Testua: Xabier BAÑUELOS Argazkiak: X.B. eta Getty Images

Chobe, bizitza basamortuaren mugetan

Afrikako hegoaldeko erdialdetik doa lau izen dituen ibaia urak Zambezin isurtzera. Ibilbidean lau herrialdetako parke naturalak bustitzen ditu. Botswanara iristean ibaiak Chobe du izena, laztantzen duen parkeak bezala. Hamar mila kilometro koadrotik gora ditu parkeak eta, Botswanako iparraldeko lur idorretan, benetako bizi iturria da. Fauna ikusteko aukera ematen du, bai lehorretik bai bi ibaiertzen artean nabigatuz.

Chobeko Parke Nazionalean sartu nintzen lehen aldia sekulakoa izan zen, Afrikako fauna maite duten guztiek bizitzea espero duten esperientzia horietakoa. Hamabost minutu eskas baino ez generamatzan bertan 4x4 ibilgailuan eta, bat-batean, likaon talde bat zabaldu zen gure aurrean; inpala bat zelatatzen ari ziren eta ondoren berau ehizatzeari ekin zioten.

Afrikar txakur basatia, Lycaon pictus delakoa, arrisku larrian dagoen espeziea da. Saharatik hasi eta sabanako Afrikako hegoalderainoko lur guztiak hartzen ditu bere banaketa eremuak, baina gaur egun erabat murriztu da populazio gune bakartu, txiki, sakabanatu eta segidarik gabeetara. Kalkuluen arabera, 7.000 banako baino gutxiago geratzen dira eta egoera basatian ikustea ez da lan erraza, nahiz eta bizi diren eremurik zabalenean gauden. Horregatik, Chobek egin zigun ongietorriko oparia ahaztezina izan zen.

Txakurraren familiako animalia hori ikustea zen parkea ezagutzeko arrazoietako bat. Baina ez bakarra. Beste bat pantaila batean dokumentalak irentsiz hainbestetan ikusitako koadro horiek topatzea zen, edo kamerarekin ezohiko beste espezie batzuk “ehizatzea”, hala nola lechwe antilopea eta pukua. Bidegabeki, parke honen aberastasuna eta edertasuna izugarria den arren, ez du handien ligan jokatzen, Kruger, Serengeti, Ngorongoro, Etosha edo Masai Mararenean. Baina ez da parke anonimoa ere.

Esan daiteke ezezagunenen artean ezagunena dela. Nolanahi ere, Botswanako naturaren hiru erreferentzia nagusietako bat da, Kalahariko basamortuaren eta Okavangoko deltaren ondoan. Eta, ibilbidea egin ondoren, ondoriozta dezakegu ez dela kontinenteko parkerik onenak baino eskasagoa; paisaia zoragarriak ditu eta fauna begiztatzeko primerako aukera ematen du.

HEGOALDETIK SAVUTIRA

Chobe herrialdearen iparraldean dago, Kalahariko arroaren barruan baina basamortutik kanpo. Izena ematen dion ibaiaren hegoaldera zabaltzen da, baina esan behar da beste izen batzuekin ere aurkituko dugula mapetan –Kwuando, Linyanti eta Itenge–, ibilgua zeharkatzen ari den lekuaren arabera. Choberen barrutian dago eta erreferentziazko hiria Kasane da, parkearen ipar-ekialdean, Afrikako Lau Izkinak izenekoaren ondoan. Hemen Botswanak bat egiten du Capriviko Zerrenda namibiarrarekin, Zambiarekin eta Zimbabwerekin, eta horrek Victoria ur-jauziekiko hurbiltasun tentagarria gehitzen du.

CHOBE IBAIA ETA SABANA

11.000 kilometro koadroko eremua hartzen du eta bi protagonista nagusi ditu: Chobe ibaia eta sabana, toki batzuetan erdi basamortua den sabana; ez dezagun ahaztu Kalahari oso gertu dagoela. Askotarikoa da ekologiaren eta paisaiaren ikuspegitik, eta lau eremutan bana dezakegu. Hegoaldeko eremutik hasiko gara; Savuti deritzo, ia parkearen erdia hartzen du eta basamortutik hurbilen dagoena da. Oro har, sabana erdi idorra da, urpetu daitezkeen eremuak dituena. Bere garaian Livingstone bera despistatu zuten lau interesgune ditu, eta gaur egun oraindik misterio bat dira.

