Testua eta argazkiak: Xabier BAÑUELOS

Chong Kneas, ur-goraldien mende

Kanbodiako Tonle Sap lakua bizitzaren miraria da. Bere ur-goraldi eta lehorte zikloen baitan dago herrialde oso baten oparotasuna. Arnasa hartzea bezain beharrezkoa den urari lotuta, dozenaka herri flotatzailek zedarritzen dituzte aintziraren ibaiertzak, eta bertan bizi direnek begi urratuzko ur-ninfa edo ur-jainkoak balira bezala egiten dute guztia: jan, lo, maitatu, ikasi, salerosi, jolastu, lan egin, hil, barre... Chong Kneas da lurrik gabeko herri horietako bat.

Chong Kneas bidearen amaieran agertu zaigu. Irudipen edo ispilatze bat dirudi, basamortuko lurzoru harritsuaren ordez aintziraren gainazal malgua erakusten diguna. Baina hemen ura ez da irudi birtual bat, ez da adimenaren jukutria bat, errealitatea gure begien bidez ilusio bihurtzen duen azpikeria. Dena sortzen da bertatik, uretatik. Edo flotatu egiten du -literalki-, uhinen artean kulunkan; oholez, bidoi hutsez eta kamioi-gurpilez egindako plataformen gainean edo egurrezko eta banbuzko piloteen gainean dago, balantzaka ari diren pasabideen bidez lotutako palafito-sare katramilatua sortuz. Mikrounibertso urtsua da, distopia batetik ateratakoa dirudiena. Lurzoru egonkorra gauza arrotza da hemen.

“Cayuco” itxurako txalupa luze baten brankan zenbait ordu eman ostean iritsi naiz. Tonle lakuaren iparraldearen eta Kanbodiako hiriburu Phnom Penh-en arteko linea erregularra egiten du; 250 kilometro hegoaldera dago hiriburua. «Gure bidea» esan dugu, baina zehatzagoa da «gure nabigazioa» esatea, gorputza izerdiz bustitzen digun ibai-zeharbidea, eguzki makurraren eta tropikoko hezetasun latzaren azpian. Hala eta guztiz ere, atsegina da bidaia. Garraio publiko bateko ohiko hizketaldiak entzunez etorri gara; khmerera hizkuntzan, noski. Bertako jendeaz gain, baziren, Angkor-erako bidean, nik bezala, ibaia aukeratu duten kurioso gutxi batzuk ere.

X.B.

Ibaian ibiltzeak espiritua lasaitzen du, aldi berean gure zentzumenak piztuz. Sap ibaia zeharkatzen ari gara. Ontzi zirkulazioa Mekongen baino txikiagoa da, baina mota guztietako ontziekin topo egiten dugu, askotariko produktuez kargatutako egurrezko txalupa eta gabarretatik hasita tamaina txiki eta ertaineko solteko gaien metalezko itsasontzietaraino. Paisaia lau, berde eta arrean, urre eta gorri ilun koloreko wat txikiak ikus ditzakegu; theravada eskola budistako tenpluak dira horiek. Muturretan herensuge-gorputzak dituzten wat-en teilatu zorrotzekin batera, tarteka herriak eta tarteka etxebizitza bakanak ageri dira labore sailen artean. Ibaiertzetan bizitza lasai mugitzen da, Hego-ekialdeko Asiako laku handira, Tonle Sap-era, goazen bitartean.

X.B.

Ur-goraldien erritmora bizitzen

Ura biziraupenaren oinarri biologikoa da, baina Indotxinako lur ureztatu hauetan traza ia ontologikoa hartzen du: existitzen dena urari esker existitzen da. Tonle Sap aintziraren garrantziaz ohartarazteko aski da adieraztea Hego-ekialdeko Asiako barnealdeko ur-masa handiena zeharkatzen ari garela, ez Kanbodiakoa soilik. Handia da, bai; izan ere, bertan sartzen garenean, badirudi itsasoan sartzen ari garela, baina bere tamaina oso aldakorra da, eta asko aldatzen da montzoi garaian ikusi edo urtaro lehorrean ikusi (garai lehorrean ere euria egiten du, baina askoz gutxiago). Eta hain da desberdina urtaro batean edo bestean, ezen kosta egiten baita laku berbera dela sinestea; izan ere, 2.600 kilometro koadro inguru izatetik 24.600 kilometro koadro baino gehiago izatera pasa daiteke (zabalera ia hamar aldiz handiagoa, zeinak sakonera ere handitzen duen aldi berean, metro bat, hiru, bost...).

Hainbeste euri egiten duenez ez dela harritzekoa pentsatzen dugu berehala. Baina azalpena ez da hain sinplea. Eta hori martxari arreta jartzean nabaritzen dugu, ohartzen garenean badela “normala” ez den zerbait. Goi-ibarrerantz goaz, eta gero ibaian gora. Baina korronteak kontrakoa adierazi nahi digu, gure alde doa, branka barnealderantz jaurtiz eta itsasotik urrunduz. Bai, halaxe da, kontrako noranzkoan doa. Sinesgaitza? Eurite-garaian, ekain eta abendu artean, Mekong ibaian hainbesteko ur-bolumena dago, non itsasoak ezin duen dena hartu, eta ura, atzera egin, eta ibilguan gora itzultzen da, korrontearen noranzkoa alderantzikatuz, Mekongen eta behe-arroko erreketan. Hala, ura ibaitik lakuraino itzultzen da; gainezka egin, ibilgutik atera, ibaiertzak urpetu eta sedimentuak nonahi zabaltzen ditu, emankortasun eta arrain festa betean.

