Testua: Ibai AZPARREN Argazkiak: Getty Images

Berlin, Historiaren lekuko

Ia erabat eraitsita geratu zen, Alemaniak Bigarren Mundu Gerran izandako porrotaren ondorioz. Egun, ordea, Berlingo kaleetan historia arnasten da, arrasto komunistak arkitekturan irauten du eta artea, abangoardia eta modernitatea elkarrekin bizi dira. Teknoaren munduko hiriburuan pub eta diskoteka exotikoak aurkituko ditugu turismo egun luze bat garagardo pinta batekin amaitzeko.

Hiru egun besterik ez ditugu, baina nahikoa dira gainerako herrialdearekin zerikusi gutxi duen hiri paregabe honetan barneratzeko. Berlinek ostatu merkeak eskaintzen ditu, garaiz erreserbatuz gero. Iritsi orduko, Brandenburgoko ateak egin digu ongietorria, 1791n inauguratu zenetik hiriaren historia zurrunbilotsuaren lekuko izan denak. Iparraldean Reichstag eraikina dago, Alemaniako Parlamentua (Bundestag) hartzen duena. Kupula bisitatzea doakoa da, baina aurretik erreserbatu behar da. Ondoan, Eraildako Europako Juduen aldeko monumentua, nazismoaren ankerkeriak gogorarazten dituena. Historiarekin hasi eta amaituko da bidaia.

Hotz egiten du, baina pasieran ibiltzea ezinbestekoa da hiria ezagutzeko. Berlin hiri zabala bada ere, bere interesgune gehienak Mitte auzoan daude, baita Prenzlauer Berg-en eta Kreuzberg-en ere. Azken horri “turkiarren auzoa” esaten diote; Berlingo hego-ekialdean dago, eta artelanek apaintzen dituzte eraikin askoren fatxadak.

East Side Gallery bisitatuz has daiteke ibilbidea, Berlingo harresiaren ekialdeko aldean. Beste inon baino hobeto laburbiltzen dute harresiaren zatiek hiriak izan duen bilakaera, eta derrigorrezkoa da bisitatzea Berlinen gertatu diren aldaketa historikoak ulertzeko.

G.I.

Gertu dago Bethanien. XIX. mendearen erdialdean sorturiko ospitalea izan zen; orain erakunde kultural, artistiko eta sozialen egoitza da, baita ekimen autogestionatuena ere. Clash taberna ere Kreuzberg auzoan dago, leku bitxi alternatiboa, non pinta batzuk hartzera joan eta ikurrinak ere aurkituko ditugun.

Teknoaren munduko hiriburu izanik, Berlinen ehunka pub eta diskoteka daude. Klub batzuetan, egiten den ekitaldiaren arabera, era espezifiko batean jantzita joatea eskatzen da, eta diskoteka askotan atezainek nor sartuko den eta nor ez erabakitzen dute, aurrez ezarritako irizpide argirik gabe. Ez da komeni talde oso handi edo zaratatsuetan joatea.

Nahitaezkoa da Spree ibaiko pasealekuan ibiltzea, ikuspegi paregabeak eskaintzen baititu. Hor dago Museoen Uhartea, bost museo biltzen dituen eraikina. Denbora gutxi baduzu, bidaiatu Ekialde Ertainera Pergamo Museoan eta aurkitu Nefertiti Museo Berriko 8.000 metro karratuetan.

Bigarren Mundu Gerrara itzulita, Sachsenhausengo kontzentrazio-esparrua bisitatu genuen, hirigunetik abiatzen den trena hartuta. Preso komunista, judu, ijito edo homosexualak hartu zituen, guztiak ere SSek erabilitako sarraski-teknika masiboen biktima. Historiaren orbainak hiri osoan ikusten dira. Guk zerumuga gainean altxatzen den Alexanderplatzeko telebista dorrean amaitu genuen. Hor eta Checkpoint Charly-n Sobietar Batasuneko eta DDR-ko intsigniak dituzten kapelak eros daitezke.

G.I.