Ordaindu beharreko albiste batean sartu zara eta zure kontu pertsonaleko klik bat kontsumitu duzu.
Pello Guerra (FOKU eta Getty Images)
Nafarroako gazteluak, harriaren eta ezpataren garaiko ibilbidea
Harriaren eta ezpataren garaira egindako bidaiaren kronika da hau. Nafarroako gazteluak lotzen dituen ibilbideari jarraituko diogu, baina, horretarako, mutur batetik bestera zeharkatu beharko dugu herrialdea, iparretik hegora eta ekialdetik mendebaldera; izan ere, Nafarroan zehar erresuma babestu zuten gotorleku sendoak eta azkenean gerrak hondakin bihurtutako eraikinen arrastoak toki askotan azaleratzen dira.
Erdi Aroko gotorleku harresitu zaharra, Arradako muino baten gainean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)
Datozen urteetan, indusketetan diharduten arkeologoak etapa berriak gehitzen joango dira harria eta ezpata ardatz dituen bidaia honetan, mendeetan zehar erresuma defendatu zuten gotorlekuetako batzuen hondar berriak azaleratzeko
1512ko espainiar konkistaren ondoren eraikitako Zitadela izan ezik, Iruñean jada ez dago ikus daitekeen gaztelurik, nahiz eta bere plazarik ezagunenak haietako baten izena jaso zuen; hain zuzen, Luis Hutin erregeak XIV. mendean eraikitakoarena. Alabaina, hiriburuaren inguruan posible da hura babestu zuten bi gotorlekuren hondakinak bisitatzea. Irulegi da horietako bat. Aranguren ibarreko Lakidain herritik hel daiteke, Iruñeko ikuspegi ikusgarriak eskaintzen dituen muino batera daraman pista batetik. Han, Aranzadi Zientzia Elkarteak egindako kanpainei esker, Nafarroako gaztelu zaharrenetako baten aztarnak daude ikusgai.
Gazteluari buruzko erreferentziak daude X. mendetik, Al Andalusko Abd ar Rahman III.a kalifak eraso egin zionetik. XV. mendean Leringo kondearena zen, baina Joan Albretekoa eta Katalina Foixkoa errege-erreginek kondea garaitu zutenean, eraikina eraisteko agindu zuten. 1494ko abendua zen.
Iruñeko Zitadela, 1512ko espainiar konkistaren ondoren eraikitakoa. (Svetlana Day | Getty Images)
KONKISTAREN «BIKTIMAK»
Iñaki Sagredo adituak 2010az geroztik zuzendutako hainbat kanpaina arkeologikori esker, Iruñerriko beste gaztelu baten, Garañokoaren, hondakinak ere erreskatatu dira. Kono formako muino batean dago, Ollaran herrian, Egillor, Anotz eta Saldise artean. Horietako edozeinetatik igo daiteke muinora ordu erdiko paseoan, PR NA-170 ibilbidearen balizajeari jarraituz eta lepo txiki batean seinaleztatu den desbideratzea hartuz.
Vianan oso interesgarria da harresiz inguratutako esparruaren hondakinak bisitatzea, mugako kokalekuagatik bereziki garrantzitsua baitzen. Zutik diraute, osorik ez bada ere, San Pedro dorreak, La Solana, Santa Maria eta San Felices atariek, bai eta San Migel eta Trinitate atariek ere, geroagokoak direnak
Musulmanek Sajrat Quais deitzen zioten gotorleku mitikoa izan zitekeen, 924an Abd ar Rahman III.ak eraso egin zuena, Irulegiri gertatu zitzaion bezala. 1276. urtean, berriro setioa jasan zuen, Frantziako erregearen tropen eskutik Nabarreriako Gerran. Eta XVI. mendean, espainiar tropek Nafarroa konkistatu zutenean, erasoa gertatu eta ondoren eraitsitako lehen gazteluetakoa izan zen.
Bide horretan iparralderantz segituz gero, XVI. mendeko espainiar konkistaren beste biktimarekin egingo dugu topo, Amaiurko gazteluarekin. Baztan ibarrean kokatua, kasu honetan ere, Aranzadi Zientzia Elkarteak egindako arkeologia kanpainei esker azaleratu dira haren hondakinak lur azpitik.
Amaiurko gazteluan bisita daitezkeen aztarnak 1522. urteko suntsipenetik iraun zutenak dira. (Andoni Canellada | FOKU)
Gaur egun bisita daitezkeen aztarnak 1522. urteko suntsipenetik iraun zutenak dira. Jaime Velaz de Medranok zuzendutako 300 nafar gotorleku horretan giltzapetu ziren, Nafarroako errege legitimoen banderapean, hau da, Albret etxekoen entseinapean. Erresistentzia heroiko hark sinbolo bihurtu zuen harri gorrizko gaztelua, gotorlekuko dorre nagusia zegoen lekuan dagoen monolitoak egun gogorarazten duen bezala.
