Ura Iturralde

Qom, Ikasketa xiiten munduko erreferentzia

‘Irandar Vatikanoa’ esaten zaion hiri honetara heltzen diren turistek, meskita sakratuek duten edertasunaz gozatzeaz gain, xiismoa zer den eta Iranen erlijioak zer suposatzen duen ulertzeko aukera ere izango dute. Gutxi dira, ordea, bertara jakin-minez gerturatzen direnak, agian bete beharreko arauak herrialdeko gainerako hirietan baino zorrotzagoak direlako. Ibilbide turistikoetatik kanpo geratzen den arren, merezi du xiismoaren arloan munduko erreferentzia bilakatu den hirira, Qom-era, bidaiatzea, egun bakar batez bada ere.

Fatimaren mausoleoa. (Ura ITURRALDE)
Fatimaren mausoleoa. (Ura ITURRALDE)

Teheranetik 125 kilometrora kokatuta, Qom izen berbera daraman probintziako hiriburua da. 1963. urtean Khomeini aiatolak bultzatu zuen mugimenduari esker eta Irango Iraultzaren garaipenean izan zuen paper nabarmenagatik, ospetsu bilakatu zen aurretik aipatu ere egiten ez zen hiri hau.

Gaur egun dituen 85 meskitekin, erlijioari dagokionez, Ekialde Hurbileko hiririk garrantzitsuenetarikoa da eta Irango bigarren sakratuena, Maxhad lehenengoa izanik. Xiiten islamean gune santutzat dute, bertan, Fatima Masumeh-ren hilobia (Reza imamaren arreba) dagoelako. Hori dela eta, milaka dira urtean zehar otoitz egitera iristen diren erromesak.

Fatimaren mausoleoaren irteera. (Ura ITURRALDE)

Iraultzaz geroztik, kleriko populazioa 25.000koa izatetik 45.000koa izatera pasatu da. Xiismoaren arloan jarduten duten ikerketa-institutu eta liburutegiak, berriz, 250 inguru dira. Horrek guztiak turismoa izutzen du eta, horregatik, agentziek Iranen proposatzen duten ibilbidea ia beti antzekoa da. Teheran, Kaxan, Isfahan, Xiraz… hiri horiek dira atzerritar gehien erakartzen dituztenak.

Egia da Qomen sartzeko emakumeek janzkera aldatu behar izaten dutela, ez dagoela askatasun handirik eta ilea, lepoa, besoak… guztiz estalita eraman behar direla. Ez da erosoa, are gehiago udan bidaiatuz gero, baina meskitek duten ikusgarritasuna eta hiriak duen garrantzi eta pisu erlijiosoa kontuan izanda, beharbada bidaia-gidetan gehiago eta sakonago aipatu beharko lukete leku hau.

Fatimaren mausoleoaren barneko beste plaza bat. (Ura ITURRALDE)
Iman Khomeiniren irudia mausoleoaren inguruko eraikin batean. (Ura ITURRALDE)
ZER IKUSI

Teheranetik joanez gero, oso nabarmena da aldaketa. Minutu gutxi batzuk baino ez dira behar ohartzeko Qomen bete egiten direla derrigorrezko arauak. Emakumeek txador beltza janzten dutenez, aurpegia soilik eramaten dute agerian. Gune santuetara sartu ahal izateko emakumezkoak eta gizonezkoak banatu egiten dituzte, barnealdean guztiak batera egoteko aukera izan arren.

Emakumeen sarbidean, poltsak eta daramaten guztia arretaz behatzen diete eta, ondoren, txador bat uzten diete sartu ahal izateko. Pasaportea eramatea guztiz beharrezkoa da eta tabakoa edukitzea ez da batere gomendagarria. Iranen emakume erretzaileak ez daude ongi ikusiak, erretzea debekatua ez duten arren. 

Jakin behar da musulmanek soilik ikusi ahalko dutela Fatimaren mausoleoa; gainontzekoek ez dute hilerria ezagutzeko aukerarik izango 

Atzerritarrek egunez bakarrik bisitatu ahal izango dituzte leku sakratuak, bertakoentzat 24 orduz zabalik daudenak. Sarrerako kontrola igaro ondoren, bisitariak ingelesez dakien gida bat izango du bi orduz alboan, historia hobeto uler dezan. Era berean, jakin behar da musulmanek soilik ikusi ahalko dutela Fatimaren mausoleoa; gainontzekoek ez dute hilerria ezagutzeko aukerarik izango. Hala eta guztiz ere, eraikinen edertasuna eta sortzen den giroa hunkigarriak dira kanpotarrentzat.

Merkatu txiki bat hiriko erdigunean. (Ura ITURRALDE)
FATIMA MASUMEH-REN MAUSOLEOA

Fatima Masumeh zortzigarren imamaren, Reza izenekoaren, arreba zen. Khorasan hirira bidaiatzen ari zela, bere karabanari bortizki eraso eta hogei pertsona inguru erail zituzten; besteak beste, zenbait senide eta lagun. Fatima, berriz, une berean emakume sunita batek pozoitu ostean hil zen, Qomen bertan.

Mausoleoaren estiloa asko aldatu da urteetan zehar. Eraiki zutenean banbuz estalitako errezel bat besterik ez zen. Berrogeita hamar urte geroago, eraikin askoz ere iraunkorrago bategatik aldatu zuten.

Familia aberats askok eman zuten Fatimaren omenez dirulaguntza. Egun bilakatu den gune santu ikusgarria horiei zor zaie.

