Ordaindu beharreko albiste batean sartu zara eta zure kontu pertsonaleko klik bat kontsumitu duzu.
Urtzi Urrutikoetxea
Bermuda, geltoki atsegin bat Atlantikoan
Atlantikoaren erdian galdutako uhartea da, alde batetik, eta nabigazio bide guztien erdian dago, bestetik. Bermuda Estatu Batuetatik eta kontinentetik mila kilometrora dago, beste horrenbestera Karibeko irletatik, eta Europatik Ipar Amerikara doan marra zuzenaren erdian era berean. Britainiar koloniarik zaharrenetakoa da; ehun irla baino gehiagoz osatuta dago, eta horietako garrantzitsuenak itsas gaineko zubien bidez lotuta daude.
Konexio berezi baten bidez iritsi gara Bermudara. Bilbotik Azoreetara dagoen hegaldi zuzena hartuta, Portugalen menpeko artxipelagotik beste jauzi baten modura ailegatu gara Atlantikoko txoko honetara. Ez da Estatu Batuetara joateko modurik bizkorrena, baina artezena bai, eta jet-lag-ik ez izatea ere badu ondorio, batean eta bestean egun pare bat emanda. Washington AEBko hiriburura bi ordu baino gutxiago dira hegazkinez.
Bermudako kasuan, ezin askoz bisita luzeagorik egin: lurralde aski txikia delako, alde batetik, eta bestela ere munduko lekurik garestienetakoa baita. Hasieratik agerian geratu da zergatik ez duten independente izan nahi. Bizi-maila oso altua dago.
«Urakan txiki batek ez digu arazo handirik sortuko», diosku Henry taxi-gidariak, harroxko. Ernesto urakana aurreko asteburuan igaro den arren, denak txukun-txukun dirudi. Uhartearen hegoaldean ageri dira zuhaitz adar batzuk, erauzitako palmondo hosto batzuk daude lurrean, baina dena martxan dago.
Irlaren mendebalderaino doan ferrya. (Urtzi URRUTIKOETXEA)
Royal Naval Dockyard. (Urtzi URRUTIKOETXEA)
BRITAINIARTASUNEAN GOXO
Kontraste bitxia dauka Bermudak: batetik oso britainiarra da; aireportuan bertan bobby poliziak daude, ingurune epelera egokituta (ohiko kapela baina praka laburrak, eta galtzerdi beltzak belaunperaino). Ezkerretik gidatzen dute halaber. Baina, era berean, Estatu Batuetatik oso hurbil daude. Bermudako dirua, esaterako, ez da esterlina libera, dolarra baizik. Zehazki Bermudako dolarra da, baina AEBkoaren balio bera du; beraz, billete berdea lasai erabil liteke.
1609tik da Erresuma Batuaren kolonia, eta horrela jarraitzeko asmoa dauka. Duela 30 urte egin zuten Bermudako independentziari buruzko erreferenduma, eta Londresekiko loturari eustea hobetsi zuten bermudatarrek. «Bai, independentziari buruzko solasa etengabe dago, baina ez dut uste gertatuko denik», diost taxilariak zintzotasunez.
Zertarako egon bakarrik, subiranoa izanik, nahi duzunean independente izango zarela jakinik, baina bitartean «bi munduetako onena» daukazula. Bertako ondarean, britainiar tradizioa, estatubatuar eragina, afrikar ondarea, eta Azoreetatik etorritako biztanleen arrastoa nabari dira, kontraste oso interesgarrian.
St George's-eko Udaletxea. (Urtzi URRUTIKOETXEA)
Hamilton hiriburua, airetik, etxe koloretsu eta labarretik itsasora begira. (Getty Images)
Bermuda luzea eta estua da, U edo W itxuran hego-mendebaldetik ipar-ekialdera. Eta erdian Hamilton hiriburua dago. Bi muturretan, aldiz, portu bana dauka: ekialdean, aireportua eta St George hiri historikoa ditu, eta mendebaldean, kontinentetik hurbilen, Royal Navy Dockyard itsas portua. Batera zein bestera joateko, Bermuda osoa zeharkatu behar da; 20 kilometro pasako txangoa da Hamilton hiriburutik sortalderantz, eta beste horrenbeste sartalderantz.
Batera zein bestera joateko, Bermuda osoa zeharkatu behar da; 20 kilometro pasako txangoa da Hamilton hiriburutik sortalderantz, eta beste horrenbeste sartalderantz
Bisitariek, baina, ez dute ohiko autorik alokatzerik Bermudan. Bertakoek baino ez darabiltzate kotxeak, turista gehienek txangoak edo gidariak hartu ohi dituzte. Norbere kontura ibiltzeko, motozikletak edo bi plazatako ibilgailu elektriko txikiak alokatu daitezke. Beste aukera on bat bizikleta da. Uhartea nagusiki laua da, tarteka aldaparen bat ageri bada ere. Egia da bide gehienak estuak direla, baina baita, trukean, uharteak bizikletaz egiteko ibilbide paregabea daukala ere. Behinolako trenbidea autorik gabe ibiltzeko leku bikaina da (Railway Trail).
