Ordaindu beharreko albiste batean sartu zara eta zure kontu pertsonaleko klik bat kontsumitu duzu.
Fernando Odriozola (F.O. eta Getty Images)
Mangystau, geologiaren mirari naturalak
Denboraren joanarekin, higadurak beste planeta bateko paisaiak zizelkatu ditu Kazakhstango Mangystau penintsulan. Duela milioka urte Tetis ozeanoak estaltzen zuen inguru hau altxor hutsa da geologia eta paleontologiaren zaleentzat . Kretazeo aroko kareharrizko formazio harrigarriak, geruza koloredunezko mendi eta arroilak, gatzaga eta klarion-aintzirak, beste garai bateko fosilak eta maskorrak... mirari geologikoak nonahi sakabanatuta daude Asiako estepa ezkutu honetan. Baita mirari izpiritualak ere.
Duela 145 milioi urtetik hona, naturak paisaia irrealak sortu ditu Eurasia kontinentearen bihotzean. Mangystauk klima lehorra dauka eta etengabeko haizeek eta aldizkako hauts-ekaitzek zizelkatu ohi dituzte bazterrak eta geologia bera
Kizilkup izeneko erosio eremu bitxiaren erdian gaude. Irudikatu tiramisu erraldoi baten gainean botatzen zaituztela bat-batean. Berrogeita hamar metro inguruko altuera baino ez duen jalkitze-arro zabal-zabal eta luze baten bihotzean gaude
Asia erdialdeko inperio handienetatik at geratu ohi zen Mangystau. Zetaren Bidearen adar ahantzi bat Kaspiar itsasoaren iparreko ertzetik desbideratzen zen eremu galdu hauetan. Eta islama zabaltzeko asmoz, bide horretatik abiatu ziren hainbat fededun musulman amaigabetasun honen isiltasunerantz. Sobietarren menpe emandako mende eta erdiak erlijioa bahetu bazuen ere, Kazakhstandik eta inguruko herrietatik etorrita, milaka erromesek urtero bisitatzen dute naturagune neurgaitz hau. Lurrazpiko meskita eta kanposantu sakratuak sortu zituzten santu mistiko zaharren oroimena gordez, zoroastrismo garaiko su berritzailearekin gorputzak eta arimak garbituz, eta lurrekoago diren eskakizunak lau haizeetara zabaltzen jarraituz gaur egun ere.
Duela 145 milioi urtetik hona naturak paisaia irrealak sortu ditu Eurasia kontinentearen bihotzean. Mangystauk klima lehorra dauka eta etengabeko haizeek eta aldizkako hauts-ekaitzek zizelkatu ohi dituzte bazterrak eta geologia bera. Aktau hirira hegan egin dugu. Kaspiar itsasoaren ekialdeko ertzean kokatutako sobietar kutsu handiko hiritik abiatuta, lur orotako ibilgailuetan bira osoa emango diogu penintsulari. Estepak bere berdetasuna eskaintzen digu apiril eta maiatz artean, eta pisten labirinto batean barrena abiatu gara ezerezerantz.
Jilxi arroila txuria. (Fernando Odriozola)
Sultan Epe meskitara heldu gara. Jakitunak ez dira ados jarri lekuaren sortze datarekin eta IX. eta XII. arteko mendeetan kokatzen dute basamortu-eliza honen sorrera. Hemendik gertuko Xakpak Ata meskitara ere iritsi gara. Beste hau X. eta XIII. mendeetako monumentu zoragarria da, kareharrizko muino batean eskuz zulatuta eraikitakoa. Behinola sufi maisuek beren erritu sakratuak, dantzak eta sendaketak egiten zituzten hemen. Horren izenak “suharrien aita” esan nahi du. Kondairak dio bertan bizi zen ermitauak bere azazkalekin sortzen zituela suaren txinpartak. Egia esan, inguruan silexa kiloka ageri da. Meskita hau altxor handi bilakatu da kazakhstandarrentzat, aura espiritual sakonak ingurumenaren bakean sentitzen baitira.
