Argunguko arrantza jaialdia, ikuskizuna arrain eta kalabaza artean

Jaialdiak eskaintzen duen irudia ikusgarria da beti: 50.000 lagun arrantzan, ia tokirik gabe, eskuz egindako sare tradizionalak bakarrik erabiliz eta kalabazen laguntzarekin ur gainean mantenduz. Argunguko nazioarteko arrantza eta kultura jaialdia da, Nigeriako ipar-mendebaldean, Kebbi estatuan. Otsailaren amaieran edo martxoaren hasieran egiten da urtero, milaka eta milaka bisitari erakarriz. Arrainik handiena harrapatzen duena izango da irabazlea. Tamaina handikoak dira benetan. 75 kiloko pieza izan zen sariduna 2005ean.
Lehenengo edizioa 1934an egin zen, Kebbiko erresumako buruzagi Muhammadu Samak Hassan Dan-Mu'azu Sokotoko sultanari ongietorria egiteko. Azken finean, helburua zen aspalditik etsai izandako bi komunitateen arteko bakea erraztea. Eta, harrezkero (2009an hamar urteko etenaldia izan bazuen ere), haien arteko bizikidetza baketsua mantentzen laguntzen du jaialdiak, antzinako ohiturak elkarrekin praktikatuz. Azkenean, bertakoentzat bizitzaren eta batasunaren ospakizun bihurtu da hitzordua.
Lau egunetan zehar inguruko hainbat komunitatetako kideak lehian aritzen dira Matan Fada ibaiaren inguruan. Jaialdia nekazaritza ikuskizun batekin abiatzen da; ondoren datoz ur kirolen erakustaldiak (eskuekin arrantza, ur erreleboak, basahateak harrapatzea eta kanoa eta urpekaritza lasterketak, besteak beste). Azkenik, beste hamaika ekitaldiren ondoren (borroka librea eta boxeoa, arku tiroa, auto rallya...), arrantza lehiaketa ikusgarria egiten da, ikusle gehien erakartzen duena.
Hori bai, jaialdia ez da hasten Mata Fada ibaiaren zaindari Sarkin Ruwak baimena eman arte, bera baita ibaiaren segurtasuna “egiaztatu” dezakeen “orakulua”. Nonbait, bera da krokodiloak uxa ditzakeen bakarra. Erantzukizun hori, gainera, ezin du edonork bere gain hartu, belaunaldiz belaunaldi transmititzen baita, arrantzarako erabiltzen dituzten metodo tradizionalen inguruko ezagutzak bezala.
Pistolaren tiro hotsaz abiatzen da arrantza lehiaketa. Orduantxe milaka arrantzale korrika joaten dira Mata Fadan ibairantz. Uretan sartu eta arrainak harrapatzen hasten dira. Saiatu egiten dira, behintzat. Bata bestearen gainean daudela dirudi. Ibaiaren ur bazterrak ere jendez gainezka daude. Danbor hotsak nonahi entzuten dira, ikusleen artean zein uretan sartu diren piragua artean. Kebbawa erritmo tradizionala lagun dute Giwan Ruwa bila dabiltzan arrantzaleek. Danborrak ere tradizionalak dira, bereziak, bertakoak. Emakumeak lehiakideak animatzen ari dira; izan ere, ezin dute besterik egin, ezin dutelako lehiatu.