Ura ITURRALDE

Uyunitik Atacamara, Boliviatik Txilera igarotzeko aukerarik ikusgarriena

Eskuz margotuak diruditen mendiak, flamenko dotereen babeslekuak diren aintzirak, zerua islatzen duen paisaia zuri amaigabea… Hau guztia eta askoz gehiago eskaintzen dio bidaiariari Uyuni gatzategia eta Atacama desertua lotzen dituen bidaia hunkigarriak.

La Paz-etik hamabi ordu inguru behar dira Uyuni herrira autobusez ailegatzeko. Bertan Atacamara 4x4 jeepez iristen den ibilaldi turistikoa erreserba daiteke. Aukera ugari eskaintzen dituzte bertako tour gidariek, egun bakarreko, hiru eguneko edo bederatzi eguneko bidaiak, alderdi interesgarrienak ezagutzeko. Betiere goizean goiz bidaia adostu ondoren, herria ezagutu daiteke. Egun bat nahikoa da horretarako.

Uyini herria itsas mailatik 3.670 metrora kokatua dago eta 26.000 biztanle inguru ditu. Oso garrantzitsua izan zen bere garaian, Ozeano Bareko portuetara minerala garraiatzen zuten trenak bertatik irteten zirelako. Avenida Ferroviaria izeneko kalea da guztien artean ezagunena, han aurkitzen delako, ustez, Boliviako lehenengo lokomotorra. Plaza de Armas enparantzan, ordea, biltzen da jende gehien, turismo agentzia eta atzerritarrentzat hostalik ospetsuenak hantxe topatu daitezkeelako.

Monumento a la Guerra del Chaco izenekoa ikustea ere nahitaezkoa da. Eduardo Abaroren obra honek perutarren aurka borrokatu zuten Uyuniko biztanleak omentzen ditu.

Hiru eguneko bidaia

Uyunitik Atacamara joateko 3 eguneko bidaia aukeratu dugu. Lehen egunean aurreneko geldialdia goizean hasten da: Uyuniko tren hilerria. Izugarri berezia eta polita da, historia handiko lekua.

Burdina herdoilduez osatutako bagoien eskeletoak, zoru izoztuan sakabanatuak, abandonatuak, paisaia nostalgikoa.

XIX. mende amaieran Bolivian trenbide bat inauguratu zuten, Uyuni herria eta gaur egun Txile den Antofogasarekin komunikatzen zuena. Eztainua, zilarra eta urrea ere garraiatzeko balio izan zuen, baina hasiera batean proiektu aberasgarria zirudiena gaur egungo paraje bakartia bilakatu zen gerraren ondorioz. Tamalez, makinak ez ziren sekula berriro errailetara bueltatu.

Tren hilerria ezagutu ondoren, Colchani komunitatea bisitatzen da. Inguruko komunitate garrantzitsuenetariko bat da, Boliviako gatz fabrikarik handienetakoa bertan dagoelako. Urtean 20.000 tona gatz ateratzeko gai dira, horietatik %90 gizakien erabilpenerako. 580 biztanle besterik ez ditu, eta azken geltokia da hain famatua den Uyuniko gatzagara iritsi aurretik.

Uyuniko gatzaga munduko gatzagarik handiena da 10.582 kilometro karraturekin. 10.000 milioi gatz tonelada ditu. Ikusgarria, benetan.

Gatzagaren erdialdean Dakar gatzezko monumentua aurkitzen da, 2014an inauguratu zutenetik turistentzat erakargarririk famatuenetakoa bihurtu dena. Munduko rallyrik ospetsuenak Boliviako lurraldea zapaldu zuenetik, mendiz inguratutako lautada zuri erraldoi honekin hitzordua mantendu du, gaur egun arte. Uyunitik igarotzen den etapa lasterketako gogorrenetakoa izan ohi da, gidariek alturaren ondorioen aurka ere borrokatu behar izaten dutelako. Ondoren, berriro ere martxan jarri eta Incahuasi irlara iristen da ibilaldia.

Izenak, kitxuaz, ‘Incaren etxea’ esan nahi du, eta irla esaten diote gatz lautadaren erdian aurkitzen delako; ez dezagun pentsa urez inguratua dagoenik. Oinez ordubete inguru behar da, dituen berezitasun guztiak argazkietan hartzeko; bidean aurki ditzakegun kaktusak, esate baterako, oso deigarriak dira. Hauetariko gehienak 10 metroko altuera dute, eta enbor lehorrak altzariak egiteko erabiltzen dira askotan.

