Xajarat-al-Hayat, “Bizitzaren zuhaitza”-ren misterioa basamortuan

Oso handia eta zaharra da. Ia hamar metroko altuera du eta 400 urte inguru. Gainera, ezkutuan duena ere harrigarria da: bere sustraiak 50 metroko sakonerara iristen dira.
Xajarat-al-Hayat esaten diote, “Bizitzaren zuhaitza”. Prosopis cineraria espeziekoa, Jebel Dukhanetik bi kilometrora dago (Bahraingo punturik garaiena) eta hiri hurbilenetik (Manama) 40 kilometrora. Basamortuaren erdian dago, bakarti, hareaz inguratuta. Bi kilometroko erradioan zuhaitz bakarra da.
Zientzialariek ez dute erantzunik. Nola iraun dezake bizirik urik gabe eta baldintza lehor horietan? Batez besteko tenperatura 41 gradu zentigradukoa da (batzuetan, 49 gradura iristen da) eta harea-ekaitzek gogor jotzen dute sarritan.
Aditu batzuen ustez, ur-iturririk hurbilena hiru kilometrora dagoen lurpeko erreka bat izan daiteke. Beste batzuen ustez, berriz, zuhaitza gai da Persiar golkotik jotzen duten brisen hezetasuna hartzeko edo harea-aleetatik lortzeko. Nolanahi ere, badira pentsatzen dutenak Xajarat-al-Hayatek, antzinako Edeneko lorategia zegoen lekuan dagoenez, ur mistikoaren iturritik edaten duela.
Halaber, bertako zenbaitzuen ustetan, mitologiak du erantzun zuzena, zalantzak uxatzen dituena: Enkik (mitologia babiloniko eta sumertarreko antzinako ur-jainkoak) babesten du zuhaitza, zeinaren inguruan garai batean errituak egiten omen ziren. Hain zuzen, azken teoria hori indartu egin zen 2010eko urrian, arkeologoek zuhaitzetik gertu zeramikak eta 500 urteko beste zenbait objektu lurpetik atera zituztenean.
Edozelan ere, Xajarat-al-Hayat misteriotsua amu turistiko bihurtu da eta urtean 50.000 turista inguruk bisitatzen dute. Gainera, tartean badira urtean zehar bisitatzen duten tokiko biztanleak, batez ere leku sakratutzat hartzen dutenak eta erlijio-erritualak gogoko dituztenak.