Gertuko museoak bere historia jasotzen du, eta aurkitutako arma hondarrak ikusgai daude, Karlos V.aren tropek duela ia 500 urte egindako setioaren gordintasuna agerian uzten dutenak.
Nafarroako iparraldean bertan, Amaiurretik kilometro batzuetara, bisita merezi du Donamariako dorreak. Doneztebetik eta Bertizko jaurerritik gertu, XV. mendeko dorretxe ikusgarria da. Harriz eraikitako bi solairu ditu, eta beste bi, goikoak, egurrezkoak. Barrualdean, zaharberritze prozesuari eta egitura mota horien iraganari buruzko erakusketa ikus daiteke.
Uxue, eliza-gotorleku ikusgarri batek koroatzen duen herria. (Iñigo Uriz | FOKU)
LIZARRA: GELDIALDI BAT BIDEAN
Behin Iruñera itzulita, hiru bide ezberdinek, puntu kardinalei jarraituz, erresuma zaharraren harrizko iragana ezagutzeko aukera emango digute. Aukera mendebaldekoa bada, ezin da Lizarra baztertu. Nafarroako hiririk garrantzitsuenetako bat izaki, hiru gaztelu izan zituen: Zalatambor, Gaztelu Nagusia eta Belmerches gaztelua.
Lehenengo biak San Pedro elizaren gainetik irteten den haitzean zeuden, errepidearen egungo tunelak zeharkatzen duen horretan. Gurutzeko haitzera igotzen denak gozatu egingo du Lizarra gaineko panoramika zoragarriarekin eta arkeologia kanpainek bistaratutako hondarrekin.
Bi gotorlekuak babestuta eta lotuta zeuden, dirudienez, XI. mendean edo lehenago eraikitako harresi baten bidez, 1575ean eraitsi zutena.
Martzillako gaztelua, zaharberritu ondoren, herriko Udalaren egoitza bihurtu dena. (Jagoba Manterola | FOKU)
Lizarra atzean utzi eta Logroñora daraman autobidea hartuta, Deio edo Monjardin herrira iritsiko gara. Gazteluak mendi gainetik zaintzen du herria. Herritik gotorlekura aise joan daiteke pista eroso eta politaren bidez. Gailurrean Banu Qasitarren gaztelu musulmana izan zena topatuko dugu. Zenbait mendez Erribera menderatu zuen baskoi jatorriko familia zen.
Iruñeko koroarekin lotura horiek izan arren, Ximenotar dinastiako lehen errege Antso Gartzes I.ak 908an konkistatu zuen gaztelua. Erregea 925. urtean hil zen, zalditik erorita, eta gotorlekuan lurperatu zuten.
Gazteluak oinplano irregularra, muturrean dorrea eta horma sendoak ditu. Barrualdean, Santa Krutz kapera eta ur kantitate handia gordetzeko gangadun uraska bat daude.
Ibilbidea osatzeko, mendebaldeko ibilbidetik abia gaitezke Vianara iritsi arte. Bertan, oso interesgarria da harresiz inguratutako esparruaren hondakinak bisitatzea, mugako kokalekuagatik bereziki garrantzitsua baitzen. Zutik diraute, osorik ez bada ere, San Pedro dorreak, La Solana, Santa Maria eta San Felices atariek, bai eta San Migel eta Trinitate atariek ere, geroagokoak direnak.
XVI. mendeko dorre gotortu eraberritua Olkotzen. (Iñigo Uriz | FOKU)
AZPILKUETATARRAK, MONREALEN ETA XABIERREN
Iruñetik mendebaldeko bidea hartuta zenbait leku interesgarri bisitatu ditugu, baina ekialdekoak ere baditu bere sekretuak. Hiriburutik Jakara doan autobidean aurrera eginda, Elo herrira iritsiko gara. Bertan, gaztelu bat zegoen.
Beste behin ere, Iñaki Sagredo bezalako adituen arkeologia kanpainei esker, gotorlekuaren hondakinak berreskuratu dira. Egun, paseo erraz baten bidez iritsiko gara bertara.
Jatorriz XII. mendekoa izan arren –zaharragoa ere izan daiteke–, gotorleku hori errege egoitza izan zen. Errege askok erabili zuten. Inbasio edo arrisku egoeretan, Elortzibarko, Ibargoitiko eta Untzitiko bizilagunen babesleku izan zen Monrealgo gaztelua, 1379. urtetik aurrera kanoiak baitzituen.