Lehena Savuti Marsh edo Savutiko zingira da, Mababeko sakonunean, mamuak diruditen akazia hilekin. Bigarrena Savutiko kanala da, non fenomeno bitxi bat gertatzen den; ibai-ibilgu moduko bat da, ura Chobetik lakuraino eramaten duena baina nahi duenean soilik, eta oraindik ez da jakin zergatik gertatzen den hori, zergatik batzuetan ura daraman eta batzuetan lehortu egiten den. Izan ere, badirudi “savuti” hitza ezbai horretatik datorrela, beye hizkuntzan “nahasia” edo “ez ziurra” esan nahi baitu, ez dela argitzen noiz izango duen ura eta noiz ez.

Hirugarrena Savuti muinoek osatzen dute. Muino horiek nolabait testiguak dira; hau da, eremu lau baten gainean, Rift ibarreko jarduera bolkanikoari lotutako mendixka bakartuak. Azkenik, Magwinhwe gailurra dugu, 100 kilometroko luzera eta 20 kilometroko altuera duen hareazko gingila; dirudienez, antzinako superlaku baten kosta lerroa izan zen. Nolanahi ere, ur gehiagorekin edo gutxiagorekin, palmondoz eta akaziaz zipriztindutako belar-zelai zabalez osatutako paisaia da. Eurite garaian berde-berdea da eta mota guztietako fauna oparoa du.

LINYANTITIK NOGATSAARA

Linyantirantz jarraituko dugu. Savutitik ekialdera dago, parkearen mendebaldeko izkinan, Magwinhwe gailurraren iparraldean eta Linyanti ibaiaren alboan. Hemen erregistroa aldatzen da, eremu zingiratsua baita, kanal meandrotsuak, aintzira-eremuak, ibaiertzeko basoak eta belardi-eremuak dituena. Okavangoko delta gogorarazten du, baina miniaturan.

Leku ederra da, eta fauna ugaria du. Ipar-mendebalderantz jarraitu eta Nogatsaara iritsiko gara. Aurrekoak baino txikiagoa da, altitude handiagoan dago eta nahiko idorra da. Ondorioz, ez du landaredia gehiegi; mopanea da nagusi, herrialdeko ipar-ekialdeko ohiko zuhaitza. Eremu hezean 20 metrorainokoak izan daitezke zuhaitzok, baina hemen ez dira bizpahiru metrotik pasatzen.

Onena da horiek hostoak gutizia direla elefante, jirafa eta errinozeroentzat eta oso gozoak bestelako fauna mota batentzat ere. Eta horri gehitzen zaio animaliek edan ahal izan dezaten urmael artifizialak daudela. Horrela, mopaneen eta urmaelen artean, ez da zaila animaliak ikustea. Bitxikeria gisa, mopanea (Colophospermum mopane) ere ustiatzen dugu gizakiok.

Ez zuhaitza, bere apopiloetako bat baizik; alegia, bere adarren artean bizi den beldarra, Goninbrasia belina, gaueko tximeleta enperadore moduko bat, zeinaren larba, proteinaz betea, antzina-antzinatik izan den gizakien elikagai. Hemen, Botswanan, mashonja eta fane esaten diote, baina Zambian, adibidez, muyaya edo finkubala famatua da, zeina lehortu eta berriz hidratatu eta gero, zartaginetik pasatuta jaten den.

Parkearen iparraldean sartzean, Serondellara iritsiko gara, Kasane ondoan. Hari hiri-forua ematea eskuzabalegia izan zen, 2.000 biztanle inguru besterik ez baititu. Baina hurbilen dagoen herria da. Gainera, transbordadorea eta Kazungula zubia, Zambiarekin komunikatzen gaituztenak, 8 kilometrora daude. Gainerakoan, zinema edo Hollywoodeko txutxumutxuak maite dituztenek gogoratuko dute Kasanen ezkondu zirela Elisabeth Taylor eta Richard Burton 1975eko urriaren 10ean.