Kondairak dio bertan bizi zen ermitauak bere azazkalekin sortzen zituela suaren txinpartak. Egia esan, inguruan silexa kiloka ageri da. Meskita hau altxor handi bilakatu da kazakhstandarrentzat
Arratsaldean Torix izeneko bailara berdera heldu gara. Belar gainean sakabanatutako ehunka borobil handi agertzen zaizkigu, gure ikuspegian galduz. Metro bat eta hiru metro arteko diametroko harrien artean gabiltza. Gogortutako hareharrizko nodulu hauek Tetis ozeanoren hondoan sortu ziren duela milioika urte. Hainbat mineral objektu baten inguruan geruzaz geruza metatuz sortu ziren, denboraren poderioz fosildu arte. Eta ingurua uniformea zenez, esfera forma hori hartu zuten. Tetis ozeano haren hondoa altxatu zenean, ura urrundu eta agerian geratu ziren baloi erraldoi hauek. Munduan badira antzeko esferak dituzten lekuak, baina beste inon baino askoz gehiago daude Mangystaun.
Bozzhirako irudia, goitik ikusita. (Getty Images)
Bidaiari batzuek esaten dute planetan ez dagoela tresnarik aurrean duten natura eta geologia eroa klik batean harrapatzeko gai denik. (Fernando Odriozola)
Kaguioz-eko kanpalekuko yurtetan, mogolen garaiko etxe nomada tradizionaletan, ostatu hartuko dugu hurrengo bi gauetan. Afaltzeko, Oliver entsaladatxoa –Europara entsaladilla errusiar izenpean iritsi zitzaiguna–, zopa eta beshbarmark, haragia eta pasta nahasten dituen plater nazionala, eskaini dizkigu familia kazakhstandarrak. Gozoki eta pastak beti mahai gainean izango ditugu jatordu bakoitzean, goizez, eguerdiz eta gauez.
Jilxi arroilara iritsi gara. Elurra baino zuriagoak diren eta estutzen doazen igeltsu zuriko bi alboetako paretetan maskorrak, marrazo zaharren hortzak eta bestelako fosilak dakuskigu
Biharamuna inguruetako mendi eta arroilen artean emango dugu, geologiaren bitxikeria gehiago bisitatzen: Airakti izeneko “gazteluetako” bailarak sedimentuen kolore ezberdinak erakusten dizkigu bere dorreetan. Ordu laurdenez autoz ibilita Xumani mendira helduko gara. Errusiako tsarren gobernuak Taras Xevtxenko olerkari ukrainarra Mangystaura erbesteratu zuen XIX. mendearen erdialdean. Debekatua bazuen ere, margolari lanari eutsi zion, bere koadernoetan hemengo natura islatu nahian. Geologia aldetik denbora gutxi igaro da ordutik eta lapitzez eginiko marrazki haiek aurrez aurre ditugu orain. Tulipa sogdiarra loratzen ari da egunotan. Atzean, mendiaren letagin zorrotzak daude, zerura zuzenduta.
Torix izeneko bailarako harri borobilak. (Fernando Odriozola)
JILXI ARROILA
Gaur goizean, lore morez tindatutako zelaia zeharkatu ondoren, gamelu eta zaldi batzuk azaldu dira. Gamelu eme bat erditzen ari da oraintxe bertan, eta bakean utzi ditugu ama eta jaioberria. Jilxi arroilara iritsi gara. Antzinako ibaiak sortutako hausturan sartu gara eta, zerua lainotuta dagoen arren, eguzkitako betaurrekoak ezinbestekoak dira. Elurra baino zuriagoak diren eta estutzen doazen igeltsu zuriko bi alboetako paretetan maskorrak, marrazo zaharren hortzak eta bestelako fosilak dakuskigu, baita bizirik dauden bi sugegorri txiki ere. Paisaiak estralurtarra dirudi. Argazki kamerari atsedenik ez.
Arratsaldean Kizinkalara edo Hiri Gorrira joan gara, bertan Zetaren Ibilbideko karabansarai edo atsedenleku handi baten azken aztarnak baitaude. Hortik Kokala arroila txikiko harri formaziora joan gara. Grisa, berdea, marroia, gorria, zuria eta beltza... ostadar minerala ikusgarria da. Dinosauroen garaiko ikatz fosilen artean 200.000 urteko iratze eta antzinako beste landare-fosil batzuk topatuko ditugu harri ilunetan grabatuta, alai. Eguna bukatzeko, Xerkala izeneko mendi isolatuari buelta emango diogu oinez. Antzinako karabanetako salerosleek basamortuko itsasargi gisa hartzen zuten persieraz “Lehoiaren mendia” esan nahi duena. Kazakhstandarrek, berriz, buruz behera geratu den haien yurta nazionalaren itxura hartzen diote.