Monjardingo gaztelua, mendi gainean. (Raul Bogajo | FOKU)
Baina dena erabat aldatu zen Gaztelako tropek 1512ko konkista gauzatu ondoren. Bederatzi urte geroago, Karlos V.a Espainiako erregeak gazteluaren suntsiketa agindu zuen, Nafarroako Erresumako beste askotan bezala, garnizioak mantentzea ezinezkoa zelako.
XV. mendean, Monreal gazteluaren alkaide Martin Azpilkuetak harreman estua izan zuen ekialderako ibilbidean agertzen den beste gotorleku batekin: Xabierko gaztelua, Jatsu-Azpilkuetatarren etxea, San Frantziskoren familiarena.
Martin Azpilkuetak, santuaren aitonak, gotorlekuaren ardura hartu zuen Joana Sadarekin ezkondu ondoren eta Joan II.ak Artieda beaumontarrei kendu ostean, azken horren eta bere seme eta legezko errege Vianako printze Karlosen arteko gerraren garaian.
Martinen alaba zaharrena, Maria, Joanes Jatsurekin ezkondu zen, Errege Kontseiluko presidente izan baitzen Joan Albretekoaren eta Katalina Foixkoaren erreinaldian. Azken horiei Fernando Katolikoak Nafarroa konkistatu zien 1512an. Joanes Jatsuren seme zaharrenak –Miguel Xabierrekoa eta Joanes Azpilkueta– Nafarroako errege legitimoen alde borrokatu ziren urteetan zehar Espainiaren konkistaren aurka, eta, horren ondorioz, Cisneros kardinalaren aginduz gaztelua suntsituta geratu zen 1516an.
Horrenbestez, X. mendeko San Migel dorrearen inguruan handituz joandako gotorlekuaren defentsen zati handi bat desagertu egin zen. Eta, Espainiako pikotxak bertatik igaro ondoren, proportzio izugarriko etxetzar bihurtu zen, harik eta XIX. mendean zaharberritu zen arte. Dena dela, jauregiaren eremu bat galdu egin zen, non egungo basilika eraiki zen.
Zangozatik, NA-132 errepidea hartu eta ordu erdi batean Uxuera irits daiteke, eliza-gotorleku ikusgarri batek koroatzen duen herrira. Aritza dinastian du jatorria, VIII. mendearen amaieran eta IX. mendearen hasieran
Xabierretik hurbil, Zangoza dago, antzinako harresi esparruaren zati bat kontserbatzen duena, hala nola Teilatuko ataria. Vianako Printzearen jauregiak ere merezi du bisita. Haren atzeko fatxadak bi almena dorre ditu. Konkistan kaltetua, 1949an zaharberritu zuten eta 1965ean indusketa batek antzinako lubakia eta ezponda berreskuratu zituen.
Jatorriz XI. mendekoa, XIII. mendean ekialdeko dorrea errege egoitza bihurtzeko egokitu zen, eta XIV. mendearen hasieran beste jauregi batekin osatu zen –aurrekoaren antzekoa–, Rua nagusirantz eraikia, arma plaza itxiz. Bertan, Erresumako gorteen bilkura ugari egin ziren, eta asko izan ziren harresien artean denbora luzeak igaro zituzten errege nafarrak.
Zangozatik, NA-132 errepidea hartu eta ordu erdi batean Uxuera irits daiteke, eliza-gotorleku ikusgarri batek koroatzen duen herrira. Aritza dinastian du jatorria, VIII. mendearen amaieran eta IX. mendearen hasieran.
Karlos II.ak oso gogoko zuen santutegi hau; eta, hain zuzen, egun, oraindik, bere bihotz baltsamatua gordetzen da bertan. Erregeak agindu zuen eliza inguratzen duten erronda pasabideak eta almenadun dorreak eraikitzea. Hiru abside erromaniko eta Nafarroako portada gotiko aberatsenetako bat ditu.
Tibalt erregeak XIII. mendean eraikiarazi zuen jauregiaren hondakinak, Tebasen. (Jagoba Manterola | FOKU)
HEGOALDERANTZ
Hegoalderantz jotzea besterik ez da falta Nafarroako gazteluen ibilbidea osatzeko. Iruñetik abiatuta, hamalau kilometrora, Tebas dago. Han, Tibalt erregeak XIII. mendean eraikiarazi zuen jauregiaren hondakinak daude. Errege egoitza, artxiboa, Kontuen Ganberaren egoitza eta espetxea ere izan zen.
XIX. mendearen hasieran, oraindik kontserbatzen den plano zahar baten arabera, gaztelua ia osorik mantentzen zen. Alabaina, Napoleonen aurkako borrokan, Espoz Minak zati bat suntsitu zuen. Harrezkero, hondatuta geratu zen, baina hainbat paretak eta upeltegik zutik diraute. Gainera, berriki egindako indusketa arkeologikoetan egitura berriak aurkitu dituzte (gaztelurako sarbideak, sukaldeak, kapera...), baita Erdi Aroko azken mendeetan zituen baldosa apainduak ere.
