu eta ibili, izarrak sabaitzat ditugula lo egin.

Ingalaterran ehunka lagunek bat egin dute Right to Roam mugimenduarekin, espazio naturalen erabilera ireki eta askea defendatzeko eta kanpatze librea eskatzeko; horrek osasun fisiko, mental eta espiritualari mesede egiten diola argudiatuta bildu ziren manifestariak Cornwood herrian, adibidez.

Bidaia ororen funtsa, azkenean, ez baita helburutzat dugun norabait heltzea, bidea baizik. Kavafisen poema hartan bezala, Itakara bidea luzea eta abenturaz eta esperientziaz betea izan dadin opa izaten dugu, abiapuntutik partitzen garenean.

Turismo esperientzia antolatu bezain arautuen sasoian, herrien benetako arimak ebatsi eta hilabeteak lehenago erreserbatzen ditugun Airbnb etxeen aroan, bidearen eta denboraren kontrola nork bere gain hartzeko aldarria egiten dute argazkiko lagunek. Ibili, gelditu, izarrei erreparatu, herritarrei diosala egin, haietariko bat izan zintzoki, egun batzuetan haien izateaz elikatu, berriz segi, beste nonbait gauaren azpietan lokartu... Ba al da hori baino askatasun zintzo eta benetakoagorik?

Baudelairek bere poemetan flaneur edo paseatzaile figura aldarrikatzen zuen. Norabiderik gabe ibiltzea... den-dena produkzio eta etekin logiketan ulertzen den sasoiotan ordea, zer natur espazioen erabilera librea eta nahinon geratu eta lo egiteko eskubidea aldarrikatzea baino askatzaile, lotsagabe eta politikoagorik?

Nork ez du, topagune, mendi trabesia edo herri hartako jaietara itzuli nahi, berriz, gau batez? ADRIAN DENNIS