VICTORIA UR-JAUZIETATIK OSO GERTU

Serondella da parkeko lekurik ezagunena eta bisitari gehien jasotzen dituena. Ez bakarrik Kasaneren ondoan dagoelako eta Victoria ur-jauzietatik oso gertu dagoelako, baita leku ikusgarria delako eta Chobe ibaiaren ertzean dagoelako ere. Hemen, elementuak uztartuz, degradatutako harmonia sortzen da, kolorez eta bizitzaz osaturikoa.

Trantsizio horretan, sabanaren seriotasun soila galtzen doa, korrontearen dei aztoratua gailenduz, zeina uren eta lurraren arteko fusioan amaitzen den. Hala, era guztietako berdeen artean, bizitza paradisu naif bat bezala agertzen da. Baina itxuraz baino ez, natura basatia baita amets erromantikoetatik eta erlijio-liburuetatik kanpo. Antilopeek, ikusi ahal izango dugunez, ez dakite ez poesiaz ez kredoez, une oro dituzte zentzumenak erne, harrapakariren bat ustekabean agertuko balitz ere.

Denetik sentituko dugu Serondellan, eta batzuetan une zirraragarriak, besteetan hunkigarriak biziko ditugu. Baina eguzkia ibaiaren ertzetatik haragoko akazien artean sartzen ikuste hutsagatik merezi du etortzea. Hori gutxi balitz, fauna ugari biltzen den eremua da, agian parkeko ugariena. Hemen, guztia ez, baina denetik eta kantitate handitan ikus daiteke..

Sabana zatiak animalia errezitaldia eskaintzen du zuhaixken eta zuhaitz koskorrez osaturiko zuhaiztien artean. Ibaian, errezitaldia sinfonia bihurtzen da, urak ehunka lauhankako erakartzen dituelako, batez ere eguna hiltzean eta jaiotzean. Hemen, itsasontzia hartzea da aproposena, ibaiertzen artean nabigatzeko. Ontzigainean eseri eta bizitza baso artetik agertzen edo lautadan bazkatzen ikusi. Zer hoberik, Afrikako ilunabar ederrenetako batez gozatu bitartean.

GIDA PRAKTIKOA

Nola iritsi. Ohikoena iparraldetik edo hegoaldetik iristea da. Iparraldetik iritsiz gero, Kasaneren ondoan dagoen Sindudu atetik sartuko gara, segur aski Livingstonetik (Zambia) edo Victoria Fallsetik (Zimbabwe) etorrita. Hegoaldetik etorriz gero, Mababeren atetik sartuko gara Maundik etorrita, segur aski Okavangoko deltan Moremi bisitatu ondoren. Namibiatik Capriviko zerrendatik etorriz gero, Linyanti da sarrera.

Zenbat denbora behar den. Gomendagarriena parke osoa egitea da, hegoaldetik iparraldera edo alderantziz, eta hainbat eremu bisitatzea, batez ere Savuti eta Serondella. Hori egiteko, gutxienez lau egun behar dira. Egonaldi laburragoetarako Serondellan iparraldetik sartzea litzateke onena.

Zer fauna mota ikus daitekeen. Asko eta askotarikoa ikusten da. Eta beste parke batzuetan ikusteko errazak ez diren animaliak. Bost Handiak badaude, noski: bufaloa, lehoia, lehoinabarra, elefantea eta errinozeroa, eta azken honetatik, bi espezieak: beltza eta zuria. Horiez gainera, iparralderago dauden parkeetan egon direnek ikusiak izango dituzten espeziak ere badaude, hala nola hipopotamoa, jirafa, fakokeroa, babuinoa, ñua, koboa, zebra, redunca, hainbat motatako txakalak, gepardoa, kudu handia, elanda, antilope hieroglifikoa, topia, hiena pikarta… Baina hegoaldekoagoak diren beste espezie batzuk ere bizi dira bertan; esaterako, antilope nabarra, sable antilopea, sitatunga, papioa, hiena arrea...