Ordaindu beharreko albiste batean sartu zara eta zure kontu pertsonaleko klik bat kontsumitu duzu.
Andoni Urbistondo
Serra de Tramuntana, mundu txiki handi bat
Mallorca uharteak hondartza eta parranda gose diren milioika turista erakartzen ditu udan, baina bada beste Mallorca eder, lasai eta ikusgarri bat Serra de Tramuntana mendikate politaren bueltan; bizikletan edo oinez ibiltzeko paradisua da txoko hura, baina kirolik egin gabe ere nahi beste altxor ezagutu daitezke herrixka eta kalen bakardadean.
Nus de Sa Corbataren panoramika. (Nando LARDI | Getty Images)
Komeni pazientzia apur bat edukitzea leku hauek bisitatzeko, errepidea estua delako eta ehunka bihurgune daudelako. Batzuetan gora, besteetan behera...
Balear Uharteetako uharte handiena Mallorca da. Turistikoena ere bai. 500 kilometroko kostaldea du, eta 345 hondartza edo kala. Milioika lagun erakartzen ditu udan eguzkia, hondartza eta parranda turismoa nahi dutenen artean, baina Mallorca hori baino askoz gehiago da. Bada 600 kilometro koadroko eremu ikusgarri bat, Serra de Tramuntana izenekoa.
Mendi multzo benetan ikusgarria da, 1.300-1.400 metroko mendi tente batzuekin, eta 1.000 metrotik gorako 54 gailurrekin. Eremu oso txikian, gainera, Tramuntana mendikatea 90-100 kilometro bakarrik baita luzeran, eta 15 kilometro eskas zatirik zabalenean. Eremua, bai, txikia, baina parajea handia, oso handia.
Tramuntana Mediterraneo itsasoaren erraietatik jaikitzen den mendikatea da, eta jaio bezala hiltzen dira bertan amildegi horiek. Amildegi izugarriak, ehunka metrokoak asko. Puig Major da Mallorcako mendi garaiena, 1.445 metrorekin. Tontorra kostaldetik lau kilometrora bakarrik dago, eta kontuak ateratzea errazena, bertan dauden desnibelez jabetzeko.
Port Andratx. (Gerold GROTELUSCHEN | Getty Images)
Torrent de Pareis eta hondartza. (Nando LARDI | Getty Images)
Tramuntana Katalunia ipar ekialdean eta Balear Uharteetan gogor jotzen duen ipar haizeari esaten diote, eta mendikateak ere iparrari egiten dio erreferentzia, Tramuntana Mallorca uharteko ipar-mendebaldean baitago, ipar-ekialde hego-mendebalde norabide garbian. Mendikate malkartsu eta aldapatsua da, eta gailur garaienak (Puig Major, Penyal de Migdia (1.398 m.) eta Massanella (1.365 m.) uharteko ia edozein lekutatik ikus daitezke. Baita Palma hiriburutik ere, 50 bat kilometrora egonda ere (bertakoek Palma esaten diote Palma de Mallorca hiriburuari). Bartzelonako goi auzoetatik ere bai, egun argietan.
Hiriburua zatar samarra da, soinutsua eta oso populatua, 424.000 biztanle, eta kilometro batzuk urruntzea komeni da, bake pixka bat edukitzeko. Bizikletekin joanez gero, ferrya da garraio bide egokiena, bizikletak eta autoa ontzian sar daitezkeelako. Bartzelonatik egunero dago ferry zerbitzua Port Alcudia herrira, uharteko iparraldera. Iristeak berak utziko zaitu aho bete hortz, badia bera eta Alcudia eta Pollensa herriak inguratzen dituzten mendiak benetan politak baitira.
Far de Formentor. (Trabantos | Getty Images)
Pollensa. (Balate DORIN | Getty Images)
Alcudiaz edo Pollensaz gain beste zenbait herri har daitezke erdigune moduan, azaroan jendez lasai baitaude. Aipatutako bi herrietan, baina, zerbitzuak onak dira, eta herri txikietan ez hainbeste. Halere, gogoan eduki izen hauek, lasaitasun erabatekoa hautatuko bazenu: Soller, Fornalutx, Bunyola, Alaro, Deia, Valldemosa, Andratx, Lloseta, Selva, Campanet… Herri pottoko anitz daude kostatik gertu, mendiko errepideetatik pedalkada bakarrera.