Tuzbair laku gaziak egundoko kretazko arrailak, mamu itxurak eta kolore harrigarriak erakusten dizkio bisitariari. (Fernando Odriozola)
TUZBAIR LAKU GAZIA
Bidaiak ez du etenik eta ustekabeek ere ez. Tuzbair laku gazira heldu gara. Baina zer planetatan gaude orain? Gauden talaiatik 15x4 kilometro karratuko aintzira zabaltzen zaigu begien aurrean, oinpean. 60 metroko altueratik padurek sortu zituzten sakonuneak barreiatzen dira urrutian. Labar zuri nuklearren azpian mineralen kolore laranjek eta marroiek lakuaren ertzak tindatzen dituzte.
Oinez jaitsiko gara hondora, glaziar batean ibiliko bagina bezala, kretazko arrailak eta zuloak saihestuz eta altuera galduz era berean. Arratsalde osoa emango dugu paseatzen, laku-labarren mamu itxurak eta koloreak miresten; arku erraldoi batera heldu gara, gatzagako uretan botak sartu ditugu... Ilunabarrak gorriz eta morez tindatu du zerua, hodeiekin jolas harrigarri batean. Gauean, berriz, izar itsasoa zabaldu da gure buruen gainean.
Bozzhirako beste ikuspegi bat. (Bondar Evgeniy | Getty Images)
Eskualde hau zipriztintzen duen izpiritualtasunaz ohartzen hasiak gara dagoeneko. Estepa berdea berriro ageri zaigu aurrez aurre. Zaldi basatiek lauhazka bizian aurreratu gaituzte, eta beranduago hiru antilopek ihes egin dute agudo. Ustiurt goi-ordokiko behatokira eta Betek Ata meskitara iritsi gara. Aparkalekuan autobusak daude erromesekin. Ia bi kilometroko jaitsieran hainbat aldiz “kal-boz” agurra trukatzen dugu bertakoekin. Erromesek ur sendagarriz betetzen dituzte botilak bide erdian dagoen iturrian.
Beherago, betiereko suan garbitzen dute arima eta, behin lur azpiko meskita txikira helduta, oinetakoak kendu eta mullaren onarpenaren zain gaude barrura pasatzeko, betiere eskuineko oinarekin lehenengo eta ateburuan inola ere gelditu gabe. Eskuineko areto txikian erlijiosoak ongi etorria ematen digu eta otoi egin du gugatik. Gelako sabaian akerren adarrak dituzte eskegita, islama eta sineskeria eta tradizio zaharrak elkarrekin. Ezkerreko aretoan, beste meskitan bezala, egurrezko zutabe baten inguruan erlojuaren kontrako norabidean buelta bat, hiru edo bost eman ditugu gure desioak bete daitezen.
Lur-azpiko Xopan Ata meskitaren aurrean eromesak. (Fernando Odriozola)
IA AIREAN
Arratsaldean Bozzhira bailararantz goaz ibilgailuz. Ustiurt goi-lautadako beste paisaia ikusgarri batzuk ageri zaizkigu. Bertigo handia eragiten duten labarretatik behean dugun ikuskizuna paregabea da, sentitzen dugun zorabioaren antzekoa. Aho bete hortz geratu gara hirugarren eta azken begiralekura hurbildu garenean: Itsasontziak deitutakoen aurrean gaude, ia airean. Profil perfektu bat osatuz hainbat tontor daude jarraian lerrokaturik, itsasontzi erraldoi baten belak diruditenak. Unibertsoaren isiltasuna ere entzuten da.
Mangystauko meka geologikoan gaude. Mesozoiko aroan bailara amaigabe hau guztia Tetis ozeanoak estaltzen zuen. Historia luzeko erosioaren ondorioz formazio geologiko harrigarria sortu da: 200 metrotik gorako mendixken eta labarren artean basamortu buztintsuak, kareharrizko mendi zuri eta isolatuak eta gatzagak ikusten dira. Hiazinto bioletaz beteriko zelai more bat zeharkatuz glaziar-zirku batean kanpatu dugu, haizearen babesean. Eta arrastiriak bere azken argi laranja eta arrosak oparitzen dizkigu.
