GAUR8 - mila leiho zabalik

Sandaliak


Uda giroa iritsi da eta berarekin soinean arropa gutxiago janzteko aukera eta gogoa. Oinetakoei dagokienez, txankleta eta sandalien garaia da... batzuentzat. Izan ere, eta saiatzen naizen arren, ez dut lortzen horrelakoak jantzita eroso sentitzea. Hondartzako buelta egiteko agian juxtu-juxtu, baina gutxi gehiago.

Onartu behar dut inbidia ematen didatela hiru eguzki printza ikusi bezain laster kaletik txankletak jantzita ibiltzen diren horiek. Normalean eguzkitako betaurrekoekin osatzen da “look”-a, eta nahigabe ere zoriontasunarekin lotzen dut irudia. Agian orduantxe atera da pertsona hori dentistarenetik, edo ospitalera doa senitartekoren bat zaintzera, baina nire buruan hondartzan etzanda irudikatzen dut, itsasoari begira eta caipirinha bat edaten.

Nire esperientzia oso bestelakoa da. Txankletak jantzita hondartzara abiatu eta patuak norabidez aldatu nauen bakoitzean, hankazpiak “krixto bat” eginda amaitu izan dut. Baita behatzen bat minduta ere, koxkaren bat ikusi ez eta lurrari ostikoa jota. Alde ederreko dotorezia ikusten diet gazte askori, zola fin-fineko “hawaianak” jantzita.

Nire ezintasunaren pauso logikoa sandaliak probatzea izan zen, luzimenduan galdutakoa erosotasunean irabaziko nuelakoan, baina hor ere mirari gutxi. Oina benetan libre sentiarazten dutenek txankleten desabantaila bertsuak dituzte, eta oina benetan babesten dutenek ez dute sarri askotan “sandalia” kategorian sartzerik ere merezi.

Salomonen iragarki batean ikusia: Water Contagrip, Quicklace, EnergyCell, Sensifit... 100 eurotik gora. Everesteko trekkinga egiteko oso baliagarriak izango dira agian, baina buruan nituen hondartza, itsaso eta caipirinhetatik gehiegi urruntzea litzateke hori.

Etengabeko bilaketa horretan, azken urrats baten atarian nago, arriskatu edo ez erabakitzen: sandaliak galtzerdiekin janztea. Pentsatzen dudan bitartean betiko zapatilekin jarraitu beharko. •