FAR FORMENTOR ETA SA CALOBRA
Mallorcan bizikletaz ibiltzeko edozein gidatan topatuko dituzue gurpil irteera ezagunak, eta denetan azalduko zaizkizue bi beste guztien gainetik: Far de Formentor eta Sa Calobra: mendia eta haitz ikusgarriak kala bakarti eta Tropikoko itsaso urdinez jantzitako badia ederrekin uztartzen diren paraje apartak. Toki bat lehen aldian bisitatzen denean gehiago gozatzen dela diote, eta bidezkoa da Pollensatik Far de Formentor arteko bizikleta bidea oso polita dela aitortzea. Antzeko txoko askorik ez baitago gugandik hurbil.
Port de Pollensa herritik 50 kilometro eskaseko irteera da, baina Tramuntana mendikateak garbi utziko digu bertako terrenoak lodi zigortuko dituela gure hanka zuztarrak. Col de la Creueta maldatxoa igotzen da aurrena, hiru kilometro, eta ondoren, 15 kilometro etengabeko gorabeheran, orain gora, hurrena behera, mila bihurgunerekin.
Bihurgune horien irteera bakoitza ezusteko handi bat bilakatzen da bisitariarentzat, bat-batean ahuntz basatiak azaldu daitezkeelako; edo kala bakarti bat
Bihurgune horien irteera bakoitza ezusteko handi bat bilakatzen da bisitariarentzat, bat-batean ahuntz basatiak azaldu daitezkeelako; edo kala bakarti bat. Hurrena haitzean iltzatutako ezinezko tunel bat, eta lurra bukatzen den azken arrokan Far de Formentor itsasargi ikusgarria. Neke oro samurtzen du bideak, bueltan berotu bera edo are handiagoa hartuko dugula jakitun.
Olatuaren aparretan bueltatzen da bat ostatura, irteera ikusgarria eginda, tamainako beste irteeraren bat egingo ote duen zalantzarekin, baina Sa Calobrako igoerak are gehiago beteko du bisitaria. Escorca herrian dagoen kala bat da Sa Calobra, Puig Major gailurraren magalean dagoena. Col des Reis mendatean behera egiten du bidexkak, dozenaka bihurgune itxirekin zipriztinduta, eta bukaerak beste kontinente bateko argazkia dirudi, haitz ikusgarriz inguratutako badia polit-polita.
Autoak aise igotzen du 10 kilometroko aldapa, baina bizikletan gorriak ikusten dira, ez baita bukaera inoiz sumatzen. Eta gure gainean, beti nagusi, beti itogarri, Puig Major gailur dotorea. Sa Calobran Eraizeko lepora bidean, Erronkari Ibaxako Contienda ipar eski gunean dagoen bihurgune helikoidalaren antzekoa dago, Nudo Sa Corbata izenekoa. Gorbata zikloturistak sentitzen duena, zintzurra estu-estu arnasa hartu ezinda.
Sollerren bada tranbia itxurako tren historikoa, Mallorcaraino daramana. Soller eta Fornalutx turismo masifikatua iritsi aurreko herrixka ederrak dira
Sa Calobratik astindu are gogorragoa eman dakioke gorputzari Gorg Blau eta Cuber urtegietara igo eta Puig Major mendatera iritsita. Mallorcako mendate garaiena da, mendiaren bi isuriak lotzen dituen Monnaber tunela 870 metrora baitago. Bidean Mallorca uhartea ur gozoz hornitzen duten bi urmaelak ikusiko ditugu, eta Puig Major gailur dotorea, harro-harro. Zoritxarrez militarrek bereganatu zuten gailurra aspaldi, NATOren aginduz, eta bertara oinez edo bizikletan igotzeko baimena garaiz eskatu behar da Espainiako Armadan. Gu mendiari argazki pare bat aterata konformatu gara.
