Testua eta argazkiak: Nuria Lopez Torres

Akuatikoak, Rosario mendilerroko barrunbeetan

«Akuatikoak» komunitate ezezaguna da, Rosario mendilerroan isolatuta bizi dena, muinoen arteko haran sakon batean. Bizimodu xumea dute, lurrarekin eta bereziki urarekin konektatuta eta mundu globalizatutik deskonektatuta, ingurune benetan pribilegiatuan.

Gutxi gorabehera 155 kilometro daude Habanatik Machuca haran sakonera; hala ere, ekialdeko autobidea utzitakoan badirudi distantzia hori laukoiztu egiten dela. Denbora geldirik dagoen Rosario mendilerroaren hondora bidaiatu dugu aurretik. Google Maps-ek San Kristobal parean, Artemisa probintzian, galtzen du pista, eta han hasten da Machuca bailara ezezagunaren bilaketa. Han bizi da “akuatikoen” komunitatea. San Kristobal herriko biztanleentzat haien berri izan baina inoiz ikusi ez dituzten espezie arraro bateko animalien pareko dira. Denboraren poderioz, mitoek eta elezaharrek haiei buruzko bertsio desberdinak ematen dituzte.

Roberto, baxua eta aurpegi adeitsukoa, mekanikariarekin ari da traktoreari azken konponketak egiten, ibarrera jaitsi eta hornigai batzuk ekarri ahal izateko. Joan-etorriko bidaia egiteko nahikoa erregai lortu du. 34 kilometro, bi ibilbide horien artean. Tailer mekanikoan dagoen batek dioenez, «bizkarra zatitzen zaizu» harri eta lohi izugarriz beteriko ibilbidean, izugarrizko amildegien artean.

N.L.T.

Bi orduko ibilbidearen ondoren, bide malkartsua lur gorrixkako lautada bihurtzen da, labore emankorreko soroak dituena. Haran argitsu bat dugu aurrean, inguru ikusgarri horretan bizi diren 325 lagunen etxeekin. Inguruko 325 biztanleetatik 170 “akuatikoak” deituriko sektako kideak dira.

Akuatikoak komunitate ezezaguna dira kubatar gehienentzat. Haiek ez dira inoiz medikuarenera edo ospitalera joaten, eta ez dute inolako sendagairik hartzen. Urarekin sendatzen dituzte gaixotasunak. Ez dira eskolara joaten eta kontserbadoreenek ez dute elektrizitaterik erabiltzen. Ez daude erregistro zibilean inskribatuta, eta, beraz, ez dute nortasun-agiririk. Ez dute inolako dokumenturik sinatu nahi, ezta nahitaezko zerbitzu militarra eta soziala egin nahi ere. Esan liteke hauek direla beren hamar aginduak.

N.L.T

Akuatikoen jatorria

Antoñica Izquierdo andereari, Cayos San Felipeko baserritar erdi analfabetoari, 1936an larriki gaixotu zitzaion bere seme txikia, Eugenio, zazpitik azkena. Guztiz etsita zegoela, haurra sendagilearenera eramateko dirurik gabe eta semea hil egingo zela sinetsita, Antoñicari Ama Birjina agertu zitzaion; hark haurra uretan bainatu behar zuela esan zion. Bi urteko mutikoa biluztu eta etxe ondoko ur hotzeko errekan sartu zuen. Umeari sukarra jaitsi zitzaion eta, ondoren, guztiz sendatu zen. Bigarren errebelazio batean, Izquierdo andreak hau esan zuen: «Ama Birjinak lurreko dohakabeen babesle izendatu nau, horiek musu-truk laguntzeko eta sendatzeko, xentimorik ere kobratu gabe, botikarik gabe, eta uraren botere soilarekin».

1936 eta 1939 bitartean, Antoñica urarekin sendatzen zuen emakumea zela esan zitekeen, eta ospea eskualde osoan hedatu zen. Jendea Cayos de San Felipera joaten hasi zen, emakume horrek bere miraria egin zezan; orduan, inguruko medikuak beren pazienteen zerrenda pixkanaka murrizten ari zela ikusten hasi ziren. Antoñica jarraitzaile andana zuen. Eta lur gatazka baten ondorioz jarraitzaileak inguruko probintzietan sakabanatu ziren. Mila lagun inguru Rosario mendilerrora joan ziren, eta han Machuca haranaren barrenean finkatu ziren. Infernua bera bezain leku ezkutu eta urrundua.

N.L.T

Zazpi hamarkadako isolamendua

Ez da airerik mugitzen, eta hezetasuna itogarria da. Aurreko eguneko euriak ez du giroa freskatzea lortu, eta Maria ez dago ondo. Sukarra du eta goiz osoa darama bere logelako ohean etzanda. Hiru baso ur hartu ditu eta ibaian murgildu da bere ondoeza arintzeko. Gelako atearen ondoan, kulunkaulki zahar batean eserita dagoen Saletek, hamar urteko bilobak, laguntzen du. Konpainia onean dago Maria.