Iruñetik abiatuta, hamalau kilometrora, Tebas dago. Han, Tibalt erregeak XIII. mendean eraikiarazi zuen jauregiaren hondakinak daude
AP-15 autobidetik jarraituz, hamar kilometro eskasera Olkotz dago, non XVI. mendeko dorre gotortu eraberritu bat altxatzen den.
Hurrengo geltokia Erriberriko jauregia da, XIV. mendean Karlos III.a Noblearen aginduz eraikitako luxuzko errege egoitza. Horretarako, Tibaltek eraikitako jauregia handitu zuen. Ia 20 metroko altuerako lorategi zintzilikatuak zituen, baita zoologiko bat ere, jirafa, lehoi eta bufaloekin. Bere garaian, Europako jauregi ederrenetakotzat hartu zen.
1512ko konkistaren ondoren, hondatzen joan zen, Tebasen kasuan bezala, 1813an Espoz Mina gerrillariak sua eman zion arte, Napoleonen tropek erabil ez zezaten. Egungo egoera Nafarroako Foru Aldundiak joan den mendeko 20ko hamarkadan egindako zaharberritzearen emaitza da.
MARTZILLARA
Hegoalderanzko bidean, AP-15tik Martzillara helduko gara. Erdi-erdian, harro-harro, duela 600 urte Peralta klanak eraikitako harrizko eta adreiluzko gaztelu handia agertzen da, Ana de Velascok defendatu zuena 1516an Cisneros kardinalak suntsitzea agindu zuenean.
Zaharberritu ondoren, gaur egun herriko udaletxea da eta bertan liburutegi publikoa, musika eskola eta ekitaldi areto bat daude.
Arrada herriak Erdi Aroko gotorleku harresitu zaharra du muino baten gainean. Jatorriz X. mendekoa, XII. eta XIV. mende artean bizi izan zuen unerik distiratsuena. 1455ean suntsitu zuten, gerra zibilean, beaumontarren alderdikoa zelako
Hurrengo eskala Arrada despopulatua da. Zarrakaztelutik gertu dago. Erdi Aroko gotorleku harresitu zaharra du muino baten gainean. Jatorriz X. mendekoa, XII. eta XIV. mende artean bizi izan zuen unerik distiratsuena. 1455ean suntsitu zuten, gerra zibilean, beaumontarren alderdikoa zelako. Joan II.ak San Nikolasi eskainitako eliza erromanikoa soilik errespetatu zuen. Oraindik existitzen da.
8.300 metro karratuko azaleran, garai hartako etxebizitzen hondarrak ageri dira sakabanatuta. 400 metroko hedadura duen harresidun perimetroa du oraindik ere.
Xabierko gaztelua. (Iñigo Uriz | FOKU)
SANTAKARAKO DORREA
Herrixkatik hamar kilometrora, pareta handi bat dago, Santakarako dorrearen zutik dirauen aztarna bakarra, XIII. mendean herria defendatzen zuen gazteluaren azken hondarra. Espainiaren konkistaren ondoren eraitsi zuten, XVI. mendean.
Ia hogeita hamar metroko altuera duen harrizko horma da, piramide formako almenak dituena. Solairu bakoitzak zortzi metroko altuera zuen. Harridura sortzen du oraindik zutik irauteak, egituraren erdia baino gutxiago geratzen denean.
Cortesko herrigunean XII. mendeko gaztelu sendoa altxatzen da, Erresumako gotorleku nagusietako bat eta zenbait errege nafarren bizileku izan zena. XIX. mendean handitu eta zaharberritu egin zuten
AP-15 errepidera itzuli eta Tutera eta Cortes dira azken geltokiak. Erriberako hiriburuan gailentzen den muinoan hiria babestu zuen gazteluaren hondakinak daude ikusgai. Jatorrian musulmanek eraiki zuten eta errege egoitza bihurtu zen.
Horrenbestez, ibilbidea amaitzen da, non eta Nafarroako hegoaldeko muturrean, Cortesen. Herrigunean XII. mendeko gaztelu sendoa altxatzen da, Erresumako gotorleku nagusietako bat eta zenbait errege nafarren bizileku izan zena. XIX. mendean handitu eta zaharberritu egin zuten.
Mendeetan zehar erresuma defendatu zuten gotorlekuetako batzuk dira erreportajean aipatutakoak, arkeologoen lanari esker aztarna berriak erakusten ari direnak. Izan ere, datozen urteetan, indusketetan dihardutenak etapa berriak gehitzen joango dira harria eta ezpata ardatz dituen bidaia honetan.