John Smith's Beach, Bermuda hegoaldean, uharteko ederrenetakoa. (Urtzi URRUTIKOETXEA)
St George’s-eko Water Street. (Urtzi URRUTIKOETXEA)
Footbridge irlaren iparraldeko kostaldean dagoen behinolako trenbidearen ibilbidea, egun bizikletaz zein oinez egin daitekeena. (Urtzi URRUTIKOETXEA)
BIZIKLETAZ
Bermuda ia puntarik punta zeharkatzen du Railway Trailek. Ekialdean du ibilbide ederrena, kosta parean edo aski hurbil, itsas gaineko zubiak (tamalez batzuk hondatuta daude, baina beste batzuk txukun daude). Pena da guztiz eraberritu gabe egotea, eta etenak daudela ibilbidean, baina Hamiltondik ipar-ekialdera doan bidea egiteko aukera bikaina da.
Aireportutik bertatik are ekialderago joanda ageri da St George’s. Itsas bidaian datozenentzat urrun dagoenez, goizeko patxadan hartu gaitu hiriak, iratzartzen balego bezala, turisten ontzia iritsi aurretik. Kapela dotoredun bobby beltz batek egun on egin, eta hiria gozatzeko esan digu. King’s Square eta Water Street-en saltokiak prestatzen ari dira, St Peter’s Church-eko adreiluzko eskailerak ere dotore daude. Pareko ikuspegia ere zoragarria da: St George eta St David’s (aireportua dago bertan) uharteez gain, beste irla txiki ugari. Muinoan gora, amaitu gabeko eliza ikusgarria atzean utzita, Fort Victoria eta Fort St Catherina gotorleku historikoak harea zurizko hondartzen gainean eraikita daude.
Egiaz, ibilbidean atzera eta aurrera ez ibiltzeko aukera ona eta merkea ematen dute autobusek eta uharteko leku gehienetara doazen ferryek
Mendebaldetik datorren bidea berriz egin nahi ez bada, edo ibilbidea ekialdean hasteko, badago mendebaldetik 45 minutuan datorren ferrya. Egiaz, ibilbidean atzera eta aurrera ez ibiltzeko aukera ona eta merkea ematen dute autobusek eta uharteko leku gehienetara doazen ferryek. Edozein lekutan lor daitezke ordutegiak, eta bizikletak eraman litezke bertan.
Fort Hamiltoneko kanoia. Bermudaren kokagune estrategikoa dela eta, gotorleku militar asko daude irlan. (Paulo FERNANDES COSTA | Getty Images)
Flatt herrian uharteko bidegurutzeetako bat dago, aquarium-aren ondoan. Badia estu eta luzea iristen da bertaraino. (Urtzi URRUTIKOETXEA)
MENDEBALDERANTZ
Hamilton hiriburutik mendebaldera ere badoa Railway Trail, bide praktikoa da, baina ez hain ikusgarria. Izan ere, Bermudako kostalde ederrena hegoaldean dago, eta iparraldetik doa trenbidea. Larrosa koloreko harea daukan Pink Sanded Beach, Elbow Beach edo Horseshoe Bay bezalako lekuetara iristeko, urrundu beharra dago; Gibbs Hill itsasargirainoko bidea eginda (mendi puntan dago, hori bai), itzuli ederra egin liteke.
Gero, mendebaldera iritsita, bidea estutzen da, eta errepideak eta behinolako trenbideak tarteak dituzte. Hain estua izanik, alabaina, oso hurbil dago dena. Kostaldeko hondartzez gain, Fort Scaur gotorleku historikora joateko aukera ere badago, uhartearen kokagune historikoak eman dion garrantzi militarra ulertzeko: bai piraten garaian, baita berrikiago ere, Bigarren Mundu Gerran, kasurako. Ezin Somerseteko zubian (munduko zubi altxagarri laburrena!) geldialdia egin gabe joan.
Izen bereko herria, Bermudako atseginenetakoa da, eta turista askok geldialdia ere ez dute egiten, beste gune batzuetara bidean. Arratsaldeko patxadan dominoan olgetan zebiltzala iritsi gara. Beltzak dira gehienak, musika ere badago. Ikusteko ezer berezirik izan gabe ere, Bermudako herri giroa bizitzeko txokoa da.
Irlak hondartza ikusgarriez josita daude. (Urtzi URRUTIKOETXEA)
Bayley's Bay ibilbidearen kartelak. (Urtzi URRUTIKOETXEA)
Somerset atzean utzita, itsasoaren gainetik irla txikietan egindako errepideak Royal Naval Dockyard-era darama. Bermudako gune historiko berezienetakoa da, bertako harresietan dago Museo Nazionala ere. Edozelan, itsasgunea ez da berez herri bat, baina gotorleku historikoak merezi du bisita.
Bertako biztanlerik gabe ere, litekeena da uhartean jende gehien daukan txokoa izatea sarritan: itsas bidaian datozen ontziak Bermudako ipar-mendebaldeko mutur honetaraino iristen dira, izan ere. Asteburuero bi ontzi egon ohi dira, Ipar Amerikatik txangoa eginda. Hala, goizean Naval Dockyard-ean itzulian edo uharteko txokoak ezagutzeko bidean egon ohi dira ontziotako bidaiariak.
Ilunabarrerako berriz, gainbehera dator, ontzietara itzulita turistak. Ez dago zertan bide osoa atzera egin, horratik: ferry zerbitzuak Hamiltongo porturaino garamatza artez. Aparteko girorik izan gabe ere, ilunabar atsegin batez gozatzeko, afaltzeko edo txoko historikoetan galtzeko lekua da.