Interesgarria izan arren, dudarik gabe, ibilbidearen unerik onena gailurrera iristea da. Bistak aho zabalik utziko zaitu: 360 gradutan lautada zuria besterik ez eta, zerumuga itxiz, Boliviako eta Txileko Andeetako mendiak.

Lehenengo eguna amaitu ondoren, gatzez eginiko hotelean igarotzen du gaua bidaiariak.

Bigarren egunean

Zortzi eta erdietan abiatzen dira berriro tour guztiak. Flamenkoak ikustea da helburua. Honda, Hedionda, Cañapa eta Chearcota izeneko urmaelak bisitatzen dira.

Oihal batean marrazturiko irudiak dirudite. Urdin argi koloreko ur gardenak, gatz zuriz osaturiko hondartzak, nabar ilunetik arrosara doazen tonuak dituzten mendiak, eta, nola ez, haien erdian, Andeetako flamenko taldeak. Imajinatu daitekeen estanparik ederrena.

Ondoren, Siloli desertutik barrena harrizko zuhaitza deituraz ezaguna den monolitoa bisitatzen da. Hainbat irudi dituzten harri bolkanikoen multzo baten gainean nabarmentzen den formazio harritsu naturala da. 7 metroko altuerarekin, basamortuaren erdian, bakardadean, erraza da harekin topo egitea.

Hareharria eta gatza daramaten eskualdeko haize indartsuek zuhaitzaren oinarriaren konposizioan nagusi den kuartzoaren kontra jotzen dute, formak aldatuz. Bere itxura bereziari esker, monumentu hau ezinbesteko elementu turistikoa bihurtu da.

Hostalean afaldu eta gero, hotza gauean ia jasanezina den arren, merezi du irten eta zeruak eskaintzen duen ikuskizunaz gozatzea.

Hirugarren egunean

Azken egunean goizeko 5.30ean hastean da bidaia, Géiseres de Sol de Mañana bezala izendatu duten lekura garaiz heldu ahal izateko.

Sumendi eremu ospetsu hau ‘Eduardo Avaroa Fauna Andina’ Boliviako Erreserba Nazionalaren mugen barnean dagoen paisaia exotikoenetarikoa da. Bi kilometroko hedadura duen basamortu zati bat, itsas mailatik 4.850 metrotara. 10-15 metroko altuerara iristen da laba, eta lurrun beroa nola irteten den ikusi ahal izango dute bidaiariek, egunsentiarekin batera.

Hego Ameriketan, Andeetako mendikateak sumendi eta inguru bolkaniko ugari ditu. Hauetariko batzuk munduko garaienak dira, baina ez aktiboenak. Horregatik da ezinbestekoa Sol de Mañana ezagutzea.

Polques izeneko termak ere disfrutatu daitezke; nahi duenak ur beroan bainu bat hartzeko aukera ere izango du.

Hiru eguneko abentura hau bere helmugara iritsi baino lehen, Salvador Dalí desertua zeharkatu ondoren, Laguna Blancan eta Laguna Coloradan ordu batzuk libre uzten dituzte talde guztien gozamenerako.

Azken hau izaten da arrakasta gehien duen lekua. Izenak dioen bezala, kolore bat bera ere ez da falta urmael sinestezin hartan. Txilera igarotzeko ez zait modu politagorik bururatzen.

San Pedro de Aracama

Hito Cajón, Bolivia eta Txileren arteko muga oztoporik gabe gainditu ondoren, bidaiariak arratsaldean iritsiko dira San Pedro de Atacamara. Herri txikia da, 4.000 biztanle inguru besterik ez ditu; oso hippy eta atsegina. Musikariek eta denda txikiek animatzen dituzte kaleak. Turista gehiegi, agian, eta, ondorioz, prezioak Bolivian baino askoz ere garestiagoak. Honela, giro onean, San Pedron bukatzen dira espedizio guztiak.

Aipatu behar da tour hauek osatzen dituzten hostalek askotan ez dutela ur berorik dutxatzeko; beraz, Uyunin ondo galdetu behar da, jakinaren gainean egoteko. Hala eta guztiz ere, hain ederra da paisaia, bidaiaria ez baita ordaintzeaz damutuko. Gainera, gutxitan gertatzen den arren, euria egin dezake eta gatzezko basamortuaren ikusgarritasuna bikoiztu.