Bardi kapera, errestaurazio tailer bihurtuta
Florentziako Santa Croceko Bardi Kapera ospetsua Giottok margotutako ‘Historias de San Francisco’ freskoen zati bat zaharberritzeko prozesu delikatuaren eszenatoki bihurtu da azkenaldion. Errestaurazio-lanak 2025eko udan amaituko dira. Bitartean, zuzenean ikus daiteke prozesua bisita gidatuen bidez.

Zaharberritze prozesua 2022ko ekainean hasi zen. Helburua zen egoera oso txarrean zegoen artelana ahalik eta azkarren eta ondoen «salbatzea». Prozesuaren lehen fasea diagnostiko sakona egitea izan zen eta, dagoeneko, egindako azterketak ustekabeko emaitzak lortu ditu, informazio baliotsua argitara atera baitu artistak erabilitako lan-metodoari eta esperimentu teknikoei buruz.
Gainera, zaharberritze lanei esker lortu dute agerian uztea hondatze naturalaren eta hamaika esku-hartzeren ondorioz partzialki ezkutatuta zeuden xehetasunak. Horretarako, teknologia aurreratuak erabili dituzte, hala nola laser eskanerrak, kamera termografikoak eta irudi termikoak sortzeko argi ultramorea.
Erabat baieztatuta ez badago ere, uste da ‘San Frantziskoren Historiak’ freskoak Ridolfo dei Bardik enkargatu zizkiola Giottori. Florentziar bankarien familia boteretsu batekoa zen eta, arte eta historia adituen ustetan, 1317 eta 1321. urte artean margotu ziren.
Aitzitik, jakina da obrak esku-hartze asko jasan dituela hasieratik. Besteak beste, 1730ean, freskoak kareztatuak izan ziren, eta XIX. mendean, berriz, hilobi-monumentuak gehitu eta galera konponezinak eragin ziren. 1851n, freskoak berraurkitu zituztenean, Gaetano Bianchik zaharberritu egin zituen, baina ondoren, 1957 eta 1958. urte artean, Leonetto Tintorik erantsitakoak kendu zituen, Giottoren obraren bertsiorik egiazkoena lortzeko ahaleginean.
Orain, Bardi Kapera tailer inprobisatu bihurtu da, baina ez edonolakoa, berezia baizik, aretora ez direlako zaharberritzaileak bakarrik sartzen. Izan ere, ateak zabalik dituzte errestaurazio prozesua zuzenean ikusi nahi dutenek. Horretarako, bisita gidatuak antolatu dira Presbiterioko Kaperaren eskuinaldeko gelan.