Historia luzeko erosioaren ondorioz formazio geologiko harrigarria sortu da. (Fernando Odriozola)
Gosariari kasu handirik egin gabe bi letaginetara hurbildu gara oinez. Egunsentiko argiekin beste perspektiba bat hartu diegu ezin zuriago diren 200 metroko bi tontor hauei. Gure autoak datozkigu bila, atzoko itsasontzietara eraman gaitzaten. Han luze ibiliko gara bi “barkuei” bira osoa ematen, klarion gainean ibiltzen, eguzkitako betaurrekoekin itsutasuna saihestuz. Itsas trikuharriak, maskorrak... nonahi daude lurrean barreiatuta.
Azken begiratokian gaude. Bozzyra bailara osoa menperatzen dugu bertatik. Kontu handiz hurbildu gara amildegiaren ertzera. Argazki kamerak eta telefonoak gorde ditugu. Planetan ez da tresnarik, aurrean dugun natura eta geologia eroa klik batean harrapatzeko gai denik
Bart gaueko gure lotarako lekuaren atzealdeko zirkuaren goialdera igo gara orain, autoz, han behatokiz behatoki gozatzeko. Gero eta ikusgarriagoak dira ikuspegiak; ezin hobea dela uste duguna hurrengoak gainditzen du. “Hitzik ez” esatera iristeraino. Azken begiratokian gaude. Bozzyra bailara osoa menperatzen dugu bertatik. Kontu handiz hurbildu gara amildegiaren ertzera. Argazki kamerak eta telefonoak gorde ditugu. Planetan ez da tresnarik, aurrean dugun natura eta geologia eroa klik batean harrapatzeko gai denik. Gu geu ere ez gara gauza edertasun estralurtar hau guztia geureganatzeko.
Betekada izugarriarekin jaitsi gara autoetara eta ia hitzik gabe berrekin diogu bideari. Bidaiaren azken kanpalekuan hamaiketakoa hartuko dugu eta berehala abiatuko gara Bokti mendi isolatura. Kazakhstango monumentu naturala izendatuta dago eta bere geruza horizontaletan beste ortzadar geologiko bat azaltzen zaigu: kretaren zuritasuna gailentzen da sedimentu gorri, marroi, kafe-kolore, beltz eta berdeen artean. Nahasketa egundokoa da. Margolaria zeharo erotu zen.
Bokti mendi isolatua monumentu nazionala izendatua izan da. (Fernando Odriozola)
Behatoki bat airean. (Fernando Odriozola)
KIZILKUP
Gatzaga lauaren gainean ibilgailuek azkar ekarri gaituzte kanpalekurantz. Kizilkup izeneko erosio gune bitxiaren erdian gaude. Irudikatu tiramisu erraldoi baten gainean botatzen zaituztela bat-batean. 50 metro inguruko altuera baino ez duen jalkitze-arro zabal-zabal eta luze baten bihotzean gaude.
Erditik antzinako ur korronte batek ferra itxurako arroila bihurgunetsu zein estu bat higatu zuen naturan eta airean utzi zuen; goitik behera, geruzaz geruza, marraz marra, postre italiarraren kolore paleta osoa: zuria, horia, gorri iluna, horia, zuri gardena, laranja, hori argia, marroi argia, arrosa, gorri iluna... zoru buztintsu baten gainean, txokolatearen antzera. A zer nolako eromena hau guztia! Bizkarreko kareharrizko meseta zurian zehar itzuli gara gure lotarako lekura.
Biharamunean Xopan Ata gune erlijiosora iritsi gara autoz. Berriro ere erromes kazakhstandarrak topatu ditugu, adin guztietakoak. Hilobi eta mausoleoen artean lurrazpiko meskita txikira iritsi gara. Sartzeko giza tropel handia dago. Bertakoak oso abegikor azaldu zaizkigu eta gure txandan nazionalak zein atzerritarrok denok batera sartu gara barrura. Emakumeak eskuinaldean esertzen dira eta gizonak, ezkerraldean. Eta bertan, sabaiaren argi-zulo bakarretik sartzen den eguzki-izpiaren gozoan, hemengo kondaira entzuteari ekin diogu. Ateratzerakoan kazakhstandarrez inguratuta gaude, denak irribarretsu guri begira, argazkiak ateratzen eta opari gisa guri lepoan zapi luzeak jartzen.