X.B.

Nilo ibaiarekin gertatzen den bezala, ur-goraldi horiek urtero berritzen dute ama lurraren umetokia, ugalkortasun guztiaren arragoa. Eta jendeak bedeinkazio gisa hartzen du emaria, bere itxaropena uraren gainean irauliz eta, are gehiago, harekin sinbiosian sartuz. Hala, herritarren bizitzek ur-emariaren arabera gora eta behera egiten dute, eta, gora egiten dutenean festa bihurtzen da. Lakuaren inguruan milaka lagunentzako bizimodua sortu da, eta uholdeek laboreetarako eta arrantzarako ekartzen duten onuraz baliatzen dira.

Jendea ur-goraldien erritmoan bizi da, haien araberako komunitateak kokatu, eraiki eta sortzen dira. Lakua beren etxe bihurtzen da (ez da metafora bat, inondik inora); ez ibaiertzak, ez inguratzen duen lur finkoa, baizik eta lakua bera. Izan ere, urak guztia estaliko du, eta biztanle guztiek bat egiten dute urarekin.

X.B.

Ur gainean bizitzea

Chong Kneas da aintziran eta ibaian zehar ur gainean eraikita dauden herri ugarietako bat. Ferryak iristen diren portu txikian lehorreratu gara, eta txalupa motordun txiki bat hartu dugu herriko kaleak zeharkatzeko. “Kaleak” esatea ez da oso zehatza; hobeto esanda, kaleez, oinez ibiltzeaz eta gurpilez ahaztu behar dugu, hemen garraio guztia ur gainekoa baita, kanoen eta antzeko tramankulu flotatzaileen bidezkoa. Kanalez ere ezin dugu hitz egin, urak aske baitabiltza, ezerk hertsi, zuzendu edo azpiratu gabe.

Nolanahi ere, ababorrera eta istriborrera, palafitoak eta plataforma gaineko eraikuntzak daude. Lehenak piloteen bidez ubidearen hondora loturik dauden egitura finko altuak dira. Bigarrenak eraikuntza flotatzaile eta mugikor sinpleak dira. Azken hauek, nahi bezala tokiz alda daitezkeenez, egun batetik bestera aldatzen dute herriaren trazadura; horrek zaildu egiten du orientatzea, lehendik ere zaila dena. Atentzioa ematen dute kartel elebidunek; khmerren alfabeto katramilatuan eta vietnamdarren alfabeto latindar apainduan idatzita daude; izan ere, herri flotatzaileetako biztanle gehienak jatorri vietnamdarrekoak dira.

X.B.

Zalaparta etengabea da. Mugimendu handia dago: batetik bestera doazen familiak, emakumezko saltzaileak produktuak eskaintzen (mangostana, kokoa, sandia, pitahaya, mangoa, duriana, logana, barazkiak...) lanera, erosketak egitera, medikuarenera edo eskolara doan jendea; guztiak, aurrera eta atzera, garraio posible bakarrean doaz, ur gainean ibili eta hondoratzen ez den zerbaitetan. Bereziki alaia da gazteen jolasa; lurraren koloreko ibaiko uretara jauzika ari dira, edo alde batetik bestera metalezko katilu handietan. Ontzi kaskar horiek ez iraultzeko ere entrenamendua beharko dute segur aski. Eta bisitariengana “atrakzio” turistikoak eskaintzera hurbiltzen denik ere ez da falta; esaterako, pitoi suge bat lepoan jarrita duten adin txikiko haurren “ikuskizuna” topa dezakegu.

Terraza duten etxebizitzen ondotik igaro gara; uniformez jantzitako ikaslez betetako eskola ondotik gero; jatetxe eta tabernak, dendak, gasolindegia eta tenplu budista txiki bat datoz ondoren. IHS kristogramaren gainean gurutze beltza duen eliza bat ere badago, agian jesuiten ardurapekoa. Etxe askotan, tranpa-zulo baten azpian, beren arrain haztegia dute; pentsuarekin elikatzen dituzte. Ia desagertuta dauden siamdar krokodiloen abeletxe bat ere badago; egurrezko zelda batean pilatuta daude, ez animalia horren kontserbazioa bermatzeko, baizik eta bere larrua eta haragia saltzeko, bai Kanbodian, bai eta Txinan, Thailandian eta Vietnamen ere.

X.B.

Uhin leunen erritmoan goaz. Sentipen bitxia dugu, dena edo ia dena begi-bistan dagoen agertoki baten aurrean gaudela iruditzen zaigu. Gu paretik pasatzean jendeak bere bizitza egiten segitzen du; irribarre egiten digute jaten ari diren bitartean, edo zerbaiten edo norbaiten zain beren txalupan eserita daudela, edo senideekin edo bizilagunekin hitz egiten ari direla; beste batzuk telebista ikusten, hamaka batean lotan edo beren zereginetan buru-belarri ari dira. Uraren arrasean ibiltzeak dimentsio bikoitza eskaintzen du: batetik, gure begien mailan igarotzen den egunerokotasunarena, eta, bestetik, eraikin sareena, zeintzuen dramatismo zenital edo kontrapikatua lakuaren bolumenaren araberakoa den. Chong Knea, ur gaineko beste edozein herri bezala, mundu harrigarria da. Baina, berez, sakon begiratuta, mundu nahiko normala da, betiere ur gainekoa.

X.B.