Jamkaran meskita. (Ura ITURRALDE)

Milaka eta milaka erromes iristen dira egunero, gaitzentzako sendabideak eta bekatuen barkamena lortzeko helburuarekin, batez ere. Batzuek orduak eta orduak igarotzen dituzte eskean; beste batzuek, egunak, zeruan onartuak izango diren esperantzarekin. Mirariak ere gertatu omen dira; hala diote, behintzat, hiriko biztanleek. Egiaztatu daitekeena da Qomeko ekonomia erromesei esker mantentzen dela, mausoleoan sartzea guztientzat doakoa den arren.

Eremuak –galeria, hiru patio eta beste hainbeste meskita nagusi– 38.000 metro karratuko azalera du. Erdialdean iturri elegante bat ikus daiteke eta kanpoaldean, berriz, opari denda xumeak. Hiletak ere ikus daitezke. Hildakoak kutxetan garraiatzen dituzte Fatimaren hilerrira gerturatu arte. Ezinbestekoa da errespetuz jokatzea eta argazki kamera beharrezkoa denean soilik erabiltzea, jendea aztoratu ez dadin.

ASHURA EGUNEAN

Ashuraren Eguna musulman xiitek ospatzen duten egun berezia da. Urtero, islamiar egutegiko Muharram hilabeteko 10. egunean izaten da festa. Hiri askotan ikus daitekeen arren, gune santuetan askoz ere bereziagoa izan ohi da, sarritan atzerritarrak larritzeraino. Nahiko krudela izan daiteke erlijioa hainbesteraino sentitzen ez dutenentzat. Husain imamaren martirioaren urteurrena omentzen dute.

Jamkaran meskitaren irudia. (Ura ITURRALDE)

Qomen Fatimaren mausoleoa hartzen duen Astane plazatik abiatzen dira prozesioak. Bertan elkartzen dira milaka fededun, beltzez jantzita, kandelak eskuetan dituztela. Danbor doinuak ere entzun daitezke, kantu triste batzuen erritmoa markatzen.

Urteak igaro ondoren, Jamkaran meskita famatua bilakatu zen, gehienbat gazteen artean. Gaur ere asko dira hurbiltzen direnak, eraikina ezin politagoa delako edo benetan fededunak direlako

Ospakizuna Fatimaren mausoleoan bertan amaitzen da eta gogoan izan behar da sartzeko emakumeek txadorra janztea ezinbestekoa dutela.

JAMKARAN MESKITA

Erdigunetik sei kilometrora dago Jamkaran meskita eta hori ere leku santutzat dute irandarrek. Historiak dioenaren arabera, Xeikh Hassan ibn Muthlih Jamkarani izeneko gizon batek topo egin zuen Muhammad al-Mahdi hamabigarren imamarekin eta Al-Khidr profetarekin. Haiek esan omen zioten Jamkarani bertan meskita eder bat eraikiko zutela, lurren nagusiaren baimenarekin.

Urteak igaro ondoren, Jamkaran meskita famatua bilakatu zen, gehienbat gazteen artean. Gaur ere asko dira hurbiltzen direnak, eraikina ezin politagoa delako edo benetan fededunak direlako. Meskitaren inguruetan ere giro paregabea izaten da: jendea lurrean eserita, solasean, familiak lasai bazkaltzen...

Esan beharra dago, tamalez, ezin direla kamerak sartu eta argazkiak mobilarekin soilik atera daitezkeela.

Fatimaren mausoleoa kanpokaldetik. (Ura ITURRALDE)
MARAXI NAJAF AIATOLA LIBURUTEGIA

Astane plazatik gertu, trafiko kaotikoaren erdian, azulejo urdin ederrez apainduriko Maraxi Aiatola liburutegia dago. Tamainaz txikia eta, era berean, historia handikoa; Irango liburutegirik garrantzitsuena da bere izaeragatik. Barrura sartu ezin den arren, alboko paretan duen Maraxi aiatolaren irudia ikustearren gerturatzea ez dago gaizki.

Astane plazatik gertu, trafiko kaotikoaren erdian, azulejo urdin ederrez apainduriko Maraxi Aiatola liburutegia dago. Tamainaz txikia, baina historia handikoa

Liburutegi ospetsu honen sortzailea Sayyid Xahab al-Din al-Hosseini Maraxi Najafi irakiar jakintsua izan zen, 1897an Irakeko Najaf hirian jaioa. Islamiar literaturan, poesian, filosofian eta teologian aditua, esaten da zuen diru guztia liburuak erosteko erabili zuela. 96 urterekin hil zen arren, irakasle izan zen ia azken unera arte. Horregatik, bizitza osoa islamiar ikasketen inguruan jarduteagatik, aiatola izendatu zuten.

Fatimaren mausoleoaren barruko plaza atsegina. (Ura ITURRALDE)

Liburutegia 1967an inauguratu zen, kultura islamikoaren ondare bibliografiko, kultural eta historikoaren zati bat kontserbatu eta babesteko, europarren esku baitzegoen garai hartan. Gaur egun, 70.000 liburu omen daude, guztira 2.500 metro karratu inguru hartzen dituzten bi eraikinetan banatuta. Aiatolaren seme Mahmood Najafi Maraxi doktorea da zuzendaria.

ASTANE PLAZA

Fatimaren mausoleoa ikusteko abiapuntu ezin hobea da Astane plaza. Hassan Imamaren meskita aldamenean badago ere, guneak berak ez du inolako berezitasunik. Aipagarriena da hantxe aurki daitezkeela hiriko jatetxe, opari denda eta hotelik txukun eta garestienak.