«Simplicissimus», umorearen marra gorriaz gogoeta garaikidea
XX. mendeko gerrarteko garaian, Alemaniako giro itogarriari umorez aurre egiten ahalegindu ziren Fritz Grunbaum, Kurt Gerron eta Werner Fink komiko alemaniarrak, umoreak zauriak senda zitzakeelako ustean zenbaitetan eta naziek bortxaz aginduta nahi baino gehiagotan. Umoreaz gogoeta egiteko oholtzaratu ditu berriro Tartean-ek, «Simplicissimus» obran.

Bi umore mota daudela babesten du Patxo Telleriak: bata duina eta bestea zitala. Lehena «indartsuaren kontra» egiteko baliagarri den umore mota litzateke, boterea erridikulizatuz hura iraultzea xede lukeena, eta bigarrena «koldarren umorea», ustez ahula den horren kontura barre egiten duena. «Guk formatu biak ezagutzen ditugu, hainbat aldiz ikusi dugu boterearen edo indartsuaren kontura barre egitera ausartzen direnek larrutik ordaindu behar izan dutela, eta ahularen kontra barre egin izan den kasu asko ere ezagutzen ditugu». Umorearen marra gorria, egotekotan, bigarrenerako jauzi horretan dago Telleriarentzat: «Nik muga jartzekotan hor jarriko nuke, ahularen kontura barre egiten duen horretan». Umore homofobo edota arrazista jarri ditu «baztertu beharrekoen» atalean, eta gainerakoak bere onarpena luketenen artean, «azken finean errealitateak erakusten digulako muga gaindiezintzat har genitzakeenek ez dutela horrenbesteko inportantziarik».
Umorearen gaineko gogoeta honetatik abiatzen da “Simplicissimus”, Tartean konpainiak datorren asteartean Bilboko Arriaga antzokian estreinatuko duen kabaret ikuskizuna.
Obrak XX. mendeko gerrarteko garaiko Alemaniara garamatza eta bertako umore zirkuituan aritzen ziren hiru komikoren biografiak ditu ardatz: Fritz Grunbaum, Kurt Gerron eta Werner Fink. Lehena Berlingo kabaret giroko komikorik entzutetsuena izan zen eta Hitlerren kontrako kritikak egiteagatik atxilo hartu eta SSen aurrean antzeztera derrigortua izan zen; ez bazuten barrerik egiten, zigortu egiten zuten. Gerronek ere atzetik jarraika izan zituen naziak eta Holandan erbesteratua zela atzeman zuten; “Fhurer-ek hiri bat oparitu die juduei” propaganda filma errodatzera derrigortu ostean Auschwitzera deportatu eta bertan hil zuten. Finkek ere kritika ausartak egin zizkion nazien sistema politikoari baina, kasu honetan, «lerro arteko umorea» baliatu eta bizirautea lortu zuen. Bertolt Brechtek “Eulenspiegel bizirik irten da gerratik” poema eskaini zion, 1947an.
Azken honek, nazien atzaparretatik bizirik irten zen bakarrak, gidatuko du ikuslea “Simplicissimus” obran zehar. Patxo Telleriak, Jokin Oregirekin batera obraren gidoilari eta zuzendari denak, hezurmamituko du Fink, horrorearen erdian komedia egiten jarraitu zutenen ordezkari: «Kontzentrazio esparruetan izan ziren komedia eta kabareta egiten jarraitu zuten zenbait komiko, eta istorio horiek kontatu nahi genituen; alde batetik, garai gordin horiek errepikatu egin ohi direla gogorarazteko eta, bestetik, umorea eta adierazpen askatasuna beti pixka bat kolokan daudela nabarmentzeko. Baina hori guztia kontatu nahi izan dugu kabaret baten bidez, umore eta musika askorekin», azaldu du. Ez pentsa, baina, ikuslea antzezlan dokumental edo historiko baten aurrean jarriko dutenik Tartean konpainiakoek. Ez da hori beraien asmoa. «Guk pertsonaia hauek hautatu eta gure erara moldatu ditugu, nahiz eta haien biografiako pasarte esanguratsu batzuk gorde ditugun horiek kontatzea interesgarria dela iruditu zaigulako. Baina ez dugu hiru hauen bizitza kontatzen, hori baino inportanteagoa iruditzen zaigu pertsonaia horiek irudikatzen dutena», azaldu du Telleriak. «Jakina –gaineratu du–, sortzeko dokumentazio lana egin dugu eta ikertu dugu, baina sortu duguna erabat garaikidea da eta pertsonaiak erabili ditugu gaur egungoari buruz hitz egiteko: historia ezagutu behar dugu gure gaurko mundua ezagutzeko». Alegia, iraganean umoreaz egin den erabileraren eta komikoek jasan duten jazarpenaren gogoeta proposatzen dute, egungo adierazpen askatasunaren benetakotasunaz hausnartzeko, «antzerkiak hori ematen baitigu: egoerak muturrera eraman eta gordintasunean erakutsi ahal izatea».
Zuzeneko musika
Iraganetik urruntzeko ahalegin horretan, gainerako bi protagonistak ere, Grunbaum eta Gerron, bi emakumezkok antzeztuko dituzte, Olatz Ganboak eta Getari Etxegaraik. «Aktoreak izateaz gainera kantari bikainak dira», baloratu ditu Telleriak, eta pianoan Adrian Garcia de los Ojos ariko dela gaineratu du. Azken honek konposatu ditu obran entzungo diren hamabi kantuak, eta Telleriak jarri dizkie hitzak. «Musika ikuskizun guztian egongo da presente, gure inspirazio iturria Berlingo kabareta izan da», azaldu du.
Jantziak eta diseinua, bere aldetik, Ikerne Jimenezenak dira. Arlo honetan, argiztapenaren garrantzian jarri du azpimarra Telleriak, emozio ezberdinak irudikatzeko eta giro ezberdinak sortzeko baliatu baitute.
Izan ere, esketxetan banatu dute ikuskizuna eta, umoreak zati handia bereganatzen badu ere, horietako zenbaitetan kontakizunaren gordinak ezinbestean dramatikotasunari irekitzen dizkio ateak. Telleriak azaldu duenez, umore mota ezberdinak lantzeko eta horien gaineko gogoeta egiteko ere baliatu dute ikuskizuna, «hasi 20ko hamarkadako umore inozo eta arinetik eta azken muturreraino».
Umoreen erabilera horiek publikoa neurri batean «ezeroso» sentiaraziko dutela ere esan du: «Segur aski une batzuetan askok barre egin eta pentsatuko dute ez luketela barre egin beharko», esan du. Esate baterako, une batean publikoa Dachauko presozainen larruan jartzera gonbidatuko dute: «‘Konpainia hau saiatuko da zuek dibertitzen, zer erremedio’, esango diegu». Bigarren adibide bat ere jarri digu: Grunbaumek bere azken ekitaldia Gabon gau batean eskaini zuen. Tuberkulosiak jota zegoen erietxean eta bere kideei eskaini zien. «Horren lekukoak badaude, baten batek bizirik iraun zuen, eta gu saiatu gara hori birsortzen, imajinatu dugu nola izan zitekeen gaixotegi hartan Grunbaumek bere kideei eskaini zien azken ekitaldi hura, ze guztiz samurra eta zintzoa izango zen».
Obra, esan bezala, asteartean estreinatuko dute Bilboko Arriagan eta asteazkenean ere oholtzaratuko dute. Gaztelaniazko bertsioa 2020ko martxoan estreinatuko dute, Donostiako DFeria arte eszenikoen azokan.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
