GAUR8 - mila leiho zabalik

Natura eta zinema protagonista dituen jaialdia, Gipuzkoako zortzi herritan

Gipuzkoako Natura eta Ingurumenaren I. Jaialdiak naturarekin lotutako film ezberdinen proiekzioa eramango du herrialdeko zortzi udalerritara. Foru Aldundiak antolatuta, gertuen dagoen ingurumenarekin pertsonek duten harremanaren inguruko haustarketa bultzatu nahi duela nabarmendu du.

Deba, irudian, Gnat proiektuan parte hartzen duten zortzi udalerrietako bat da. (Gorka RUBIO/FOKU)

Apirilaren 13tik 23ra Gipuzkoako Natura eta Ingurumen Zinemaren I. Erakustaldia ospatuko da herrialdeko zortzi udalerritan. Foru Aldundiak sustatuta, «gertuen dagoen naturaren kalitatearen dibulgazioa da» helburuetako bat, «pertsonok naturarekin ditugun harremanetan sakonduz eta gizarteek naturarekin erlazionatzeko dituzten formak ezagutuz».

Ekimenak «meditaziora, errealitatearen kontzientzia hartzera, nor garen eta gure ingurunearekin nola erlazionatzen garen hausnartzera» gonbidatu nahi duela azaldu dute agintariek.

Erakustaldiak Gnat Zinema egoitza izango duten udalerritan emango ditu hasierako urratsak: Azpeitia, Deba, Donostia, Eibar, Errenteria, Oñati, Tolosa eta Zumaia.

Egoitza horietan, naturarekin lotutako hamar film proiektatuko dira: “Dehesa”, “Mountain”, “Artifishal”, “The wild Thing”, “Los Plástico”, “Out Of Plastic”, “Natura Bizia”, “The Sacred Place Were Life Begins”, “Burbunak eta Etsayak” eta “David Attenborough: Una Vida en Nuestro Planeta”.

Bideo lehiaketa

Gnat proiektuaz nabarmendu dute egitasmo irekia dela, «naturaren alde bat egin behar duela uste duen ororentzat», eta horren barruan jaio den jaialdiak «kontzientzia hartzera» gonbidatu nahi duela, zinema dibulgaziorako den tresna indartsua baliatuz.

Proiekzioez gain, Gnat Zinema proiektuaren baitan herrialdeko gazte eta helduei zuzendutako lehiaketa bat ospatuko da. Hurbilen daukagun ingurumen naturalarekin daukagun harremana islatzen duen bideo laburra grabatzea eskatzen da.