Juana bere gaztaina-koloreko ile luzea menderatu nahian ari da eskuila batekin. Gerri azpiraino iristen zaio ilea. Lorenzo hamar urteko semeak, berriz, alkandora berria jantzi du etxetik lau kilometrora bizi den senide baten urtebetetzera joateko. Bere koinatua, Angel, zaldi baten bila dator hura eramateko.

N.L.T

Trumoiak entzuten dira, eta atzealdean, bi muinoren artean, zeru urdin eta beltza argitzen duten izpi amaigabeak ikusten dira. Palmondoz jositako mendiak, orratz zorrotzak diruditenak; paisaia hori ikusten du egunero Juanak. Euri-garaia da eta ia arratsaldero erritual bera errepikatzen dela dirudi. Naturaren botereak argi uzten du berak agintzen duela eta lurrin bustiak hartzen du dena, bizitzaren indarra gogora ekarriz. Lasaitasuna amaitu da; lohiz betetako bide malkartsuak Lorenzo arropaz aldatzera behartu du. Alkandora berria eskegi eta zahar bat jantzi du.

Bidezidor sigi-sagatsu batek zeharkatzen du landaretza hostotsua, haranaren bizkarrezur gisa. Ibilaldi eta komunikazio bide bakarra da, eta sei kilometro egin ondoren, Machuca herrixkara iristen da. Han daude eskola, maisuaren etxea, mediku-kontsultategia, medikuaren eta erizainaren etxea, ustez zerbait saltzen duen upategia eta beste hiru familiaren etxebizitza. Hori da herri osoaren erdigunea. Haran estuan dagoen espazio zabal bakanetako bat da.

N.L.T

Alexis maisu gisa iritsi zen Machucara, bere gizarte zerbitzua egitera, urtebete iraungo zuen alfabetatze misioan, eta hogei urte daramatza bertan: «Ibar honek harrapatu egin ninduen eta hemen geratu nintzen. Pribilegioa da natura honetaz inguratuta bizitzea, nahiz eta bizi-baldintzak errazak ez izan». Alexisen irakasle bokazioa neurrigabea da. Behin eta berriz saiatuz eta saiatuz, akuatikoen familietako haur batzuk eskolara joatea lortu dute, denbora gutxirako bada ere.

Akuatikoak lurrarekin eta ziklo naturalekin estuki lotuta bizi dira. Mundu globalizatutik urrun, haien bizitzaren oinarria sinpletasuna eta kanpoko munduaren mende ahalik eta gutxien egotea da. «Guk bizitza apal eta naturala daramagu», esan du 78 urteko Jesus Rodriguezek, bailarako uretako hiru patriarkatuetako batek. «Gurea ez dator bat gobernuei interesatzen zaienarekin».

N.L.T

Ahots leun eta sinesmen handiko gizon honek ez du argindarrik erabiltzen, eta ez omen da inoiz gaixotu. Uraren sendatzeko ahalmenean sinesten du, askotan ikusi duelako. «Nire anaiari txakur batek kosk egin zion txikitan, errabiaz gaixotu zen eta urak sendatu zuen».

Bere baratzetik sandiak atera ostean oraindik eskuak gorriz tindatuta dituela, denboraren poderioz horitutako eta zirriborroz betetako libreta zahar bat erakusten du: «Hau Antoñica Izquierdok kartzelan egon zen bitartean idatzi zuen libretetako bat da; hemen dago egia. Erotzat hartu zuten, baina bera Jesu Kristok esandako gauza bera esatera etorri zen, eta Mazorran giltzapetu zuten». Antza denez, bere doktrinaren antzeko libreta asko idatzi zituen, Antoñica Izquierdok, edo behintzat gaizki idatzi. Gidaliburu espiritual moduko bat da, baina bere eldarnio eta ikuspegi apokaliptikoak ere jasotzen ditu.

N.L.T

Etorkizuneko galderak

Azken hamarkadetan, ura gurtzen duten jarraitzaileen kopurua asko murriztu da. Ez dago arrazoi bakar bat, baina Machuca haraneko jendeak bizi dituen bizi-baldintza gogorrek, belaunaldi-aldaketek eta globalizazioak eragina izan dute. Gero eta gazte gehiago aldentzen dira Machuca bezalako leku batean lurretik bizitzeak dakarren gogortasunetik; aukera gehiago dituzten herri edo hirietara joaten dira. Beste gazte batzuek, ordea, euren jaiolekua utzi nahi ez, eta arauak malgutzearen eta XXI. mendera hobeto egokitzearen aldeko apustua egin dute.

14 urteko Joana laugarren mailara arte joan da eskolara eta irakurtzen eta idazten daki. Etxean libururik ez duen arren, marraztea eta irakurtzea gustatzen zaiola aitortu du, eta eskolara luzaroagoan joan ahal izatea nahi lukeela. Alabaina, bere aitona Jesus Rodriguezekin bizi da, Antoñicako hiru patriarketako bat eta sinesmenen jarraitzaile sutsuarekin, eta honek ez dio ikasketekin jarraitzeko aukerarik ematen.

Joana bezalako gazte asko ataka horretan daude gaur egun; zer aukeratu, kanpoko mundua ezagutzeko jakin-mina asetzea edota familiaren bizimodu tradizionalari eustea.

N.L.T