ERREPIDE TURISMOA
Autoa hartu eta Tramuntana mendikatea gertutik ezagutzea aukera gomendagarria da. Gorg Blau eta Cuber urtegietako urek elikatzen dute Mallorca osoa, atseden toki polita da. Azkar Fornallutx, Soller eta Port de Soller herrietara iritsiko gara, hirurak Penyal de Migdia arroka puskaren magalean. Sollerren bada tranbia itxurako tren historikoa, Mallorcaraino daramana. Soller eta Fornalutx turismo masifikatua iritsi aurreko herrixka ederrak dira. Port de Soller, aldiz, oso turistikoa.
Sa Calobrako errepide bihurgunetsua. (Getty Images)
Lur harritsua eta larre lehorrak Embassament de Cuber lakuaren ertzean, Puig Major tontorrik garaienaren aurrean. (Christoph HUBER | Getty Images)
Kostako bide sagatsuari jarraituz, hainbat herri ezagutuko ditugu. Deia, lehena, ametsetako herri txikia, itsasoa eta mendiaren artean. Puig des Teix mendia Mediterraneo itsasoraino iristen da bizpahiru kilometroan (1.062 metro), eta malkar horietan sortu eta garatu da Deia, bere kalexka eta etxe zaharrekin.
Komeni da pazientzia apur bat edukitzea leku hauek bisitatzeko, errepidea estua delako eta ehunka bihurgune daudelako. Batzuetan gora, besteetan behera, Valldemossa atzean utzi eta Banyalbufar eta Estellencs ezagutuko ditugu. Trafikoa nabarmen murrizten da errepide hauetan, Palmara joateko bidea oso nekosoa baita kostaldetik. Autoen trafikoa apaltzeak bizikletena handitzen du nabarmen.
20-25 kilometroko bide benetan ikusgarria da Port d’Andratx-eraino, bizpahiru mendate txikirekin, Puig de Galatzo harritzarra inguratuz. Galatzo Tramuntana mendikatean hegoen dagoen mila metrotik gorako gailurra da (1.027 metro), eta ez da gure begi bistatik desagertuko gauak egunari lekukoa hartu arte. Izan ere, hain da handia Galatzo, Andratx herritik ere handi, tente ikusten dela, eta Andratx Mallorca uharteko hego-mendebaldeko muturrean egonda ere. Andratx polita da, baina gertu daukan Port d’Andratx udako hondartza turismoaren atzaparretan jausitako herria da.
Puig Massanella eta Major. (FSCHUETZ | Getty Images)
Serra de Tramuntanako panoramika, Embassament de Cuber lehen planoan duela eta Puig Major mendia atzealdean. (Eik HENTSCHKE)
MENDI BUELTA EROSOA, AGUR ESATEKO
Hego-ipar, mendebalde-ekialde, uharte osoa eskura dauka bisitariak autoz 30-45 minutuko tartean, eta horrek Tramuntana mendikateko edozein gailur igotzeko aukera errazten du. Gehienak ez dira ez gailur erraz, ezta erosoak ere, malkartsu eta harritsuak baizik, eta mendiko oinetakoak erabiltzea komeni. Salbuespenak salbuespen. Alcudian bertan, Victoria ermita inguruan topatuko duguna, adibidez. Alcudiatik lauzpabost kilometrora dago, eta herri horretako albufera, badiaren ertzetik doa errepidea, txoko benetan ederrak erakutsiz.
Talaia d’Alcudia mendia dago ermitatik abiatu eta ordubetera, oinez. Bere txikian, 446 metro, igoera bihurria da, tentuz ibili beharrekoa zorua hezea bada, baina gailurrean sekulako bistak irabaziko ditugu Alcudia eta Pollensa arteko badiara, eta Tramuntana mendikateko gailur garaienetara. Tente, harro ikusten dira Puig Major eta Massanella, bi garaienak, 1.300 metroko harri puska itzelak. Itsasoa eta mendia. Mendia eta itsasoa. Uharte txiki batean. Paradisu handi batean.