GAUR8 - mila leiho zabalik

80.000 euroko beka, Veronica Torranok EHUn gidatzen duen prostatako minbiziaren ikerketa bultzatzeko

Veronica Torrano EHUko ikerlariak Fero Fundazioaren 80.000 euroko beka jaso du prostatako minbiziaren arloan gidatzen duen ikerkuntzan sakontzeko. Tumorearen hazkundea geldiaraz dezakeen erregulatzaile baten jokabidea aztertzen ari da.

Veronica Torrano EHUko ikerlaria, irudian. (EHU)

Estatu espainolean, «talentu gazteek tumoreen ikerketan egindako lana» saritzen duen Fero Fundazioak 80.000 euroko beka eman dio Verokica Torrano EHUKo ikerlariari, prostatako minbiziari buruzko ikerketan sakontzeko.

Minbizi horri buruzko bi ikerketa dira Fero Beken XX. edizioaren protagonista nagusiak, azaldu du EAEko Unibertsitate publikoak ohar batean. Horietako bat EHUko Veronica Torranok zuzentzen duen ikerlana da, eta 80.000 euroko beka lortu du Bosch Aymerich Fundazioaren ekarpenari esker.

Maila genetiko eta biologikoan PGC1a transkripzioaren erregulatzailearen galerarekin lotutako prostatako minbizi erasotzaile batek nola jokatzen duen ulertzea da euskal ikerketa horren ardatza.

Prostatatako minbiziaren azterketarekin lotuta, deialdi honen beste beka bat Vall d´Hebron Onkologia Institutuko (VHIO) Nicolas Herranzek gidatzen duen ikerketarentzat izan da.

Klinikara azkarrago helaraztea

Oinarrizko ikerketaren emaitzak klinikara azkarrago helaraztea eta onurak pazienteengana lehenago iristea da beka horien funtsezko ezaugarrietako bat.

«Aurreko ikerketengatik badakigu onkogeneen transkripzioaren erregulatzaile honek tumorearen hazkundea geldiaraz dezakeela, bere agresibitatea murriztuz eta erantzun immune naturala emateko gaitasuna areagotuz», azaldu du Terranok burutzen duen ikerketari buruz.

Erantsi duenez, orain helburua hirukoitza izango da: «PGC1ek nola jokatzen duen ulertzea; tumore mota hori duten pazienteengan agresibitate-ezaugarriak aurkitzea, PGC1 funtzio antitumoralean oinarrituta; eta terapia berriak garatzea, onkogeneen tratamendu inhibitzaileekin batera erantzun inmune hori indartzeko».

Beken deialdi honetara 57 ikerketa-proiektu baino gehiago aurkeztu dira. Josep Baselda doktoreak 2001ean sortua, Fero Fundazioa minbiziaren aurkako ikerketa bultzatzen duen fundazio pribatu bat da.